2010/09/30

Neutral izan gaitezke?

Duela gutxi sarrera hau idatzi nuen Matt Hardingen Dancing bideoa komentatuz. Orduan ohartu nintzen ateratzen ziren hirurogeita bederatzi estatuetatik Espainia zela bandera erakusten zuen bakarra. Gaur, Euskal Herrian egindako antzeko bideo baten berri izan dut Sustaturen bidez eta hona ekarri dut. Honetan ez dut banderarik ikusi, baina horrelako ekoizpenak inoiz ez direla neutroak izaten ohartzeko interesgarria iruditu zait. Begiratu eta konturatuko zarete, adibidez, bukaerako kredituetan "Bideo honen helburu bakarra Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko..." jartzen duenean. Edo Irungo alardeko irudiak aurkeztean, Alarde Tradizionala da, ezta?

Publikatzen dugun denak kolorea du, ez al da hala?


2010/09/29

Nobel sari batek irakasten duena

Gauza interesgarriak esan zizkigun atzo Richard Ernstek Donostia International Physics Center-ek antolatu dituen hitzaldietako batean.

Richard Ernstek, Kimikako Nobel saria jaso zuen 1991-n Erresonantzia Magnetiko Nuklearraren (EMN) garapen alorrean egindako ekarpenengatik. Eta ibilbide luzea egin du, ikerkuntza munduan erretiroa hartu duen arte.

Baina atzoko hitzaldian, ikerkuntzaren azalpena bezain interesgarria, bere ibilbidearena izan zen, zientziari eskainitakoaz at, artean eta beste esparrutan izandako esperientziak erakutsi zizkigun eta. Zientzialariak jakintza-alor anitzetan jardutearen garrantzia, are hobeto, nahitaezkotasuna azpimarratu nahi izan zuen, eta horretarako adibide adierazgarriak aurkeztu zituen.

Oso interesgarria izan zen, generalista edo espezialista izatearen arteko hausnarketa partikularrean. Oso interesgarria -eta gogoetara eraman beharko lukeena- Boloniako proiektuaren ildotik espezializazioaren eta profesionalizazioaren bidetik abiatu den Unibertsitatearentzat.


2010/09/22

Espainiako bandera nazionala nonahi

Ordenadorean wordpress instalatu nahian, Apache eta Mysql-kin borrokoan nenbilela, bideo honekin egin dut topo. Ez da berria, ezagutuko duzue agian. Baina niretzat lehenengo aldia izan da.



Asko gustatu zait. Poza dario. Irribarre zabala sortu dit. Baina amaitu denean, bazegoen zertxobait oroipenean zintzilik geratu zaidana. Zerbait ez dator bat beste guztiarekin. Bigarren aldiz ikusi dut eta jakin dut zer den: hirurogeita bederatzi estatu azaltzen dira eta batek bakarrik erakutsi du bere bandera. Nork eta Espainiak.

Idatzi nuen azkeneko sarreran, Katalunian Diada egunean jarritako banderez aritu nintzen eta ez naiz bereziki banderazale. Izango zen akaso "rojigualdak" egiten duen itzal nonahikoak gurea itzaliko ote duen kezka?

2010/09/11

Katalunian

Irailaren 11n Bartzelonara iritsi naiz eta gogoratu dut iaz ere, gaurko egunez, hemen izan nintzela. Orduan ezustean harrapatu ninduen ikusi nuenak: Diada ospatzen ari ziren eta kaleak senyeraz beteta zeuden. Gaur ere horrela aurkitu ditut.

Konparazioak egitea ez da bidezkoa izaten beti, batzuetan bidegabekoa da, baina naturalki atera zait oraingoan. Gogoratu dut azken urtean Kataluinean egin diren independentziaren aldeko erreferendumak. Gogoratu dut uztailaren 10ean Estatut-taren garapenari jarritako trabak denuntziatzeko (eta independentzia aldarrikatzeko) bertakoek egin zuten manifestazio erraldoia. Gogoratu dut hona etorri naizen guztietan izan dudan atsegina toki guztietan katalana entzutean. Gogoratu ditut webean katalanez aurkitzen ditudan eduki didaktiko ugariak. Eta inbidia sentitu dut.

Halako batean, gaur goizean etxetik alde egitean ikusitako azken irudia gogora etorri zait: Realeko bandera bizilagunen lehioetan. Hori izango ote da gure identitatea?