2010/05/29

Ez garenean konformatzen


Egoerak gainezka egiten dizu. Beti izan zara baikorra, baina orain ezin duzu. Egunkariak irakurtzen zenituenenean ez zenuen pentsatzen horrek ez zuela bueltarik izango. Albisteak jasotzen zenituenean ez zitzaizun iruditzen ondoren etorriko zena are ilunagoa izango zela. Telebistan agertzen ziren politiko famatuen jarduna entzuten zenuenean ez zenuen sentitzen beti eta erremediorik gabe zuri eta beste herritarrei iruzurretan zebiltzala. Ez zenuen pentsatzen sistema bera porrotera iristen ari zela. Ez zintuzten mintzen lagunen berbaldi autoatseginek.

Ez dakizu zergatik gertatu zaizun orain. Kasik bat-batean.

Akaso, armairuan duzun maleta txikienarik hartu, egun pare bat edo hiru kanpoan pasatzeko eraman dezakezun ekipajearekin fardela egin, eta hor nonbait bakartzeko garaia iritsi zaizu.

2010/05/22

Murrizketak sistema publikoan: zein da nahi dugun eredua?

Eskola publikoan irakasle naiz, beraz funtzionario. Hogeita hamaika urte daramatzat lanean Lehen Hezkuntzan eta horien erdia sistema publikoan. Ez naiz hasiko arrazoiak ematen funtzionariook egiten dugun lanaren kalitateaz. Ez naiz hasiko adierazten ezta ere zertan eta zergatik den ona eta beharrezkoa gizarte osoarentzako hezkuntza eta osasuna eta beste zerbitzu asko publikoak izatea eta, beraz, administrazio publikoan langile ugari egotea.

Baina triste eta haserre egotekoa da gertatzen ari dena. Sekulako erasoa langile jendeari eta gizarte osoari. Eta ematen du ez garela konturatzen. Ezjakintasun handia ikusten ari naiz inguruan. Ezjakintasuna eta errespetu falta. Inoiz ez nioke nik barrerik egingo ERE baten ondorioz gutxiago irabaziko duen langile bati. Ez dut uste horrelakorik inori bururatuko zaionik. Alta, ironiak eta isekak entzun behar izan ditut egun hauetan, funtzionariooi soldata %5a jatsi behar behar digutela jakin denean. Espainian, eta islaz Euskal Autonomi Erkidegoan, beheraka dator funtzionarioen erosketa ahalmena 1980. hamarkadatik mileuristas.com-eko artikulu honetan erakusten den bezala: %49a galdu dugu 1983tik. Eta horri oraingo soldataren jatsiera gehitzea niri edo beste edozeini gertatuta ez zait barregarri iruditzen.

Agian barregarria izango da diru asko dutenentzat. Eskuinekoek (eta kapitalak kontrolatzen dituen hedabideak, Espainiko boteretsuenak tarte) ahalegin handia egin dute emplegu-publikoa eta funtzionarioen lana gutxiesteko, jakina, ez baitute hortik irabazirik ateratzen. Eta lelokerian lelokeri, irakurle eta entzule eta ikusle askok ederki irentsi dute haien gezurra, beste gezur askorekin egin duten bezala. Eta ez dira enteratzen sektore publikoan egiten diren murrizketak noraino doazen gizarte bidezko eta berdintasunezko baten aurka.

Eta ez, ez ditugu funtzionarioak sobera, begiratu bestela ondoko taula jakiteko nolakoa den enplegu publikoaren proportzioa beste estatuetan. Edo irakur ezazue Vicenç Navarrok, Ponpeu Fabra Unibertsitateko katedradunak gaiaz idatzitako artikulua. Zeintzu dira berdindu nahi ditugun gizarteak, Norvegia eta Suedia, edo Hego Korea eta Japonia?




2010/05/05

Bakerako plana

Badira aste batzuk Indarkeriari Legitimazioa Kentzea eta Bizikidetza Demokratikorako planaz, hau da, bake hezkuntzaren plan berriaz idazteko beharra sentitzen dudala. Badira hiru aste behar hori dela eta, arinak eta interes gutxikoak iruditzen zaizkidala blogerako bururatzen zaizkidan beste gaiak. Gai politiko-polemikoa bihurtu da bete-betean eta bat nator Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Kontseiluak Jaurlartitzari egindako kritikarekin «Indarkeriari legitimazioa kentzea terminoaren esanahiak pentsarazi dezake aurretik legitimazio bat izan dela, eta hori ezin zaio hezkuntza sistemari leporatu» esaten duenean.

Gaur goizean jakin dugu Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Konrado Mugertza Euskadiko Eskola Kontseiluko presidentea kargutik kenduko duela, erakunde horrek aipatu planari buruz txosten kritikoa egin duelako.

Oso begirune eskasa izan da "Indarkeriari Legitimazioa Kentzea" izeneko plana aurkezterakoan. Oso begirune gutxi eskola osatzen dugun guztiokin eta batez ere irakasleokin, indarkeriaren hazia eskoletan ereingo balitz bezala aurkeztuz eta eskolak eta irakasleok orain arte ezer egin ez bagenu bezala adieraziz. Eta ez da horrela; etengabeko hausnarketa egiten ari gara aspalditik indarkeriaren -eta bere adierazpen guztien- inguruan eta, bera baino eragile indartsuagoak daudela jakinda ere, eskolak ez du etsitzen duen bokazio hezitzailean. Proposamen asko eta sakontasun maila desberdinekoak jarri dira martxan, baina arlo honetan ezin gara azalean gelditu, Hezkuntza Sailak indarrean jarri nahi duen plan partzial eta alderdikoiarekin azalean gelditu den bezala.

Hori dela eta, hainbeste alderdi ikusten nizkion gaiari, ez nuela asmatzen nondik heldu. Baina, dagoeneko erabaki dut: serio jokatuko dut, ez naiz konformatuko jokabide jakin bat deslegitimatzearekin, hori baita, hain zuzen, gaitzaren sustraietara joan nahi ez, eta adarretan alfer-alferrik gelditzea. Lehengoan, Baketik bake zentroaren Izan proposamena interesgarria bezain sakona ezagutzeko aukera izan nuen eta horixe ardatz moduan hartuta, jorratuko dut gaia blog honetan.