2010/10/31

"Anai(a) zaharraren lur gazte"

Ostiralean bidali zidan alabak Bartzelonatik honen atzean doan lip dub-a.

Lip dub-a ikus-entzunezko mota bat da, kantu ezagun bat entzuten den bitartean, kamara batek sekuentzia bakarrean ibilbide bat egiten du, eta bidean jendearekin topo egiten du abesten, dantza egiten, antzezten...

Oso gustura ikusi dut, pizgarria da, eta gurera ekartzea izan da hurrena. Bideoarekin batera "euskal herrian antzeko zeozer egiteko" deia zetorren eta ezin izan nuen saihestu konparazioa. Gogora dezagun nolakoa den gure aldarrikapen-ekintzen tonua eta alderatu dezagun bata eta bestea. Ez naiz hasiko aztertzen zer dagoen diferentzia horren atzean, baina nago aurkituko genukeela arrazoi bat baino gehiago.

Noiz aterako gara euskaldunak herri-tristezia luze honetatik? Zergatik ez hasi oraindanik? Baditugu gainditu beharreko oztopoak, baina ez degizkiogun handiagoak jarri. Eta irribarre kutsakor batekin probatuko bagenu?


2010/10/14

Dementziatik babesten gaituena

Creative Commons Attribution-Noncommercial-No Derivative Works 2.0 Generic License  by  jamelah 

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak abian jarri duen agenda zientifikoa, Zientziategiaren berri iritsi zait eta portadan horrelako titulua "Dementziatik babesten du hezkuntzak" irakurri dut.

Oso interesgarria iruditu zait gaia nahiz eta oso garbi ez ikusi zer esan nahi duen: hezitzaileak babestuta gaudela? heziketa jasotzeak alzheimerretik saihesten duela? Hezkuntza Sailak zoroengandik babesten gaituela?

Ikusi dut azpititulua eta pixka bat ulertu dut: "Ikerketa bateko emaitzek aditzera eman dutenez, zenbat eta denbora gehiago eman hezkuntza jasotzen, hainbat eta babes gehiago omen dauka burmuinak dementziaren ondorioen kontra." 

Ikerketa hitzak linka dauka Eroski Consumer aldizkarira, baina han ez dut aurkitu aipatutakoaren aztarnarik; gero begiratu dut BBC-n -hori baita sarreran aipatzen den iturria- eta alzheimerraren inguruan nahikoa irakurri ondoren, hezkuntza luzea izatearen onuraren berririk ez, gehien-gehienez puzzleek eta gurutzegramek dementzia atzeratzen dutela jakin dut.

Zapuztuta geratu naiz, hezkuntzaren garrantzia zientzia-datuekin azpimarratu nahi eta ezin.

Bukaeran lortu dut kontsolamendua, Artritisaren proteinak alzheimerrarekiko babesa omen direla jakin dudanean. Lasaitu ederra; bihartik aurrera goizeko artikulazioko minak "egun on!" atseginez agurtuko ditut.

2010/10/06

Graffitiak egin sarean

Hau ere gustatzen zaigu, matematika haina, eta zer esanik ez, ikasleei!!

Brooklynmuseumekin graffitiak egin

Virtual graffiti

2010/10/05

Matematikarekin jolasean

Noizean behin aurkitzen ditugu ikasteko balio duten jolasak eta hona ekartzen ditugu. Oraingoak matematikakoak dira eta ingelesez eta gazteleraz daude; baina gure ikasleak oso azkarrak dira eta hizkuntza asko menderatzen dituzte. Hauexek dira topatu ditugun bi orrialdeak, biak txukun eginak, eta jarduerak banan bana aztertu aurretik, zuek erabil ditzazuen ekarri ditugu:

www.matematicasdivertidas.com

disfrutalasmatematicas

Hemen aurkezteaz gain, baliabideen orrian ere jarri ditugu, nahi duzuenean jostatu zaitezten.