2009/09/28

Hausnarketa-ildoak

Berriz lanean hasi naizenez, pentsatzeko denbora gutxi daukat orain. Aitortu behar dut gauza serioak mantso egiten ditudala eta gogoeta egiten dudanean ere, ondorioak ateratzea kostatzen zaidala. Eta horregatik, eta denbora gutxiago dudalako, hausnarketa batzuk hasita ditut baina ezin burutu.


Hasita eta bidean ditudan gogoeta horiek hitz dotore moderno horietako batekin izendatu nahi izanez gero, nire hausnarketa-ildoak direla esan nezake.

Esate baterako, ordu batzuk eman ditut era guztietako beldurrek murrizten dizkiguten aukeren inguruan, oraindik gaiaren txostenean ia ezer aurreratu gabe. Eta baita ere laguntza eskale eta ez-eskale direnen arteko diferentziak eta diferentziaren arrazoiei buruz.

Buruan bueltaka darabilkidan beste arlo bat eguneroko erasoen pertzepzioarena da. Zer dela eta jokabide erasokorrak dituzten asko ez dira
konturatzen egiten dutenaz eta erasoa pairatzen dutenak, berriz, -dagokien bakea eskatzen dutenean- hain gaizki ikusita daude? Adibidez, zergatik zarata ateratzen duten bizilagun zalapartatsuek, tokirik bakeosoenean mugikorratik garrasika hitz egiten dutenek, okindegiaren errenkadan bere poltsa hankartean sartzen dizutenek, autobusean eserita zaudela ukondoa belarritik pasatzen dizutenek hain gaizki begiratzen zaituzte zure espazioa erreklamatzen duzunean? Esan dezaket hausnarketa-ildo hau historikoa dela nigan.

Ume nintzela, aitak esaten zidan auzoko euli guztiak ezagutzen nituela hain zen handia zeruari (gertuko zeruari, sapaiari, alegia) begira egoteko neukan joera. Ez zekien hark horrelako burutazio interesgarrien atarian nengoela orduan. Harro egongo zen nitaz horixe jakingo balu.

Ez esan inori, baina konfesatuko dizuet zein den azken egunetan gogoetaren denbora gehien hartu didan hausnarketa-ildoa: zergatik emakume askok, batez ere gaineko eta azpiko solairuan bizi direnek, erakargarriago sentitzen diren takoiak jantzita.

2009/09/26

Eskola 2.0?

Egin ditut hiru aste eskolan. Klaseak emateaz gain, ordenagailuak txukundu, aurreko ikasturteko zaborra kendu, aprobetxatu daitekeena gorde, aurtengoa nola antolatuko dugun erabaki, ordenatu, martxan jarri... eta horretan nabilelarik, interneten sartzen naizen bakoitzean kof-kof! jarritako lan erritmoa pikutara joaten zait, Hezkuntza Departamentuak Euskaltelekin guretzako kontratatuta daukan mega 68 kbp-etan gelditzen zaigu eta. Beno, batzuetan zortea izaten dugu eta 129 kbp-etara iristen da. Nik nahi nuke ikasleekin web 2.0-ko jarduerak hasi, baina behin sartu naiz guztiekin batera webean eta damututa atera nintzen infogelatik.

Orain pentsatzen ari naiz berrikuntzaren bat sartu ahal izateko horrelako zerbait egiten hasi beharko dudala. Zer iruditzen?


2009/09/17

Ondotik joaten direnean



Image and video hosting by TinyPic

Image and video hosting by TinyPic 

Lapitzak artistaren eskuan artistaren gogoa gainditzen duen bezala,
horrela gainditzen du bizitzak guk dibujatzen duguna.

2009/09/15

Jai ondoko alferra


Hasi dugu ikasturtea. Urtero bezala garai honetan. Gu aurreko irailan baino urtebete zaharrago gara. Eskolan zeuden ikasleak urtebete zahartu dira, baina eskolak dituen ikasleak ez dira zaharrago, gazteenek bi urte dituzte, zaharrenek hamabi, urtero bezala. Lanean hasi ginenean, duela urte asko, hemezorzi urteko aldea genuen txikienekin, bederatzi urte zaharrenekin. Orduan izeba-osaba gazteak edo neba-arreba zaharrak bezala sentituko gintuzten. Orain, gutako askok berrogeita hamarreko aldea dugu gazteenekin eta berrogei inguru zaharrenekin. Nola ikusten gaituzte? Ez galdetzea hobe!

2009/09/10

Irakasle-lana

Irakaskuntza eta hezkuntza eta gizartea nola aldatu diren, eta gizarteak eskolari eskatzen ziona lehen, eta orain eskatzen diona, eta irakasleok nola sentitzen dugun hori dena idazten hasia nengoen, eta... Anjel Lertxundik blogean idatzitako Irakasleak artikuluarekin topo egin dut. Berak du hitza.

2009/09/02

5. mailarako ordenadoreen eta software librearen inguruan

Interesgarria Sustatuk gai honetaz egin duen laburpena eta jarritako lotura guztiak gauzak nondik nora ibili diren ikusteko. Garrantzitsua da prozesua nola izan den gogoratzea, ordenagailuak iristen zaizkigunean agindutako guztia betetzen den egiaztatzeko. Nik, administrazioaren ohiko jokaera ezagututa, eta sozialistek orain arte erakutsi dutenagatik, zalantza asko ditut.

Adibidez, demagun abiatze bikoitzarena betetzen dela. Horrek esan nahi du software librea instalatuta etorriko dela Windowsekin batera? edo eskola bakoitzean egin beharko ditugu instalazioak... Gogoan izan ordenagailu pila bat etorriko zaigula, gurean (Antiguako Jakintzan) 69 daude aurreikusita. Kalkulatzen badugu IKTko irakasleak astean 7 ordu dituela sarean dauden ordenagailu mugiezinak eta sarea bera zaintzeko eta IKTen esparruan sortzen diren gora behera guztiak kudeatzeko, zenbat hilabete beharko dira 69 ordenagailu horietan beharrezko instalazioak egiteko?

Suposa dezagun horrela dela eta ordenagailu bakoitza bi sistema eta beste programekin datorrela. Etorriko da horiekin batera haiekin lan egiteko behar den guztia? Etortzen direnerako, izango ditugu eskolan entxufeak, indar elektrikoa egokia, eramangarriak gordetzeko eta mugitzeko altzairuak, internet-konexio egokia, wifia, eskolako intranetarako laguntza, zaindu eta mantentze lanak egingo dituen profesionala edo barruko irakasle batek behar dituen orduak, lan egiteko baliabide didaktikoak eta irakasleok beharko dugun formakuntza?

Kontatuko dizuet.