2009/12/30

Gabonak: hau al dira?

Oraintxe bertan, honekin topo egin dut morkots marrazkilariaren weborrian.
Hitzik ez
eranskina
Oso serio jarri naiz aurrekoan; hobeto pentsatuta, Gabonak hau ere badira!

2009/12/27

Nork sobera besarkatzen baitu, gutti hersten du

Badaude espezialistak, hau da, zientzia, jakintza-alor edo arte baten adar jakin batean adituak. Beren jakintzan sakon eta zabal jarduten dute hartaz erabat jabetzen diren arte, espezialitate horretan aritzen dira beste arlorik eta jarduerarik ia existituko ez balitz bezala, jakintza hura beren bizitzako jakinduria bihurtzen den arte. Interesgarriak dira, beti ere arlo hori zuretzat interesgarria den heinean.

Badaude jeneralistak, hau da, zientzia, jakintza-alor edo arte askoren adar askotan adituak. Arlo eta jakintza askotan zabal jarduten dute, baina ez oso sakon, espezialitate askoren artean batera edo txandatan saltoka aritzen dira jarduera bakarrean aritzea ezinezkoa balitz bezala, denetaz zerbait ikasten duten arte. Interesgarriak dira, beti ere tximeleta batek lorez-lore egiten duen hegaldia zuretzat interesgarria den heinean.


Inbidia izan diet beti espezialistei. Nire burua irudikatzen dut pianista trebeenaren gisa, arratsaldero pianoa jotzen, partitura baten esaldi baten akats niminoenak zuzentzen, perfekzio zoragarrienaz ateratzen den arte. Edo fisikako laborategi batean, jatordua ahaztuta, formula korapilatsuenetan murgilduta "eureka!" bilatzen ari nintzen hura agertu zaidala ikustean. Edo Tourreko Alpeetako etapa nagusiaren azken kilometroak egiten, indar guztia ahiturik, giharrak fin, bihotza lehertzear. Edo liburu mardul bat idazten, eguneroko konpra egin gabe astetan, azkeneko kapituloak biribiltzea baino inportanteagorik ez dagoela sentituz.


Baina ezin, bizitzaren eskakizun handi eta txikiak bete behar, eta berandu xamar da solfeo ikasten hasteko. Zer egingo diogu! Imajinatzen duzue Cervantes On Kixoteko paragrafo bat bukatu eta hurrengoa hasi artean mantala jarri eta etxekoen bazkaria prestatzen? Ez ginen bada jaioko espezialistak izateko.


Hau da hau! Zenbat lan hainbeste egunetan ezer idatzi gabe pasa naizela justifikatzeko!


2009/12/17

Eskola 2.0: armairutxoak jarri dizkigute


Ordenagailu eramangarriak gordetzeko eta kargatzeko armairu berezi batzuk instalatu dizkigute 5. mailako hiru geletan. Armairuek gurpilak dituzte, baina hornitzaileek egokiago ikusi dute paretan josita uztea, seguruago omen da. Ordenagailu guztiak batera ez kargatzeko, lau fasetan egingo da eta hori diferentzial baten bidez egingo da. Aparatuak ondo funtziona dezan entxufatuta egon behar du beti, eta hara hemen lehenengo arazoa: eramangarriak gehiegi ez berotzeko bentiladore pare bat daude, tenperatura gora egitean sekulako zarata ateratzen dutenak. Hori bakarrik falta zen eskola garaian! Entxufea ateratzeko beste erremediorik ez dugu izango klase eman nahi badugu.

Armairuak iristearekin bat, bilera batera deitu digute Eskola 2.0-ko arduradunek. Hitz eder asko, baina oso susmo txarra: ez dute interneteko konexioaren banda zabaltzeko konpromezurik hartu.
Hori disgustua! Gure eskolan, 69 ordenagailu eramangarri izango dugu web 2.0-n aritzeko, interneten, alegia. Horretaz gain, goiko eraikinean, 42 ordenagailu mugiezin ditugu, horiek ere interneten erabiltzeko, jakina. Zenbait unetan, 111 ordenagailu batera izango ditugu konektatuta sarean, sarean? barregurea ematen du. Mega bat besterik ez dauka kontratatuta Hezkuntza Departamentuak guretzako, eta ni neurtzen hasi naizenetik ez du inoiz 400 kbp-tik pasa.

Konexio egoki bat jartzen ez badigute, lasai-lasai egongo dira eramangarri polit horiek armairutxo ederrean sartuta; noizean behin zertxobait freskatzeko atera eta kitto!

2009/12/14

Ajea


Batzutan jeikitzen zara eta iruditzen zaizu dena atzeraka doala. Bukatu dira Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko ekintzak, bukatu da Durangoko azoka, bukatu da ere bertsolari txapelketa eta horrekin batera doazen emozioa eta jakinmina, bukatzen ari da hiruhilekoa eta ebaluazioaren bukaerako euskarazko lanak zuzentzen dituzunean, badirudi ikasturte hasi zenetik ezer ez dutela aurreratu... Eta halako batean, Zuzeu.com-en irakurri duzu badok.info euskal kantagintzaren atari digitala sortu dela eta hasi zara saltseatzen eta aurkitu duzu Mixel Labegerie-ren "Aurtxo-aurtxoa" eta musika martxan jarri denean itxi dituzu begiak eta gogoratu duzu aitak izkutuan gordetzen zuen diska hura, azalean ikurriña gitarratik zintzilik, eta euskaraz ulertzen ez zenuen garaian erreberentziazko misterioz entzuten zenuena berriz aditzean, sentitu duzu dena ez dela bukatu, ez dela oraindik bukatu.


2009/12/02

Euskararen Nazioarteko Egunean hainbat ekintza

Aste berezia da hau euskara sustatu nahi dugun guztiontzat. Erakunde askok antolatu dituzte ekintzak eta aukeratzea zaila da; are gehiago ebaluazio lanetan murgilduta gauden irakasleontzat. Hara hemen horietako batzuk:

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak antolatuta: mintzodromoa eta kontzertua abenduaren 3an bertan; eta Gazteak zinemara! abenduaren 1etik 4ra, 9an eta 11.



EHUko Bizkaiko kanpusean antolatu dituzte ere ekitaldiak: ipuin kontaketa eta bertso bazkaria.

Durangoko azokan, berriz, abenduaren 5etik 7ra ahotsenea eta honekin batera beste asko.

Eta sarean ere baditugu: Klik egiozu euskarari, Eusko Ikaskuntzak martxan jarria eta Hitz-katea Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, EuskalJakintzakoek sortua, esate baterako.

Eta Euskal Herriko herri askotan baita ere. Ospa dezagun euskara bizirik dagoela eta zaindu dezagun, egunero eta esparru guztietan erabiliz.

Ñabarduren garrantzia


Interesgarria da komunikabideek nola eragiten diguten aztertzea. "Esan zer jaten duzun, esango dizut zer zaren" esan ohi den bezala, "Esan zer irakurtzen-entzuten duzun, esango dizut zer pentsatzen duzun" esan genezake askotan. Gero eta argiago ikusten da hedabideetako edukietan ezer ez dela nahi gabe egiten. Argitaratzen diren albisteak, argitara ematen ez direnak, gordetzen direnak, erabiltzen diren hitzak eta generoa, nola erabiltzen diren, testu batean esaten dena eta esaten ez dena, esaten den horren ordena... guztia kontrolatu nahi da. Guztiak baitu jasoko duenarengan eragina. Eta zenbait eta sotilago, are eraginkorrago.

Hori banekielako ez naiz batere harritu gaur Euskadi Irratian, igandean Leitzan gertatutakoaz eginiko salaketaz ari zirenean, "Leitzako Pello Zabalo alkateak" beharrean "Leitzako Pello Zabalo, ANVren izenean aurkeztu zen alkateak" entzun dudanean. Itxura denez, ez da kategoria bera. Ñabarduren garrantzia!