2011/03/30

Zerekin dantza egin?

Badute umeek doinuekin gozatzeko gaitasuna. Ikusten dugu nola gure ingurukoek txikitatik egiten duten dantza modako famatuen kantekin, nola ikasten dituzten gustuko marrazki bizidunen abestiak, nola maite duten behin eta berriz entzutea ipuin ezagunak, nola ikasten dituzten atsegin dituzten filmen elkarrizketak... Eta guk haien gogoa elikatzeko umeentzako espresuki egindako produktuak ematen dizkiegu hori egokiena delakoan.

Behin, duela urte asko, Joxerra Garziari entzun nion, haurrei ohikoa dugun baino maila goragoko literatura eskaini behar geniela, naiz eta iruditu agian ez zutela ulertuko. Orduan, han zeuden askok ez zuten proposamena ondo hartu, ordura arteko jardunari kritika egiten zitzaiola ulertu baitzuten. Eta ideia bera beste arloetara eraman daiteke, arte plastikoetara edo musikara, adibidez. Harrezkero askotan gogoratu naiz horrekin, eskola liburuetan azaltzen diren testu egokituak irakurtzen ditudanean, batez ere. Sarritan iruditu zait errazte eta egokitze aldera egiten ditugun ekarpenekin ekoizkina lotsagarri kamusten dugula. Baina, adina kontuan ez izatea komenigarriagoa da?

Hori guztia etorri zait gogora gaur, bideo hau ikusi dudanean. Zer iruditzen zaizu zuri?

2011/03/25

Ipuin bat

Erregina batek bi alaba eta seme bat zituen. Hirurak ziren ederrak eta inteligenteak eta beste bertute askoren jabeak.

Erreginak gogoratzen zuen alaba zaharrena jaio zen eguna, nola bete zitzaizkion begiak malkoz umearen begirada bizia lehenengo aldiz ikusi zuenean. Gogoan zeukan ere semea besarkatu zuen estreinako aldia, nola urtu zitzaizkion hitzak hasperen batean haurtxoaren esku leunak ukitu zituenean. Oroitzen zuen halaber alaba gazteena lehenbizikoz laztandu zuen istant liluragarria, nola hautsi zitzaion arnasa eztarrian txikiaren gorputz epela bularren ondoan sentitu zuenean.

Erregina zoriontsu izan zen hirurak osasunean hazten eta jakiturian goratzen ikusten zituen bitartean. Bihotza pozez betetzen zitzaion hiru haurren jolas-algarak etxeko lorategian entzuten zituenean.

Eta poza sentitu zuen ere basoko espiritua etorri zenean alaba zaharrenari bizitzarako hiru erregaliak egitera, aurrera egiteko heldua zela erakusten baitzuen maitagarriaren bisitak. Neskak jaso zituen, eskertu, eta bizitzan bakarrik egin behar zuen bidean abiatu. Handik gutxira, semearen txanda iritsi zenean, azaldu zen mendietako maitagarria eta hari ere eskaini zizkion ibilaldirako hornidura izango ziren hiru opariak. Mutilak eskertu eta dohainak harturik bide berriak urratzera joan zen.

Baina iritsi zen errege eta erregina guztiak atsekabetzen dituen eguna. Alaba gazteenari berebideko urratsak bakarrik egitea egokitu zitzaionean, etorri zen haizeetako aztiak eta esan zion, "Zuri dohain guztiak emango dizkizut aukeran, bide guztiak jarriko dizkizut eskura, eta izango duzu hiru dohain eta bide bat aukeratzeko libertatea. Baina etxetik doan azkenekoa zarenez, zure amak opari bat egingo dizu, opari bakarra".

Erreginak, hunkituta, horrela hitz egin zion, "Ez dizu erraza jarri Eoliako andere miragarriak, libertatean baitago erratzeko egokiera, eta aukeratzeak berarekin dakar-eta nahigabea... Hauxe da, beraz, nire oparia: harro egongo naiz zutaz bizitzaren abagune guztietan, orain artean harro egon naizen bezala, erratu nahiz asmatu, ez baita izango niretzat funtsezkoa zure urratsen helmuga, zu zeu baizik, zu zeu ibilian zoazen artean".

2011/03/18

Zergatik ez dugu aldarrikatzen?

Martxoaren 8ko emakumearen eguneko manifestaziotik bueltan, jabetu nintzen (hamaikagarren aldiz) gaur egun gertatzen den desmobilizazioaz. Donostiako kaleetan elkartu ginen manifestari kopurua eskasa izan zen, aurreko urtetan baino eskasagoa, nire irudiko...

Jarraitu artikulua jatorrizko publikazioan: http://zuzeu.com/2011/03/17/zergatik-ez-dugu-aldarrikatzenr/

2011/03/17

Negua joan da eta

Horrelako altxorrak aurkitzen ditugu batzuetan, eta ezin utzi zabaldu gabe. Lanean ari naiz doinu eta irudi pizgarri hauen laguntzarekin eta udaberria iritsi dela iruditzen zait

Pizgarria, ezta?

2011/03/14

Japoniarrak gogoan, isilik entzuteko



2011/03/03

Martxoaren 3an gogoratzeko

Hogeita hamabost urte pasa dira. Gaurko egunean, 1976an, greba orokor baten manifestazioei erantzunez bost langile hil zituen espainiar polizia militarrak Zaramagako Asisko San Frantzisko elizan.

Gasteizen izan zen. Greban zeuden langile asko Zaramagako Asisko San Frantzisko elizan bildu ziren. Espainiako polizia militarrek eliza gaseztatu zuten jendea irten arazteko eta bertan zeuden 5.000 lagunak irteten hasi zirenean, tirokatu zituzten. Bost langile hil ziren eta ehundik gora zauritu. Orduko segurtasun-indarren burua Manuel Fraga Iribarne ministroa zen.

Lluis Llach kantautore kataluniarrak biktimen omenez kanta hunkigarri bat konposatu zuen gau hartan bertan. Nire belaunaldikoek 18 urte genituen orduan. Gutako askok emozio dardara sentitzen dugu oraindik doinu hori entzuten dugunean.

Denok daukagu zer barkatu eta barkamena eskatzeko arrazoiak. Zauriak isteko modu bakarra izango da. Baina ez da komeni ahaztea. Gogora dezagun. Berriro gerta ez dadin.