2009/12/30

Gabonak: hau al dira?

Oraintxe bertan, honekin topo egin dut morkots marrazkilariaren weborrian.
Hitzik ez
eranskina
Oso serio jarri naiz aurrekoan; hobeto pentsatuta, Gabonak hau ere badira!

2009/12/27

Nork sobera besarkatzen baitu, gutti hersten du

Badaude espezialistak, hau da, zientzia, jakintza-alor edo arte baten adar jakin batean adituak. Beren jakintzan sakon eta zabal jarduten dute hartaz erabat jabetzen diren arte, espezialitate horretan aritzen dira beste arlorik eta jarduerarik ia existituko ez balitz bezala, jakintza hura beren bizitzako jakinduria bihurtzen den arte. Interesgarriak dira, beti ere arlo hori zuretzat interesgarria den heinean.

Badaude jeneralistak, hau da, zientzia, jakintza-alor edo arte askoren adar askotan adituak. Arlo eta jakintza askotan zabal jarduten dute, baina ez oso sakon, espezialitate askoren artean batera edo txandatan saltoka aritzen dira jarduera bakarrean aritzea ezinezkoa balitz bezala, denetaz zerbait ikasten duten arte. Interesgarriak dira, beti ere tximeleta batek lorez-lore egiten duen hegaldia zuretzat interesgarria den heinean.


Inbidia izan diet beti espezialistei. Nire burua irudikatzen dut pianista trebeenaren gisa, arratsaldero pianoa jotzen, partitura baten esaldi baten akats niminoenak zuzentzen, perfekzio zoragarrienaz ateratzen den arte. Edo fisikako laborategi batean, jatordua ahaztuta, formula korapilatsuenetan murgilduta "eureka!" bilatzen ari nintzen hura agertu zaidala ikustean. Edo Tourreko Alpeetako etapa nagusiaren azken kilometroak egiten, indar guztia ahiturik, giharrak fin, bihotza lehertzear. Edo liburu mardul bat idazten, eguneroko konpra egin gabe astetan, azkeneko kapituloak biribiltzea baino inportanteagorik ez dagoela sentituz.


Baina ezin, bizitzaren eskakizun handi eta txikiak bete behar, eta berandu xamar da solfeo ikasten hasteko. Zer egingo diogu! Imajinatzen duzue Cervantes On Kixoteko paragrafo bat bukatu eta hurrengoa hasi artean mantala jarri eta etxekoen bazkaria prestatzen? Ez ginen bada jaioko espezialistak izateko.


Hau da hau! Zenbat lan hainbeste egunetan ezer idatzi gabe pasa naizela justifikatzeko!


2009/12/17

Eskola 2.0: armairutxoak jarri dizkigute


Ordenagailu eramangarriak gordetzeko eta kargatzeko armairu berezi batzuk instalatu dizkigute 5. mailako hiru geletan. Armairuek gurpilak dituzte, baina hornitzaileek egokiago ikusi dute paretan josita uztea, seguruago omen da. Ordenagailu guztiak batera ez kargatzeko, lau fasetan egingo da eta hori diferentzial baten bidez egingo da. Aparatuak ondo funtziona dezan entxufatuta egon behar du beti, eta hara hemen lehenengo arazoa: eramangarriak gehiegi ez berotzeko bentiladore pare bat daude, tenperatura gora egitean sekulako zarata ateratzen dutenak. Hori bakarrik falta zen eskola garaian! Entxufea ateratzeko beste erremediorik ez dugu izango klase eman nahi badugu.

Armairuak iristearekin bat, bilera batera deitu digute Eskola 2.0-ko arduradunek. Hitz eder asko, baina oso susmo txarra: ez dute interneteko konexioaren banda zabaltzeko konpromezurik hartu.
Hori disgustua! Gure eskolan, 69 ordenagailu eramangarri izango dugu web 2.0-n aritzeko, interneten, alegia. Horretaz gain, goiko eraikinean, 42 ordenagailu mugiezin ditugu, horiek ere interneten erabiltzeko, jakina. Zenbait unetan, 111 ordenagailu batera izango ditugu konektatuta sarean, sarean? barregurea ematen du. Mega bat besterik ez dauka kontratatuta Hezkuntza Departamentuak guretzako, eta ni neurtzen hasi naizenetik ez du inoiz 400 kbp-tik pasa.

Konexio egoki bat jartzen ez badigute, lasai-lasai egongo dira eramangarri polit horiek armairutxo ederrean sartuta; noizean behin zertxobait freskatzeko atera eta kitto!

2009/12/14

Ajea


Batzutan jeikitzen zara eta iruditzen zaizu dena atzeraka doala. Bukatu dira Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko ekintzak, bukatu da Durangoko azoka, bukatu da ere bertsolari txapelketa eta horrekin batera doazen emozioa eta jakinmina, bukatzen ari da hiruhilekoa eta ebaluazioaren bukaerako euskarazko lanak zuzentzen dituzunean, badirudi ikasturte hasi zenetik ezer ez dutela aurreratu... Eta halako batean, Zuzeu.com-en irakurri duzu badok.info euskal kantagintzaren atari digitala sortu dela eta hasi zara saltseatzen eta aurkitu duzu Mixel Labegerie-ren "Aurtxo-aurtxoa" eta musika martxan jarri denean itxi dituzu begiak eta gogoratu duzu aitak izkutuan gordetzen zuen diska hura, azalean ikurriña gitarratik zintzilik, eta euskaraz ulertzen ez zenuen garaian erreberentziazko misterioz entzuten zenuena berriz aditzean, sentitu duzu dena ez dela bukatu, ez dela oraindik bukatu.


2009/12/02

Euskararen Nazioarteko Egunean hainbat ekintza

Aste berezia da hau euskara sustatu nahi dugun guztiontzat. Erakunde askok antolatu dituzte ekintzak eta aukeratzea zaila da; are gehiago ebaluazio lanetan murgilduta gauden irakasleontzat. Hara hemen horietako batzuk:

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak antolatuta: mintzodromoa eta kontzertua abenduaren 3an bertan; eta Gazteak zinemara! abenduaren 1etik 4ra, 9an eta 11.



EHUko Bizkaiko kanpusean antolatu dituzte ere ekitaldiak: ipuin kontaketa eta bertso bazkaria.

Durangoko azokan, berriz, abenduaren 5etik 7ra ahotsenea eta honekin batera beste asko.

Eta sarean ere baditugu: Klik egiozu euskarari, Eusko Ikaskuntzak martxan jarria eta Hitz-katea Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, EuskalJakintzakoek sortua, esate baterako.

Eta Euskal Herriko herri askotan baita ere. Ospa dezagun euskara bizirik dagoela eta zaindu dezagun, egunero eta esparru guztietan erabiliz.

Ñabarduren garrantzia


Interesgarria da komunikabideek nola eragiten diguten aztertzea. "Esan zer jaten duzun, esango dizut zer zaren" esan ohi den bezala, "Esan zer irakurtzen-entzuten duzun, esango dizut zer pentsatzen duzun" esan genezake askotan. Gero eta argiago ikusten da hedabideetako edukietan ezer ez dela nahi gabe egiten. Argitaratzen diren albisteak, argitara ematen ez direnak, gordetzen direnak, erabiltzen diren hitzak eta generoa, nola erabiltzen diren, testu batean esaten dena eta esaten ez dena, esaten den horren ordena... guztia kontrolatu nahi da. Guztiak baitu jasoko duenarengan eragina. Eta zenbait eta sotilago, are eraginkorrago.

Hori banekielako ez naiz batere harritu gaur Euskadi Irratian, igandean Leitzan gertatutakoaz eginiko salaketaz ari zirenean, "Leitzako Pello Zabalo alkateak" beharrean "Leitzako Pello Zabalo, ANVren izenean aurkeztu zen alkateak" entzun dudanean. Itxura denez, ez da kategoria bera. Ñabarduren garrantzia!

2009/11/18

Mundua 2012an bukatuko balitz

Mundua 2012an bukatuko dela iragartzen du maien egutegiak. Lehenbiziko aldiz entzuterakoan, ezagutu dituzun beste iragarpen horietako bat dela pentsa dezakezu. Baina han eta hemen irakurtzen hasten bazara, argudio asko aurkituko dituzu behin betiko amaieraren ideia indartzeko.

Ez nuen espero, baina mundua bukatzear zegoela jakingo banu zer egingo nuen pentsatzen ibili naiz egun hauetan eta, konturatu orduko, horretaz jardun dugu lagun artean. Era guztietako proposamenak entzun ditut. Ezagun gehienek azken hilabeteetan ahal den gehien aprobetxatuko luketela esan didate: aurrezkia edo kredituaz baliatuz, aspalditik egin nahi duten bidai zoragarri hori egingo, adibidez. Bada tentagarria! Beste batzuek lana utzi eta, patxadaz, gustuko zaletasunak gozatzeko denbora hartuko lutekela garbi daukate: kirola, mendia, ibilaldiak, irakurri, musika jo, sortze-lanak... Badira ere orain arteko bizimoduarekin jarraitzekoaren aldekoak, hori baita aukeratu dutena; zer esango dut nik, horrelako heldutasunera iritsi dira batzuk.

Zalantzan ibili naiz, ametsetako bidai hori buruan bueltaka. Azkenean, aukera zintzoena azken egunak maite ditudanekin eta maite dudan herrian pasatzea izango litzatekela erabaki dudanean, nolabaiteko egonezina sortu zait ustekabean: EITBn Patxi Lopez munduaren akaberako diskurtsoa ematen irudikatu dut; posible al da! bizitza osoa nazionalistak boterean eta Lopezekin bukatu behar mundua!


2009/11/14

Euskara: nola aurre egin erasoei


Hautsak harrotu ditu Isabel Zelaak eskolaz eta euskaraz esandakoak. Kopeta behar da horrelakoak gorritu gabe esateko, jakinda -seguru dakien bezala- zein den euskararen eta gazteleraren egoera erreala eta jakinda ere bi hizkuntzak parekatzeko modu bakarra diglosian gutxitua dena bereziki sustatzea eta mimatzea dela. Badaki hori guztia sailburuak, baina nik esango nuke euskara bere aurrean desagertzen ikusiko balu ere, ez lukela izango inongo bihotzeko minik.

Zuzeun gai honi buruz Galder Gonzalezek idatzitako artikuluaren iruzkinetan Zelaaren garaia ere pasatuko zela eta pasatzen denean, betiko maixu-maistra serio profesional eta euskaldunen esku geratuko zela gure neska-mutilen heziketa esan nuen.Baina ez da guztiz egia. Ez da egia irakasleen eskuetan dagoela dena, eta ez da egia ere irakasle guztiak euskaldunak direla edo izan nahi dutela. Denok dakigu, gainera, oso zaila dela administrazioaren laguntzarik gabe aurrera egitea euskararen sustatze lanean. Bestalde, ez gara denboran oso urrutira joan behar, “piska bat es mucho” nahikoa zela gogoratzeko. Eta orain gaztelania euskararen mailara iristeko ahalegina egin behar omen dugu.

Ez dakit zenbat ahal izango dugun, baina nik lehenagotik erabaki nuena egiten jarraituko dut eta horretan pelma izateak ez dit lotsarik emango: esparru guztietan euskaraz hitz egiten tematuko naiz. Egingo al dugu?

2009/11/10

Eskola 2.0: egoeraren azterketa

Gustatu zait Ana Perez eta Josean Bueno irakasleek, eskola 2.0 izeneko prozesua dela eta, Hezkuntza Departamentuaren funtzionamenduaz egiten duten azterketa. Berrian argitaratu zuten duela hamar egun eta orain egokitu zait irakurtzea. Artikuluak ondo esplikatzen du irakasleak bizitzen ari garen egoera. Ez dio blog honi berririk ekartzen, baina aurreko sarrera askotan egindako azterketa laburbiltzen du eta interesgarria izan daiteke, batez ere kanpotik ikusten dutenentzat.

2009/11/01

Hipatia, noizbait ikasiko ahal dugu!

Atzo Amenabarren Agora filma ikusi nuen eta gaur jeiki naizenetik filmak ekarritako gaiak darabilzkit buruan.

Hasteko, fanatismoaz pentsatu dut, garai hartako eta gaur eguneko fanatismoaz (kolore bateko edo bestekoa izan, berdin du); eta agintea lortu edota mantendu nahi dutenek taldearen fanatismorako joera sustatzeko erabiltzen dituzten trikimailuetaz.

Ondoren, jakin-minaz hausnartu dut, Hipatiaren jakin-minaz. Pelikulako protagonistaren kasuan ez da kuriositatea, jakin-mina baizik. Kategoria diferentea dute hitz hauek, kuriositatea bortitza edo arina izan daiteke eta bietan da kuriositate. Jakin-minak, berriz, bere izenean darama sentipenaren intentsitatea, jakiteko mina, beharra, desioa. Horixe dario, hain zuzen, pelikulako protagonistari.

Beste gogoeta bat ere piztu zait. Itxarotearen ekintzaz pentsatu dut luze. "Zain egon" eta "itxaron" hitzen artean diferentzia dagoela uste dut nik. Zain egoteak ez dauka "espero izatea"-ren zama bere baitan, eta itxaroteak bai, ordea. Zerbait deskubritzearen atzetik dagoenak emaitza espero du, kasu batzuetan emaitza jakin bat, besteetan erantzuna ekarriko dion emaitza. Bi kasuetan gertatuko denarekiko antsia dago. Zain egoteak, berriz, ez dakar berarekin etorriko denarekiko atxikimendurik, eta edozer onartzeko libertatea ematen du. Hipatiak denbora hartzen du erantzuna ez dakienean, eta gehienetan itxaroten badu ere, zain egoteko gaitasuna erakusten digu beste batzuetan.

Geroago, "agora hipatia" idatzi dut Googlen filmaren protagonisten izenak gogoratu nahi nituelako, eta zer eta betiko eztabaida eta ideia topikoekin egin dut topo: pelikula ateismoaren apologia ote den, kristauak iraintzekoa egin omen du Amenabarrek, bere kristau-fobiaren ondorioa dela ... beti bezala, defentsiban jarrita, beti bezala, nork bere burua zalantzan jartzeko gaitasunik ez.

Zein gutxi aldatu garen hamasei mendetan!!

2009/10/27

Eskola 2.0: zer da benetan?

Eskola 2.0 zer den adierazten duen aurkezpen hau aurkitu nuen uda honetan eta intesgarria iruditu zitzaidan. Gorde nuen euskarara itzultzeko, baina daukan formatoak itzulpen zuzena galarazten du. Horregatik dagoen bezala jartzea erabaki dut. Adierazgarria da eta, gainera, agerian uzten du maiatzetik hona gai horretaz komunikabide gehienek hitz egin dutenak ez duela zerikusi handirik Eskola 2.0-rekin


View more documents from xarxagavaeduca.

2009/10/25

Eskola 2.0: ordenagailuak

Informatikako gauzetan aditua den lagun batek ikusi eta esku artean eduki ditu 5. mailara datozen ordenagailuak; inpresio txarra hartu du. Materiale merkeenekin eginak direla dio. Edozein netbooka baino dexente lodiagoak eta astunagoak omen dira. Haien kalitatea kontuan izanik egin dituen iragarpenek kezkatu naute. Une batean sentitu dut hobe izango zela eskolara iritsiko ez balira, zeren behin etorrita eta lanean hasita, oso frustantea izan baitaiteke arazo bat bestearen atzetik izatea. Gero pentsatu dut nahiago dudala iratxopenaz itxaron aurrez porrota iguriki baino.

Zergatik izango da ahalegina behin eta berriz eginda ere, ezin naizela fidatu?

2009/10/19

Izena aldatu diot blogari

Izena aldatu diot blogari. Agian ez da egokiena. Akaso hori da inoiz egin beharko ez litzatekeena. Baina egin dut. Eta oso lasai geratu naiz egin ondoren. Nire-nirea delako. Eta munduan ditudan milaka irakurleek aldaketa ulertuko dutela badakidalako. Ulertzea kostatuko zaien gutxi horientzako, lagungarri izan daiteke eskuineko zutabean "zertarako blog hau" atalean jartzen duena irakurtzea (sarrera honetako bukaerako kanta entzuteak ere lagundu dezake).



2009/10/15

Kirmen Uriberenak ez nau harritu


Ez dut irakurri Bilbao New York, Kirmen Uriberen nobela, baina gertu gordeta daukat "Bitartean heldu eskutik" poemarioa. Nobela poema liburuaren neurrikoa bada, ez nau harritzen saria irabazteak.

Beste gauza batek ere ez nau harritu: hedabide batzuek egin duten Patxi Lopezen aipamena. Zenbait egunkarientzat ez dakit zer izan den aipagarriago, Kirmen Uribek lortutakoa ala Patxi lopezek lehengo maiatzean gure poeta irakurri izana. El Correok, Diario Vascok eta ABCk albiste bera argitaratu dute eta bertan Patxi Lopez aipatzen dute, berandu baino lehen bigarren pasartean. El Paisek beste modu batean antolatzen du artikulua, baina testuaren lehenengo paragrafoan azaltzen da Lopez jauna. La Razonek lehenengoan jartzen du.

Ez nau harritu ere ez beste komunikabide batzuetan horrelakorik ez azaltzeak, askori gogora etorriko bazitzaion ere.

Bada, ordea, harritu nauen zerbait, edo zehatzago esateko, bada zerbait atentzioa eman didana: idazle sarituari egin zaizkion elkarrizketetan, bere aurretik sari bera jaso zuten Atxaga eta Elorriaga euskal idazleak gogoratu zaizkionean, Uribek erraz hartu du beretzat Atxagarena eta Obabakoena, baina ez du Elorriagaren aipamenik egin. Nahi gabe izango zen?

2009/10/09

Hau bestelakoa da

Marratzen (Elhuyarren, rayar=marratu) ari naizela konturatu naiz: azkeneko hiru sarrerak gaiaz aldatu gabe, eskola gora eta ordenagailuak bera. Hilabete lanean eta monokromatikoa bihurtuta, hau disgustua!

Baina urriaren 9an, aldarterik onenean, begi-keinu hau urrutira iristea nahi dut; zuretzat, guapo, ezetz dantzan hasi!

24 urte zorionez!! Horrela izan dadila beti

2009/10/08

Batean kale, bestean bale

Gaur bertan erakutsi dituzte Muskizko hiru ikastetxetan, ikasturte honetan 5. mailakoentzat etorriko zaizkigun miniordenagailuak.

Departamentuak antolatu duen formakuntza aztertzerakoan ez naiz baikor azaldu, eta esandakoari eusten diot. Baina materialari eta softwareari dagokionez, ematen du lizitazioa egin zenean baino egokiago izango dela. Ordenagailuek abiatze bikoitza daukate, eta Ubunturekin jarriko dira martxan, euskaraz. Ofimatikarako, OpenOffice erabiliko dute eta irudiak editatzeko GIMP. Ordenagailuekin batera armariotxoa eta gelarako arbel digitala ere aurkeztu dute. Sustatuko lagunak bertan izan dira eta informazio guztia jaso dute.


Batzutan kale, bestean bale

2009/10/07

Eskola 2.0: prozesua martxan


5. mailarako ordenadoreak eta software librea artikuluan agindu bezala, kontatzen hasteko moduan nago, Eskola 2.0 proiektua hasi baita eskoletan.

Iraila hasieran, galdera honekin bukatu nuen "post" hura: "Ordenagailuak... etortzen direnerako, izango ditugu eskolan entxufeak, indar elektrikoa egokia, eramangarriak gordetzeko eta mugitzeko altzairuak, internet-konexio egokia, wifia, eskolako intranetarako laguntza, zaindu eta mantentze lanak egingo dituen profesionala edo barruko irakasle batek behar dituen orduak, lan egiteko baliabide didaktikoak eta irakasleok beharko dugun formakuntza?

Formakuntza proposamena iritsi zaigu: 5. mailako irakasleek (tutoreak, ingeleseko espezialista, PT-a eta IKT koordinatzailea) astean bi ordutan klaseak utzi eta berritzegunetan ikastaroa egitea da eskaintzen zaiguna. Astean bi ordutan beste irakasleren batek eman beharko du tutore horri dagokion arloa, eta hiru lerrotako eskola batean (6 irakasle bina ordu), 12 klase ordu eskolako beste irakasleen esku geratuko dira. 12 ordu jornada lektibo erdia da, beraz Departamentuak gauzak ondo egin izan balitu irakasle erdia jarri beharko zuen eskola handitan eta herena txikietan, ordu horiek txukun ordezkatzeko, EAEn guztira 150 irakasle gutxi gorabehera. Baina ez dute inor bidaliko. Beraz:

* formakuntzaren kostua eskolarentzat:

  1. ikasleentzat, irakasle dantza ikasturte osoan
  2. irakaslentzat, lan pertsonalerako ordu erabilgarriak zuloak betetzeko xahutzea ahal den moduz
  3. zuzendaritza taldeenzat, puzzlea ezin osatu ibiltzea ikasturte hasieratik bukaera arte
* formakuntzaren kostua Hezkuntza Departamentuarentzat: 0 €.

Horrela edonork egiten du "Eskola 2.0" plan bat.

2009/10/05

Eskola 2.0-n software librea

Software librearen gaiak luzerako ematen du. Zaila egiten zait neurtzea gaia berez noraino iristen den, eta nondik hasten diren gaiaren inguruko beste interesak (komertzialak, profesionalak, politikoak, pertsonalak...). Baina hori alde batera utzita, interesgarria iruditzen zaizkit horren inguruan ematen ari diren zenbait urrats. Lehengo larunbatean, bilera bat egin zen Eskola 2.0-n software librearen erabilera sustatzeko eta wiki bat ireki dute (gaztelaniaz, hori bai) proposamenak biltzen joateko. Aztertzen dudanean komentatzen joango naiz. Eta euskarara itzultzen?!

2009/09/28

Hausnarketa-ildoak

Berriz lanean hasi naizenez, pentsatzeko denbora gutxi daukat orain. Aitortu behar dut gauza serioak mantso egiten ditudala eta gogoeta egiten dudanean ere, ondorioak ateratzea kostatzen zaidala. Eta horregatik, eta denbora gutxiago dudalako, hausnarketa batzuk hasita ditut baina ezin burutu.


Hasita eta bidean ditudan gogoeta horiek hitz dotore moderno horietako batekin izendatu nahi izanez gero, nire hausnarketa-ildoak direla esan nezake.

Esate baterako, ordu batzuk eman ditut era guztietako beldurrek murrizten dizkiguten aukeren inguruan, oraindik gaiaren txostenean ia ezer aurreratu gabe. Eta baita ere laguntza eskale eta ez-eskale direnen arteko diferentziak eta diferentziaren arrazoiei buruz.

Buruan bueltaka darabilkidan beste arlo bat eguneroko erasoen pertzepzioarena da. Zer dela eta jokabide erasokorrak dituzten asko ez dira
konturatzen egiten dutenaz eta erasoa pairatzen dutenak, berriz, -dagokien bakea eskatzen dutenean- hain gaizki ikusita daude? Adibidez, zergatik zarata ateratzen duten bizilagun zalapartatsuek, tokirik bakeosoenean mugikorratik garrasika hitz egiten dutenek, okindegiaren errenkadan bere poltsa hankartean sartzen dizutenek, autobusean eserita zaudela ukondoa belarritik pasatzen dizutenek hain gaizki begiratzen zaituzte zure espazioa erreklamatzen duzunean? Esan dezaket hausnarketa-ildo hau historikoa dela nigan.

Ume nintzela, aitak esaten zidan auzoko euli guztiak ezagutzen nituela hain zen handia zeruari (gertuko zeruari, sapaiari, alegia) begira egoteko neukan joera. Ez zekien hark horrelako burutazio interesgarrien atarian nengoela orduan. Harro egongo zen nitaz horixe jakingo balu.

Ez esan inori, baina konfesatuko dizuet zein den azken egunetan gogoetaren denbora gehien hartu didan hausnarketa-ildoa: zergatik emakume askok, batez ere gaineko eta azpiko solairuan bizi direnek, erakargarriago sentitzen diren takoiak jantzita.

2009/09/26

Eskola 2.0?

Egin ditut hiru aste eskolan. Klaseak emateaz gain, ordenagailuak txukundu, aurreko ikasturteko zaborra kendu, aprobetxatu daitekeena gorde, aurtengoa nola antolatuko dugun erabaki, ordenatu, martxan jarri... eta horretan nabilelarik, interneten sartzen naizen bakoitzean kof-kof! jarritako lan erritmoa pikutara joaten zait, Hezkuntza Departamentuak Euskaltelekin guretzako kontratatuta daukan mega 68 kbp-etan gelditzen zaigu eta. Beno, batzuetan zortea izaten dugu eta 129 kbp-etara iristen da. Nik nahi nuke ikasleekin web 2.0-ko jarduerak hasi, baina behin sartu naiz guztiekin batera webean eta damututa atera nintzen infogelatik.

Orain pentsatzen ari naiz berrikuntzaren bat sartu ahal izateko horrelako zerbait egiten hasi beharko dudala. Zer iruditzen?


2009/09/17

Ondotik joaten direnean



Image and video hosting by TinyPic

Image and video hosting by TinyPic 

Lapitzak artistaren eskuan artistaren gogoa gainditzen duen bezala,
horrela gainditzen du bizitzak guk dibujatzen duguna.

2009/09/15

Jai ondoko alferra


Hasi dugu ikasturtea. Urtero bezala garai honetan. Gu aurreko irailan baino urtebete zaharrago gara. Eskolan zeuden ikasleak urtebete zahartu dira, baina eskolak dituen ikasleak ez dira zaharrago, gazteenek bi urte dituzte, zaharrenek hamabi, urtero bezala. Lanean hasi ginenean, duela urte asko, hemezorzi urteko aldea genuen txikienekin, bederatzi urte zaharrenekin. Orduan izeba-osaba gazteak edo neba-arreba zaharrak bezala sentituko gintuzten. Orain, gutako askok berrogeita hamarreko aldea dugu gazteenekin eta berrogei inguru zaharrenekin. Nola ikusten gaituzte? Ez galdetzea hobe!

2009/09/10

Irakasle-lana

Irakaskuntza eta hezkuntza eta gizartea nola aldatu diren, eta gizarteak eskolari eskatzen ziona lehen, eta orain eskatzen diona, eta irakasleok nola sentitzen dugun hori dena idazten hasia nengoen, eta... Anjel Lertxundik blogean idatzitako Irakasleak artikuluarekin topo egin dut. Berak du hitza.

2009/09/02

5. mailarako ordenadoreen eta software librearen inguruan

Interesgarria Sustatuk gai honetaz egin duen laburpena eta jarritako lotura guztiak gauzak nondik nora ibili diren ikusteko. Garrantzitsua da prozesua nola izan den gogoratzea, ordenagailuak iristen zaizkigunean agindutako guztia betetzen den egiaztatzeko. Nik, administrazioaren ohiko jokaera ezagututa, eta sozialistek orain arte erakutsi dutenagatik, zalantza asko ditut.

Adibidez, demagun abiatze bikoitzarena betetzen dela. Horrek esan nahi du software librea instalatuta etorriko dela Windowsekin batera? edo eskola bakoitzean egin beharko ditugu instalazioak... Gogoan izan ordenagailu pila bat etorriko zaigula, gurean (Antiguako Jakintzan) 69 daude aurreikusita. Kalkulatzen badugu IKTko irakasleak astean 7 ordu dituela sarean dauden ordenagailu mugiezinak eta sarea bera zaintzeko eta IKTen esparruan sortzen diren gora behera guztiak kudeatzeko, zenbat hilabete beharko dira 69 ordenagailu horietan beharrezko instalazioak egiteko?

Suposa dezagun horrela dela eta ordenagailu bakoitza bi sistema eta beste programekin datorrela. Etorriko da horiekin batera haiekin lan egiteko behar den guztia? Etortzen direnerako, izango ditugu eskolan entxufeak, indar elektrikoa egokia, eramangarriak gordetzeko eta mugitzeko altzairuak, internet-konexio egokia, wifia, eskolako intranetarako laguntza, zaindu eta mantentze lanak egingo dituen profesionala edo barruko irakasle batek behar dituen orduak, lan egiteko baliabide didaktikoak eta irakasleok beharko dugun formakuntza?

Kontatuko dizuet.

2009/08/31

Heziketa denen ahotan. Denen ardura?

Lanera bueltatzeko bezperan, bihartik aurrera etorriko zaigunaz pentsatzen hasten naiz nahi gabe. Kezka uxatu nahian, nire buruari esaten diot gaurko eguna aprobetxatu behar dudala "bizi gaitezen orain, orainean, utz dezagun alde batera biharkoa, etorriko zaigu-eta dagokionean". Baina, ahaztea lortu dudala uste dudanean, berriz etortzen zait gogora ikasturte berria. Ez da lan makala tokatzen zaiguna. Ia uda osoan entzuten jardun dugu hezitzaileok egin behar duguna. Entzun genion Ricardo Blazquezi zein hezkuntza ote den terroristen belaunaldien arteko erreleboa bermatzen duena galdezka, eta eskolak egin behar duenaz mintzatzen. Entzun genion Bernardo Atxagari ere, herioatzaren inguruko heziketa gomendatzen. Entzun diogu duela gutxi Bernabe Tiernori, EHUko udako ikastaroetan, erlajazioa eta meditazioa irakatsi beharko genukeela ikasleen zoriona eta oreka lortzeko. Ez dira egun asko pasatzen adituren batek gure haur eta gazteen heziketaz adierazpenak egin gabe. Baina, ez zaizue iruditzen eskola dela, hain zuzen, aho guztiek aldarrikatzen eta eskatzen dituzten balioak lantzen dituen erakunde bakarra? Begira dezagun kalea, begiratu inguru gertukoa eta urrutiagoa, entzun dezagun helduen arteko elkarrizketetan azaltzen diren interesak eta lehentasunak, begira ditzagun telebista gehienek eskaintzen dizkiguten irudiak, iragarki zein programetan, begira dezagun… eta azter dezagun zer den haur eta gazteen heziketan gehien eragiten duena. Ematen du gizarte osoa kezkatzen dela balioen gaiarekin, baina oso bakarrik sentitzen gara maisu-maistrak ahalegin horretan. Ordu batzuk pasa ditut kezka burutik ezin kendu. Ardura handia da irakasleok daukaguna. Baina halako batean lasaitu naiz. Bejoindeigula! Isabel Zelaak 5. mailako ikasleentzat bidaliko dizkigun ordenagailuekin lortuko dugu!

2009/08/27

Software librearen alde

Ordiziako Jakintza ikastolak emandako aurrerapausoa aipatzekoa da. Duela urte batzuetatik IKTen esparruan aintzindari dira, eta oraingoan ere horrela izan da: software askearen aldeko apostu erabatekoa egin dute, eta hemendik aurrera Windows alde batera utzita, Gnu-Linux oinarria duen Ubuntu izango da ikastetxeko ordenagailuetako sistema eragilea. Erabaki horrekin batera Windows-ekin erabili daitezkeen software libreko aplikazio garrantzitsuenen gida jarri dute ikastolako webgunean. Hor azaltzen diren aplikazio asko aipatu izan ditut lehenago eta blog honetako baliabideen artean aurki ditzakezue. Beste batzuk, ordea, frogatzeko ditut, eta ezagutzen ditudan heinean, linkak jartzen joango naiz.

2009/08/25

Zahartzarotik jaiotzara

Azkeneko sarreran irakurritako erantzun batek pentsa arazi dit oporretakodenborapasa gaia ez ote den astunegia bihurtzen ari. Zahartzaroa astuna da, bai horixe, urteek pisurik ez dutela esaten diguten arren. Askoz arinago da, ordea, Frantziako atzoko prentsan argitaratu zen gaia: jaioberriena, hain zuzen. Egunkari frantziarrek aho batez aldarrikatu zuten une honetan bertan duten jaiotza-tasa Europako handiena dela: "Avec un taux record de près de 2,07 enfants par femme, la France assure maintenant le renouvellement de ses générations, comme jamais depuis trente ans". "Les Français (…) prouvent ainsi leur capacité à se projeter positivement dans l’avenir, malgré un contexte de crise" Agintarien adierazpen triunfalistak alde batera utzita, hausnarketara ekartzen du gai honek. Batez ere mugaren alde honetan gertatzen denarekin konparatzen badugu. Uda hasieran Ane Bustinduik EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan esandakoaren harian «Ez gaude nahikoa jende kotizazioari eusteko» Atzokoan ez nuen hori aipatu, baina zaila izan behar du elegante zahartzea xoxik gabe poltsikoan. Nork dio Baionan ez ote naizen erroldatuko jubilatu baino lehen?

2009/08/24

Zahartzearen gogoetarekin jarraitzeko



Elegantziaz zahartu sarreraren jarraipena. Bestearen atzetik irakurri behar da.



Arestian idatzi nuen elegantziaz zahartzeko egin zitekeenaz, eta ezin kontua bukatutzat eman gogoeta gehiago ekarri gabe. Badakit gaia luzea izan daitekela, liburu baterako ere emango luke horretan jarriz gero, eta zahartu arte idazten jardun beharko nuke agian, oso poliki egiten baitut. Horregatik, sakontzearena adituentzat utzita, hasitakoarekin labur jarraituko dut.

Egin behar ez direnak apuntatzearena eta ohitura onak sendotzearen ekintzak erabat baztertu gabe, hirugarren bidea jorratzearena ikusten dut egokiena. Baina, aurretik nire buruari galdetu beharrean nago. Zer da elegantziaz zahartzea? Elegantziaz bizitzearen ondorioa, akaso? Hasi beharko nuke definitzen zer den elegantziaz bizitzea? Honek ere luze joko luke.

Ez dut uste zahartzaroan gure ohiko jarrerak erraz aldatu ditzakegunik, bapateko transformazio miragarri bat ematen ez bada behintzak. Beraz, hilkor xumeontzat, niretzat, elegantziaz zahartzea koherentziaz zahartzea izango litzateke. Ordura arte izan dugun bizitzarekin bat datorren bizitza, alegia. Besteei entzuten jakin badugu, gauza berriekiko jakinmina izan badugu, egoera berriei adaptatzeko gai izan bagara, gure gorputza eten gabe zahartzeak dakarrena onartzen badugu, beldurrari aurrez aurre begiratzen badiogu... une honetan dugun edadean orainean presente baldin bagaude, eta hori guztia azalekoa izan beharrean bihotz barnean gertatzen bada, baliteke zahartzean ere horrela izatea. Amen

Ezer ez dago bermatuta, hala ere.

2009/08/20

Chagrin d´école

Liburu eder bat irakurri dut: Daniel Pennac-en azken liburua, "Chagrin d´école". Gustura irakurri nuen duela zortzi bat urte "Comme un roman". Harekin adina disfrutatu dut orain. Izenburuak jatorrizkoan jarri ditut, frantzesez, baina gaztelaniaz irakurri behar izan dut nik, alegia, "Mal de escuela". Hasieratik harrapatu nau liburuak. Idatzita dagoen eragatik eta liburu beraren sarrerako epilogoagatik: Daniel Pennac ikasle txarra izan zen, kalamidade bat, eta oraindik gaur egun ezin du bere ama zaharrak semearen kezka gainetik kendu: "Noizbait lortuko duela uste duzu?". Kapitulu laburretan antolatuta, bere esperientziatik kontatuta, umorez serio idatzita, samurtasunez gordin jaulkita, sakontasunez arin azalduta... irribarrea sortzen du bihotzean. Eskolaren inguruan azterketa garrantzitsuak egiten ditu Pennac-ek: "Masa-kontsumoa eskolara oldarka sartu zenean, umeak eta gurasoak bezero eta kontsumitzaile bilakatu ziren. Eta eskolak ez du ezer saltzeko. Jakintza ematen du, beharrezkoa den zerbait, baina gutxitan desiratzen dena". Edota "Eskola biolentzia guztien lekua da. Irakastea biolentoa da, bestea behartzea da. Ekintza iniziatiko oro biolentoa da!" Interesgarria irakasleontzat, batez ere orain, eskolara bueltatzeko gertu gaudenean eta irakasteko eta hezitzeko indarberrituta itzuli behar dugunean. Interesgarria gurasoentzat, beti ere barrura begira irakurtzeko gai badira/bagara. Eta interesgarria hezkuntzaren diseinua egiten dutenentzat, berrikuntza guztietan ikasi arazten dizkiguten hitz potolo berri horiek irakasle ona izateko zein inportantzi txikia duten kontura daitezen.

2009/08/17

LHrako ordenagailuek bi sistema eragile (eranskinarekin)

Azkeneko albistea izan da: ikastetxeetara datozen ordenagailuek Windows XP instalatuta ekarriko dute, baina sistema librearekin erabili ahal izango ditugu. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak argitu du abiatze bikoitza izango dutela gailuek.

Software librea erabili ahal izango dugu ordenagailu horietan, baina hori ikastetxe bakoitzak erabaki beharko du. Eusko Jaurlaritzak dagoeneko erabaki du: 2.200.000 euro (gutxienez) ordainduko dizkio Microsoft-i, Windows eta Office paketeen truke.

Gehiago jakiteko berrian irakurri dezakezu.

eranskina
Gai honi buruz argibide batzuk aurkitu ditut Sustatun. Oso interesgarriak. Ezingo nuke garbiago azaldu.

2009/08/10

Ordenagailuak horrela eta orain?

Maiatzaren 12an iragarri zuen Jose Luis Rodriguez Zapaterok, "Escuela 2.0" planaren barruan, ordenagailuen kontu hau. Garai hartan ere autoa erosteko laguntzak eman ziren, kontsumoa bultzatzeko helburuarekin, eta mota bereko neurria ote den aipatu izan da askotan.

Ondoren, Isabel Zelaak berretsi zuen albistea: EAEk Zapateroren erabakiarekin bat egingo zuen. Kargua hartu eta hiru astera. "begira nola berritzen den hezkuntza orain sozialistek hartu dugunean...".

Eta beldur naiz hartutako neurri hori horretan soilik geratzea. Susmoa dut dagozkigun 69 ordenagailu horiekin batera, ez dela etorriko haiek martxan jartzeko behar den azpiegitura teknikoa (entxufeak, indar elektrikoa egokitzea, gordetzeko eta mugitzeko altzairuak...). Ezta azpiegitura teknologikoa ere (internet-konexio egokia, eskolako intranetarako laguntza...). Are gutxiago ordenagailuak kudeatzeko baliabideak (zaindu eta mantentze-lanak egingo dituen profesionala edo barruko irakasle batena ahalbideratzea...). Eta zer esanik ez, ordenagailu horiekin lan egiteko baliabide didaktikoak eta irakasleok beharko dugun formakuntza.

Iruditzen zait gure agintariek neurria aldarrikatzean lortu duten publizitatearekin nahikoa dutela; alegia, horretako erabaki dutela horrela eta orain.

Asko poztuko nintzateke horrela ez balitz. Zain nago.

2009/08/08

LH5. mailakoentzat ordenadore bana

Gustura nengoen bada baserriko isiltasunean murgilduta... baina akabo giroa! Hezkuntza Sailak lehiaketara atera berri du 20.000 miniordenagailuen erosketa. Irailaren 8an bukatzen da aurkezteko epea. Hauteskunde garaian Patxi Lopezek egin zuen software librearen aldeko aldarrikapena ezer-ezean geratu da, ordenadoreak derrigorrez Microsoft Windows eramango dute eta. Txukun adierazi ditu datu guztiak Sustatuk, Windowspekoak LH5 ikasleentzako miniordenagailuak albistean.


Hori da hiru aste barru hasiko den ikasturtean datorkiguna: 5. mailako ikasle bakoitzeko (edo bakoitzarentat?) netbook bat. Azken hilabete hauetan han eta hemen irakurri dut dezente gai horretaz eta proposamen gutxi ikusi ditut. Horregatik, piskanaka joango naiz gaia jorratzen, alderdi asko ikusten baitizkiot. Lehenengoz, hausnarketa: zer lortu nahi dute agintariek erabaki horreekin? zergatik etorri zaigu kontu hau horrela eta orain?

2009/08/03

Igartubeiti, zoaz eta aditu

Opor masiboen garaian etxetik urrun bilatzen ditugu ikustekoak, baina urrutira joan gabe, Gipuzkoa txikiaren bihotzean, museo hunkigarri bat dago: Igartubeiti Baserri Museoa. Urrian, sagardoaren astean joanez gero, jaiaz goza dezakezu. Baina, ez ezazu dudarik egin, beste inorekin topo egiteko aukera gutxien dagoen garaian joan zaitez. Zoaz orain, laster, edozein goiz lanbrotsuan, edo argian. Eta hantxe, bere magalean zaudela, isiltasunean, azken laurehun urtetako historiaz galde iezaiozu eta aditu. Jasandako ekaitzak, euriteak eta lehorteak. Pairatu dituen eskasiak eta oparoak. Entzun dituen negarrak eta barreak. Jakin dituen beldurrak eta kemenak. Gure herriak lau mende hauetan bizi izan dituen gatazkak. Inguruan entzun diren eztandak eta tiroak. Galdeiozu gerraz eta bakeaz. Zapalketaz eta askatasunaz. Oinazeaz. Etsipenaz. Galdeiozu gau luzeaz, eta beti iristen den egunsentiaz. Eta aditu.

2009/07/23

Elegantziaz zahartu

Azken garaian maiz pentsatzen dut zahartzaroaz. Duela sei urte -esaterako- baino askoz gehiagotan. Kalean, edo parkean, edo terraza batean nagoela, gero eta sarriago aurkitzen naiz zaharrek egiten dutenari erreparatzen... eta aztertzen. Askotan hitz egiten dugu horretaz lagun artean. Eta gutxitan, edo inoiz ez, asmatzen dugu ezer. Jakin, badakigu lehenago hiltzen ez bagara, zahartzea tokatuko zaigula. Beraz, zahartzaroak ez du irteerarik. Horregatik, gaiaz pentsatzen dudanean ez da aroari irteera aurkitzeko, bidea egiteko baizik. Hasieran esaten nuen orri batean apuntatuko nuela zer ez nuen egingo zahartzen nintzenean, zer saihestuko nuen, besteengan ikusitako jokaera desegokiak, alegia; eta orri hori egunero irakurriko nuela eta lagunei gogoratzeko eskatuko niela ahazten bazitzaidan. Baina gero konturatu nintzen horrek ez zuela askorako balio izango, arrazoimena saretzen hasten zenean, batez ere. Kontua -ez ahaztu- elegantziaz zahartzea da. Ondoren, pentsatu nuen ohitura on batzuk behin eta berriz, oso finkatuta izan arte, praktikatzea neurri aproposa izan zitekeela. Horrela, jokabide egokiak erabat barneratuta izatean, betiko (hil arteko) nireak izango liratekeen. Baina gero eta gehiagotan aurkitzen ditut kontrakoa adierazten didaten ereduak. Beraz, zalantzan jartzen ari naiz bigarren bide hau eraginkorra den. Eraginkorra? Zahartzeko modu egokia bermatu nahian nabil agian? Zer da iraungo duena? ohiturak? uste sendoak? estimuak? maitasunak? Baten batek esango du horrelako gogoeta batek egitekorik ba al duen web-urratsak blog honetan. Bada... kontu hauek gogoan nituela, bloga egitearena elegantziaz zahartzeko ahalegin horietako bat dela konturatu naiz gaur. (jarraipena)

2009/07/20

Euskaraz lan ta lan

Behin baino gehiagotan aurkeztu ditut euskara sustatzeko sarean aurkitu ditudan laguntzak. Lantalan.com da horietako bat. Blog horretan, bertako aurkezpenean dioen bezala, "lan munduan euskara gehiago erabili nahi duten pertsonei, enpresei eta bestelako erakundeei..." laguntza ematen zaie. Interesgarriena, eskaintzen dituen baliabideak eta tresnak, hala nola, agiri-ereduak, euskarazko softwarea, zuzentzaile ortografikoak... 2005 urtean sortua da eta ibilbide serioa egin du euskara esparru guztietan erabilia izan dadin. Irakurtzea merezi du gai horri buruz argitaratutako hausnarketa: Euskaraz bizi al gaitezke?

2009/07/18

Ezin izan arin

Jaki arinak agindu nizkizuen baina serio segitu dut han eta hemen begiratzen eta konparatzen eta ikertzen, datorren ikasturtean ikasleekin web 2.0n lanean jartzeko. Serioa dena beti serio. Ikerketa horretan hamarnaka, ehundaka, milaka informazio eta argibide topatu dut, eta dena batera aurkeztea ezinezkoa eta kalterako izango zatekeenez, piskanaka adierazten joango naiz. Hasteko, hara hemen ganorazko bi eskema Txomin Villarroelek eginda. web 2.0 eta irakaskuntza tresnak web 2.0

2009/07/15

Gogo-jardunak

Goizean, eguzkia laino artetik atera baino lehen, inguruko blogetan barrena egin dut paseoa eta blog eraginkorra sortzeko 7 aholku izenburuko sarrera topatu dut lantalan.com blogean. Zazpi aholku horiek poliki irakurri ditut esku artean dudan nere blogatxo jaioberria gogoan izanik: helburuak ondo zehaztuta ditut? ondo argitu dut norentzat ari naizen? bilatu al dut nire komunitatea? harpidetza errazten al dut? blogosferan parte hartzen dut era egokian? nahiko animatu al ditut besteak idatzi dezaten? eta barne indarguneak probestu? Ai ene! Hamar manamenduei begira kontzientziako etsamina egiten nuenean bezala, pekatari aurkitu naiz. Bloggergoikoak barka nazala!

2009/07/08

Udan oporrak?

Bloga hasi nuenean zalantza izan nuen zertaz idatzi, zertara bideratu: irteera emango nion idazle zaletasunari libreki iritzia adieraziz, edo irakasle naizen aldetik eskolan egiten duguna izango nuen gogoan? Gehiegi hausnartu gabe jarri nintzen lanean eta noizbait ikasleekin lan hau praktikara eramateko asmotan, bigarren bidea hartu nuen. Blogean idazten aritu naizen bost hilabete hauetan konturatu naiz -hasieran garbi erabaki ez banuen ere- bi helburu izan ditudala gogoan: Batetik, blog bat egiten ikastea: forma eman, sarrerak egin, argazkiak aurkeztu, loturak jarri, bideoak sartu, dokumentuak erantsi... ondoren eskolan aplikatzeko. Eta bestetik, IKT lanerako baliagarri diren tresnak eta ideiak eta gogoetak ekartzea, bai ikasleekin martxan jartzen naizenean erabiltzeko, bai bloga jarraitzen duenak laguntza hori izateko. Orain, uda iritsi dela eta, oporralditxo bat hartzeko ideia etorri zait burura; baina ezin txoko honi adio esan, ez dakit zergatik baina ama-senak esaten dit jaioberriari ezin zaiola janik gabe denbora luzean utzi. Beraz, erabaki dut elikatzen jarraitzea, baina udako beroari aurre egiteko janari arinagoak ekarriko dizkiodala. Laster arte.

2009/07/06

Beste sare sozial bat sortu da

Aurrekoan aurkeztu nuen zugaz.com, Goienak gaztetxoentzat sortutako sare soziala. Orain beste sare bat aurkeztera nator: zulozale.com. Gaztezulo aldizkari digitalak sortutako zulo berezi horretan, gazteek jendea ezagutu, iritzi eta afizioak partekatu... beste sare sozialetan egiten direnak egin ditzakete. Are geihago, Facebook eta bera bezalako sareekin sortzen zaizkigun zalantzen aurrean (nork kontrolatzen dituen, nork kontrolatzen gaituen...), gure sare txikiago hauek erabiltzea izan daiteke irteera. Profila sortu, esaldiak bota, argazkiak igo.... eta gazteen sare sozial euskaldunean sartuko zara.

2009/06/29

Auzoka eta Mugi donostiar guztionak?

Aspaldin sortua da Auzoka aldizkaria. Donostiako ikastetxe askok parte hartu dute 1996ko abenduan sortu zenetik. Hasieran ia eskuz egiten bazen ere, gaur egun teknologia digitalen bitartez egiten da eta paperean argitaratzeaz gain, interneten ere tokia du, Donostiako Euskararen Patronatuaren webgunean. Mugi ere Udal Patronatuak argitaratzen du 2003ko urtarriletik. Donostiako kirolzaleentzako aldizkaria izan nahi du eta gure inguruan praktikatzen den kirolaz hitz egiten du gehienbat. Horregatik ia zenbaki guztietan ikastetxe bat aukeratzen da, bertan egiten diren kirol ekintzen berri emateko. Dena den, kontu batekin nago errezeloa hartuta: zergatik ikastetxe batzuk ateratzen dira bi edo hiru aldiz eta beste batzuk ezta aipatu ere?

2009/06/19

Sare sozial euskalduna: zugaz.com

Sare sozialen garaian gaude. Facebook edo Tuenti-n ez dagoena trena galdu duela dirudi. Gazteak dira, batez ere, sare horietan partaide erraz egiten direnak eta, behin sartuz gero, lagunak gehitu eta gehitu aritzen dira. Komunitate horietan milioika erabiltzaile daude eta muga jartzen ez duenarentzat ez dira seguruak. Zugaz.com ere horrelako sare sozial bat da gazteentzako. Argazkiak, bideoak eta beste zenbait kontu konpartitu ahal izango dituzte gazteek webgune honetan. Horrez gain, jokoak ere badaude, bertan jolastu ahal izateko. Goienak sortu du webgunea eta euskara hutsean dago. Informazio gehiago sustatu.com. Interesgarria iruditu zait. Anima zaitez eta sortu zure soslaia!

Zugaz. Lagunen argazkiak

2009/06/15

Ordenadore bat ikasmahai bakoitzean?

Hauxe da Zapaterok Espainiako Legebiltzarrean, aldarrikatu berri duena "Escuela 2.0" egitasmoan:
"2010/2011 ikasturtetik aurrera, Lehen Hezkuntzako 5. mailako eskola publikoko ikasle bakoitzari ordenadore eramangarri bat emango zaio, Bigarren Hezkuntza bukatzen duen arte erabiltzeko".
Adierazpen honen inguruan iritzi asko entzun ditugu, alde zein aurka. Hara hemen horretaz gogoeta egiteko lotura interesgarri batzuk:
un portátil en cada pupitre
propuestas para una escuela 2.0
Zer pentsatzen duzu zuk?

2009/06/04

Hiztegiak ordenagailu eta mugikorrean

Ez dago aitzakiarik euskaraz ondo hitz egiteko eta idazteko. Hor eta hemen eskura ditugu hamaika hiztegi laguntza behar dugunerako. Firefox bada gure nabigatzailea "euskalbar" instalatzea da aukerarik egokiena, blog honetan bertan azaldu nuen bezala; baina horrela ez bada, edota euskalbar-en dagoenaz gain beste zerbait behar badugu, euskararen donostia webgunean aurki dezakegu hiztegi zerrenda luzea behar diren loturekin. Eta ordenagailua ondoan ez badugu, ez kezkatu! Telefono mugikorrean ere eduki dezakegu euskal hiztegia instalatuta: sakelako hiztegia

Tetris 25 urte

Tetris jolasak 25 urte betetzen zituen atzo. Bideo-joko ezagunenetako bat da. Jolasaren dinamika oso erraza da: pieza ortogonal batzuk biratu eta mugitu egin behar dira pantailan goitik behera doazen bitartean. Blokeak ilara horizontalean kokatu eta osatzen denean, ilara desagertzen da jokorako espazio gehiago sortuz; era honetan eten gabe beheraka datozen piezak kokatzen jarrai dezakegu. Errazena ikustea eta jolastea da; hortxe tetris on-line

2009/06/03

Internet irekia eta unibertsala

Internet, orain ezagutzen dugun modura, arriskuan dago. Europar Batasunean, beste gai askoren artean, ikusten ditugun webgune kantitatea murriztu eta Interneten zein zerbitzu erabili ahal izango dugun eztabaidatzen ari dira.

Maiatzaren 6an erabakia garrantzitsua hartu zen erabilera librea bermatzeko. Baina arriskua ez da bukatu; meatxu berri bat askatasunaren aurka: Harbour zuzentaraua.

Europar parlamentari batzuk babestu dute operadoreei zerbitzuaren baldintzak birmoldatzeko aukera ematen dien Harbour zuzentaraua; arau honen bitartez interneteko zenbait webgune edo zerbitzuetarako sarbidea debekatuta izan daiteke. Erabiltzaileok badugu zeregina, orain Europar hauteskundeen bezperan, gure eskubideak murriztu ez daitezen.

Informazio gehiago:
Blackouteurope

2009/05/27

Gmail euskaraz

Gmail, Googleren eposta zerbitzua, euskaraz dago jada. Aspaldi egin zuen itzulpena boluntario talde batek, baina orain arte ez zegoen aukera hori aktibatuta. Albiste ona da, asko baikara Gmailen erabiltzaile euskaldunak. Hizkuntza aldaketa egiteko nahikoa da urrats hauek betetzea: CONFIGURACION → IDIOMA → EUSKARA (Hautatu) →GUARDAR CAMBIOS Hortik aurrera Gmailen azal webgune osoa euskaraz izango duzue.

2009/05/04

Ikusezazu bilduma proiektua

Interesgarriak iruditu zaizkit Ikusezazu bilduma proietuan ikusitako bideo batzuk. Bertan aurkitu ditzakegu eitb-en emandako marrazki bizidunetako zenbait sail, hala nola, Fernando Amezketarra, Txirrita, Dragoi Bola, Tintin... Eta bestelakoak ere, adibidez, dokumentalak, pilota partidak, eta holakoak.

Arazotxoa da, nire ustez, ikusi nahi duguna eskuratu arte, publizitateko banner batzuk saihestu behar direla, baina webguneak irauteko bada!

Nik ikusi gabe nuen
nomadak tx ikusteko aukera izan dut, baina nahi izanez gero pelikulak (euskaraz) ere, hortxe eskura.

2009/04/24

"Donostiaz badakit" tribial jokoa

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak Donostiaz badakit jolas interaktiboa jarri du Interneten: Donostia hobeto ezagutzeko, eta familia guztia jolas giroan euskaraz aritzeko. Antiguakoak oso gertukoak garenez!! guretzat ere interesgarria da. Guztira 1.500 galdera biltzen ditu sei gai nagusitan: kultura, jaiak, historia, artea, kirola eta natura. Jolasaren funtzionamendua oso erraza da. Hasi botoia sakatuta, jokalariak lauki zuri batean kokatuko du fitxa. Dadoa klikatuz, jolasak berak gidatuko gaitu hurrengo urratsetan barrena. Egokitzen zaigun laukitxoan klik egin eta hor agertuko zaizkigu lehenengo galderak. Galdera bakoitzak hiru erantzun proposatzen ditu aukeran. Sei koloreak biltzea da jokoaren helburua. Seiak biltzen ditugunean amaitzen da saioa. Puntuazioa erantzun egokiak lortzeko behar izan den denboraren arabera lortzen da. Baina hau guztia ulertzeko, hoberena jokatzen hastea da.

2009/04/21

Goazen probatzera

Blog honetan probak egin ditzakegu. Partaide egiten direnek aukera izango dute lanak, proposamenak, idatziak, gogoetak, komunikazioak... eransteko, modu askotan: -zuzenean idatziz -pdf moduan publikatuz -power pointen aurkeztuz -argazkiak erantsi -loturak beste nonbaitera jarriz Bururatzen zaizkigunak eztabaidatuko ditugu.

2009/04/20

Jolas didaktikoak

Noizean behin ikasleak gustura aritzen dira ordenadorean jolasean, baina zailena izaten da jolas egokiak aukeratzea; hemen idatzi dut zerrendatxo bat adinaren arabera sailkatuta eta bakoitzaren azalpen labur batekin  

txikientzat  nagusiagoentzat  

2009/04/19

Euskalbar eta euskara baliabideak

Euskara baliabideen artean euskalbar da erabilienetako bat. Interneten nabigatzeko Firefox erabiltzen duenak euskalbar jarri dezake nabigatzailean. Oso erraza da, lotura honetan aurkituko duzue: euskalbar.eu

Ondoren "nola instalatu" aukeratu eta instrukzioak jarraitu.

Badira ere beste baliabide interesgarriak, hala nola:

Fraseologia hiztegia [pdf]: jatetxe, taberna, saltoki eta industrian erabiltzen diren esaldiak

Kontsultagunea: EHUz kanpoko kontsultak

Euskalkiak

Labairu hiztegia (bizkaiera)

EITBren irrati-telebistako glosarioa (Asier Larrinaga)

Ahoskera zaindua

Ahotsak: EHko hizkerak eta ahozko ondarea

Soinumapa.net EHko soinu mapa

“A” itsatsia

“H”dun hitzak

“H”: ohiko akatsak

2009/04/06

Hasteko tresna batzuk

Oso interesgarriak iruditzen zazkit azkeneko ikastaroan aurkeztu zizkiguten tresna batzuk, esate baterako, mapak lantzeko tagzania erabiltzea. Ikasleekin herria, auzoa edo hiria lantzen ari garenean, ezagutzen ditugun tokiak, bisitatuko ditugunak, edo bisitatu ditugunak jada, marka ditzakegu mapan. Tagzania erraz erabiltzen da azalpenak euskaraz daudelako. Dena den, aldez aurretik, ikasle bakoitzak bere posta helbidea sortzea komenigarria litzateke. Batzuk badute, baina ez duenak sortu beharko luke; horretarako oso egokia da gmail, googlek berak eskaintzen duena. Posta helbide bat sortzeko urratsak hemen ikusi ditzakezue:

2009/03/05

IKTak erabili

View more presentations from arasanse.