2011/03/30

Zerekin dantza egin?

Badute umeek doinuekin gozatzeko gaitasuna. Ikusten dugu nola gure ingurukoek txikitatik egiten duten dantza modako famatuen kantekin, nola ikasten dituzten gustuko marrazki bizidunen abestiak, nola maite duten behin eta berriz entzutea ipuin ezagunak, nola ikasten dituzten atsegin dituzten filmen elkarrizketak... Eta guk haien gogoa elikatzeko umeentzako espresuki egindako produktuak ematen dizkiegu hori egokiena delakoan.

Behin, duela urte asko, Joxerra Garziari entzun nion, haurrei ohikoa dugun baino maila goragoko literatura eskaini behar geniela, naiz eta iruditu agian ez zutela ulertuko. Orduan, han zeuden askok ez zuten proposamena ondo hartu, ordura arteko jardunari kritika egiten zitzaiola ulertu baitzuten. Eta ideia bera beste arloetara eraman daiteke, arte plastikoetara edo musikara, adibidez. Harrezkero askotan gogoratu naiz horrekin, eskola liburuetan azaltzen diren testu egokituak irakurtzen ditudanean, batez ere. Sarritan iruditu zait errazte eta egokitze aldera egiten ditugun ekarpenekin ekoizkina lotsagarri kamusten dugula. Baina, adina kontuan ez izatea komenigarriagoa da?

Hori guztia etorri zait gogora gaur, bideo hau ikusi dudanean. Zer iruditzen zaizu zuri?

No hay comentarios:

Publicar un comentario