2011/01/18

Sebastian bat bada zeruan

San Sebastian bezpera hortxe daukagu. Azpeitian eta Donostian danborrak eta kupelak prest ditugu bihar gauean Sarriegiren martxak jotzen hasteko. Dena antolatuta dago. Danborradako jantziak, afarirako jakiak, elkarteetako megafoniak… Baina gauza guztiak ez dira kanpotik ikusten diren bezala.

Etzi telebistan gehien ikusiko diren irudiak Haur danborradarenak izango dira. Ikusiko dugu ilara bukaezin bat Alderdi Ederretik abiatuta, erdialdeari buelta eman ondoren Gipuzkoako plazara iristen dena. Ikusiko ditugu milaka ikusle, hiru orduz zain eta geldirik, aurretik desfilatzen duen haur ezagunen bati agur esateko prest. Eta pentsatuko dugu, hori aspergarria!

Baina datuek beste zerbait diote. Donostian, 16.943 lagun aterako dira danborra eta kupela jotzen, hauetatik 4.853 haurrak eta beste 12.093 helduak. 185.000 biztanle dituen hiri batean %9,2 da hori. Euskal Herri osotik (eta inguruetatik) iritsita, 2.008 musikariak ibiliko dira han eta hemen 24 orduz kaleak musikaz betetzen. Danborrada-talde hauen alboetan, beste askok joko dute makilatxoak eta ohol txikiak baliatuz, eta atzetik hainbat lagun joango dira doinu ezagunen erritmoan saltoka dantzan.

Guregana etorrita, elkarrekin gozatu nahi duten guztiei lekua izango dute.

Hementxe Donostiako danborradak

Hementxe Antiguako San Sebastian jaiak

Eta festa militar-itxurakoa dela esaten dutenentzat, hara hemen Donostia ondoko Antigua herrian Gazte Danborradakoen pieza bat, Herriko seme. Dantza eta parodia, baina jotzeko unean... fundamentua!


2011/01/17

Hori bai, paperak euskaraz

Atzo, igandean, erreportaje baten bila nenbilela, Frantziako poliziak ETAren zulo bat aurkitu zuela irakurri nuen Diario Vascoren webgunean. Tituluak horrela zion: "Hallan un zulo de ETA en Francia con armas y notas en euskara" Pentsatu nuen aurkitutako oharrak gazteleraz izan balira ez zutela hizkuntza aipatuko. Baina zer espero dezakegu Diario Vasco-z?

Iluntzean, hauxe entzun nuen Euskadi Irratian: "...ETAk armak izkutatzen zituen zulo bat aurkitu duela gaur polizia frantzesak. Zuloan bidoi bat eta bidoi barruan armak, eta euskaraz idatzitako paper batzuk ere bai"

Gaur goizekoan beste hainbeste: "euskaraz idatzitako paper batzuk" aurkitu omen dituztela ETAren zulo horretan.

Eta jada ez dut ezer ulertzen. Euskadi irratikoentzat ere paperak euskaraz izatea albistearen ideia nagusia da? Paperak gazteleraz baleude aipatuko zuten?

Zalantza guztiak argitze aldera... Baten batek esango digu armak ze hizkuntzan zeuden idatzita?