2010/04/22

Facebook

Facebookekoa egin nintzen duela urtebete. Ez dakit ondo zergatik eman nuen izena. Uste dut hau dena hobeto ezagutzeko izan zela. Badakizue, mundu honetan behin hasiz gero, proba egin eta zuzenean ezagutzea egokiena delako. Hasieran, oso urruti zebilen etxeko baten berri izateko etorri zitzaidan ondo. Ondoren, etxekoa gerturatu zenean, interesa galtzen joan nintzen.

Orain, beste gertaera batzuk direla medio, Facebooken murgildu naiz berriro. Eta lagunen eta ezagunen lagun zerrenda luzeak ikusita, kezkatu naiz. Ai, ama! Anakoreta bat bezain bakartia sentitu naiz. Zer egin dut urte luze honetan? Lagun gutxi batzuk besterik ez. Aurpegirik gabeko lagunak, gehienak; lagun erdiak erakundeak. Eta ditudan horiek lehenagokoak ziren. Ez dira etorri sarean barrena, ez dut berririk egiteko gaitasunik izan.

Erabakia hartu dut: profilaren argazkia aldatu eta plazara irtengo naiz. Txikitatik entzun dut sinpatika eta lagunartekoa naizela eta ezin dut jasan horrelako porrot soziala orain.

2010/04/19

80 egunean: filma ederra

Ez naiz zinema-kritikari, bai, ordea, zinemazalea. Kasualitatez iritsi zait 80 egunean ikusteko gonbidapena, lagun baten bidez. Eta lagunarekin zinema-aretora iristerakoan "en petit comité" zela konturatu gara, aurre-estreinaldi edo horrelako zerbait Donostiako udaleko zenbaitentzat. Ez nuen filmaren berri, ez dut ezer irakurri aurretik, ez eta ezertxo ere entzun, lagunak jasotako gonbidapenean zetorren azalpen laburrak piztu zidan jakinmina.

Eta hunkituta atera naiz zinema-aretotik. Ederra iruditu zait, ederra iruditu zaigu aretoan geundenoi. Ederra, goxoa, sakona, arina, tristea
, alaia... Ia etengabe irribarrea ahoan, tarte batzuetan korapiloa eztarrian.

Apirilaren 23an emango dute, 22:30etan Victoria Eugenia antzokian, Donostiako Giza Eskubideen VIII. Zinemaldian eta maiatzean, Euskal Herriko zinema-aretoetan. Nik ez nuke dudarik egingo. Oraintxe bertan hartuko nuke sarrera. Dagoeneko, berriz ikusteko erosi dut.


80 egunean from Moriarti

2010/04/13

Errugabeak




Asko hitz egin eta asko idatzi da Egunkariari buruz. Asko esateko denbora izan da zazpi urte. Asko sufritzeko denbora izan da zazpi urteko denbora Egunkariako errugabeentzat, euskaltzaleontzat, euskaldunontzat, euskararentzat. Asko esan daiteke orain ere absoluzioa erabakitzen duen sententziaz. Dagoeneko, entzun ditugu orain arte isilik zeudenen adierazpenak. Tertulia askotako gaia izango da. Horretara ere (tertulia eta tertulianoetara) ohitu gara herri honetan. Hitz gutxikoak ginela esaten zen lehen, euskaldunak, hitz gutxi eta fidatzeko hitza. Zer gara orain, kanpokoentzat? Noraino egina dago kaltea? “Kaltea jacta est!” idatzi du Anjel Lertxundik. Ez dugu ahaztuko. Baina honek guztiak gure herriarentzat amaiera ona ekarriko badu, berriz ere erasoa alde batera utzi eta aurrera egingo dugu.