2010/12/31

Betiko jarririk dago?

La vieja religión del dinero / The old by Heart Industry, on Flickr
Ekonomiaz ez dakigunok noizean behin entzun behar izaten dugu ezer ez dakigula. Egoera ekonomikoaz mintzatzean banaketa beste era batera egin behar dela esaten badugu, errealitatea holakoa dela entzun behar izaten dugu espezialisten ahotik.

Gauzak horrela dira, ez dugu ikusten? ez dugu ulertzen? Berdin du. Hauxe da sinestarazi nahi diguten kredo berria:

Sinisten dut Jainko bat bakarra
Nagusi guztiz ahaltsu, bizimodu guztien egile,
ageri diren eta ez diren guztiena.
Sinisten dut Jaun bat bakarra, Kapitala
Diruaren Seme bakar,
mende guztiak baino lehen Handinahiak sortua.
Neurrigabekeriagandik Jainko,
egiazko Gehiegikeriagandik egiazko Jainko.
Sortua, ez egina,
Bizitzaren izate berekoa.
Haren bidez dira eginak gauza guztiak.
Gu gizonongatik eta gu salbatzeko
jarri zen munduan
eta Aberats ahaltsuen egitez
Banka miragarrian gorputz harturik,
nagusitu zen.
Kapital ahaltsuaren zerbitzuan
gugatik goretsia izan zen,
Ekonomiaren Liburu Santuak esan bezala,
gailurretara igo eta aldakuntzarik gabe
betiko jarririk dago.

Zu ere fede horretakoa zara?

2010/12/22

Hator hator mutil/neska etxera

Gizakiaren muinean dago sinboloak sortzea eta ezingo ginateke hauek gabe bizi. Harremanei indarra eta balioa ematen diete eta gure identitatean sustraitzen dira. Gabonak sinboloez kargatuta etortzen zaizkigu beti, eta sinbolo horien guztien artean, maite ditugunekin elkartzearena da indartsuena.

Gure gizartean Gabonetako eduki erlijiosoa arindu den arren, zaila egiten zaigu jai hauek dakarten emozio edukia ez sentitzea. Nire belaunaldikoek ikusi dugu nola joan den aldatzen eta beste balioez janzten Eguberriaren esanahia. Baina aldatu ez dena, ume garaian bizitzen genuen bezala mantendu den sinboloa, maite ditugunekin elkartzearena da. Eta hori, hain zuzen, poza izan beharrean mina iturri bilakatzen zaigu askotan.

Nik ere sentitzen dut samin hori eta saiatzen naiz urruti daudenen gabeak ekartzen didan atsekabe horretaz babesten. Eta esplikazioak ematen dizkiot neure buruari sinboloak aldatu eta egokitu ditzakegula esanaz. Eta distantzia jartzen dut Gabonetako egunak beste edozein egun bezalakoak direla arrazoituz. Eta kontsolatzen naiz urruti egon arren elkar maitatzea dela merezi duena pentsatuz. Baina halere, abuztuan sentituko ez nukeen haien mira ekiditea ez dut lortzen.

Horregatik, oraingoan zintzo jokatuko dut eta, ezer gertatuko ez balitz bezala egin beharrean, bidea libre utziko diot negar-malko bati, soilik gaur. Eta zuekin topa egingo dut ez daudenengatik, urruti daudenengatik eta, hemen, haien falta dugunongatik.


2010/12/12

Oilo estresatuen arrautzarik ez

Papereko ZuZeu erosi nuen Durangon, bertan azaltzen ziren gai gehienak interesgarriak izango zirela pentsatuz. Azalean zetozen denen artean arrautzak zaintzearena zen gutxien erakartzen ninduena "Zaindu zure arrautzak, maitea" izenburua ez nuelako neure egiten, ez baitut haiekin (arrautzekin, alegia) atxikimendurik sentitzen, supermerkatuan erosi eta zartaginerako bidean, hozkailuan dauden bitarte horretan.

Baina, gainetik begiratzen ari nintzela, artikuluaren lehenengo esaldia irakurri eta Garay jaunak idatzitakoak kontsumitzaile kontzientzia esna arazten zidala sumatu nuen. Testua bukatzeko denborarik hartu gabe, sukaldera joan eta hara non ohartzen naizen halako bilgarri ekologiko-biologiko itxurakoaren barruan, arrautzak ez direla nik espero bezala 0 kategoriakoak, 3-koak baizik. A ze disgustua!

Nire atsekabea txikia zen lagunak izan zuenarekin konparatuta, bion artean bera baita gure elikagaien jatorri naturalarekin jarrera arduratsuena daukana. Ezin zuen jasan, gauzak ahal den ondoen egin nahi eta merkatuaren zabarkeriagatik oilo estresatuen arrautzak jan behar. Haren nahigabearekin bat egin nuen eta, denborarik galdu gabe, dendara joan ginen egoerari aurre egiteko. Kodea ikusi behar genien kosta ahala kosta ditxosozko arrautzei. Apalean zeunden lau markakoak -labelekoak barne- begiratu genituen bati prezintua eta guzti kenduz, parean zegoen harakinaren gaitzespen keinuari jaramonik egin gabe. Eta haietatik bakar batek besterik ez zuen zaintzen guk nahi genuen kalitatea.

Egun badakigu zein arrautzak erosi. Aukeratutako horiek dauzkagu hozkailuan. Eta ez dakit zergatik -akaso horrelako azterketa sakona egitearen ondorioz-, baina arrautzak pixka bat nireagoak sentitzen ditut orain.

2010/12/09

Hitz batzuk Xabier Leteri

Haren doinuak ahapetik kantatzen pasa ditut egun hauek, bere poemen pasarteak gogoan. Eta ezin dut eta ez dut nahi Xabier Letek eman didanaz (eman digunaz) idatzi gabe geratu. Ez diot agur esan nahi hainbestetan piztu dizkidan emozioak eta intuizioak hona ekarri gabe.

"Euskalerri nerea ezin zaitut maite, baina non biziko naiz zugandik aparte" kantatu zuen poetak gure herria -eta hizkuntza- amodio lazgarri horrekin maitatzen lagundu zidan, "O katalunia"ren letrekin gurearen antzeko besteak ere ondoan ditugula ohartzen lagundu zidan bezalaxe.

“Periodikua letzen ilustratzen” ginen garaian, konplizitate irribarrea eragiten zigun “teologiak programa nola bihurtzen ziren” esplikatzen zuen kantari bihurriak.

Une malenkoniatsuetan "desiozko hotzikaran, etsipenaren tamalez, gaua zelatan, kontzientzia bilutsik" sentitzen nintzen hainbatetan harekin batera. Eta harekin batera ere "izaki guztien aldakuntza etengabea dela eta izatetik izatera atsedenik gabeko mugimenduak garamatzala" sumatu nuen noizbait.

Bilakuntza etengabean ibili zen gizonaren ondoan "sinisten dut egun batean hilen naizela, hutsean eroria, ezerezean amildua, hauts bihurtuko naizela". "...eta jauzi eginez izate lurtarretatik infinitoetara, joan zirenetaz mintzo den eresi zorabiatu hori pena batek dirauenean erredimi ezina, (Bachen) musika goiarnastuen dardarrek antzaldatzen” zutenarekin bat egin nahi dut gaur bihotzean.


Xabier,
"Orain badakizu nun zauden
eta zer zeran
eta zer itxoin zenezakeen
egunsenti batetatik."

2010/12/03

Erabaki zuk zeuk zein iruzur nahi duzun

Engainatzen gaituzte, gezurra esaten digute, ziria sartzen digute... eta gu batean edo bestean, inuzente, erori egiten gara.

Krisiak hala eskatzen duelako gastu soziala murriztu beharra dagoela esaten dutenean, engainatzen ari zaizkigu. Badakigu-eta nora bideratu den azken honetan gobernuen diru gehiena.

Zaborraren kudeaketa egokia erraustegietatik pasatzen dela esaten digutenean, iruzur egiten ari zaizkigu. Saiatu al dira hain kutsagarri ez diren beste bide batzuk garatzen?

Trafiko arazoak ekiditeko errepide gehiago behar ditugula esaten dutenean, ziria sartzen ari zaizkigu. Ez al gara ohartzen zein industria motari eta gizarte ereduari egiten zaion mesede?

Telebistako programa bat zaborra izan arren audientziak horrela eskatzen duelako jarri beharra dagoela esaten dutenean, gezurretan ari zaizkigu. Noraino aukera ematen digute zentzu kritikoa bultzatzen duten programa inteligenteak ikusteko?

Diru publiko gutxiago dagoela-eta euskara sustatzen dituzten erakundeei laguntza jaitsi egin behar zaiela esaten dutenean, trapukeriatan ari zaizkigu. Sos batzuk besterik ez dituztelako banatzen beste edozertarako erabiltzen denarekin konparatuz.

Euskararen eguna zalaparta handiz, hainbeste maite dutela aldarrikatuz,ospatzen ari diren honetan ere engainatu nahi gaituzte. Ez dugu gogoratzen atzo artekoa?

Ez dago iruzurgile bakarra, boterea ez duten askok jokatzen dute antzera, eta
zintzotasun falta badago ere, noski, garbiago diruditen beste eremutan.

Kontua zera da: nork engainatua izan nahi duzu? Zuk erabaki.  

2010/11/29

Sare sozialetan bizirik egotea

Sartu naiz gaur twitterren eta ikusi dut hantxe dabiltzala hizketan nire jarraituak. Berriketan.infon izan naiz eta segitu dut tarte batean bertako jardunaldia. Umapen ere begiratu eta kasu egin diot haien mintzaldiari.

Ez da lehenengo aldia buelta hori egiten dudala, lanean serio hasi aurretik, eguneko albisteak irakurri eta joan-etorri bat twiterlarien solasean. Halakoetan nabilela, zerbait esateko beharra sentitzen dut, ez naiz bada izango haiei begira dagoen begiluze bat. Horregatik, ezkutuan ez egoteko, login egin eta barrura sartzen naiz. Baina hori ere ez da oso dotorea: "orain arte gortinen atzean nengoen eta orain zabaldu ditut, beraz edozeinek jakingo du begira nagoela, zintzoago izan arren agerian geratu naiz; gainera, gaur ere ez zait ezer bururatzen eta ez naiz denbora gehiago geratuko". Orduan, handik atera eta zereginetara itzultzen naiz.

Ez dit sortzen horrek ezinegon sakonik, baina deseroso bueltatzen naiz pasiera horietatik: kuxkuxero izateaz gain esateko ezer ez dudala adierazten badu? eta okerragoa dena, euskal blogosfera osoa konturatzen bada nire gabezia horretaz? Ezin dut hain erraz burutik baztertu eta hor segitzen du (lanean serio hasi naizenean ere) neurona dantzari batek kontzientzia-etsamina lanetan.

Iritsi zait, ordea, goizeko kafetxoaren tartea eta zigarroaren keak eman dit erantzuna: "neska! beti izan zara oso isila".

2010/11/16

Hau da zirrara!

Albistari famatu batean idazten dut batzuetan. Bururatzen zaidana osatzeko idatziari buelta mordoxka ematen dizkiot eta zerbaitera iritsi naizenean, berriz irakurtzen dut nola geratu den ikusteko. Behin eta berriro zuzentzen dut, ustez txukunen geratu den arte.

Jarraitu artikulua jatorrizko publikazioan: http://zuzeu.com/2010/11/16/hau-da-zirrara/

2010/11/15

Ba al dugu gizarte-zatiketarik?

Aste honetan bertan Zuzeun azaldu den Salvados eta manipulazioan, Martxelo Otamendi eta Gorka Landabururi egindako elkarrizketan gizarte-zatiketari buruzko galdera azaltzen da beste askotan bezala. Alegia, ea “País Vascon, edo Euskadin, bi komunitate bereiztuta bizi ote diren. Martxeloren ezezko erantzuna alde batera utzita, zer pentsa eman dit berriro maiz errepikatzen den galdera horrek.

Jarraitu artikulua jatorrizko publikazioan: http://zuzeu.com/2010/11/14/ba-al-dugu-gizartezatiketarikr/

2010/11/07

Les dones no t´esperem

Irakasle eskolan jasotakoen artean hau da gogoan dudan ikasketa bat: “utzi haurren jokabide desegokiak indartzeari, eta saritu ditzagun bakarrik jokabide egokiak”.

Jarraitu artikulua jatorrizko publikazioan: http://zuzeu.com/2010/11/07/les-dones-no-tesperem/

2010/10/31

"Anai(a) zaharraren lur gazte"

Ostiralean bidali zidan alabak Bartzelonatik honen atzean doan lip dub-a.

Lip dub-a ikus-entzunezko mota bat da, kantu ezagun bat entzuten den bitartean, kamara batek sekuentzia bakarrean ibilbide bat egiten du, eta bidean jendearekin topo egiten du abesten, dantza egiten, antzezten...

Oso gustura ikusi dut, pizgarria da, eta gurera ekartzea izan da hurrena. Bideoarekin batera "euskal herrian antzeko zeozer egiteko" deia zetorren eta ezin izan nuen saihestu konparazioa. Gogora dezagun nolakoa den gure aldarrikapen-ekintzen tonua eta alderatu dezagun bata eta bestea. Ez naiz hasiko aztertzen zer dagoen diferentzia horren atzean, baina nago aurkituko genukeela arrazoi bat baino gehiago.

Noiz aterako gara euskaldunak herri-tristezia luze honetatik? Zergatik ez hasi oraindanik? Baditugu gainditu beharreko oztopoak, baina ez degizkiogun handiagoak jarri. Eta irribarre kutsakor batekin probatuko bagenu?


2010/10/14

Dementziatik babesten gaituena

Creative Commons Attribution-Noncommercial-No Derivative Works 2.0 Generic License  by  jamelah 

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak abian jarri duen agenda zientifikoa, Zientziategiaren berri iritsi zait eta portadan horrelako titulua "Dementziatik babesten du hezkuntzak" irakurri dut.

Oso interesgarria iruditu zait gaia nahiz eta oso garbi ez ikusi zer esan nahi duen: hezitzaileak babestuta gaudela? heziketa jasotzeak alzheimerretik saihesten duela? Hezkuntza Sailak zoroengandik babesten gaituela?

Ikusi dut azpititulua eta pixka bat ulertu dut: "Ikerketa bateko emaitzek aditzera eman dutenez, zenbat eta denbora gehiago eman hezkuntza jasotzen, hainbat eta babes gehiago omen dauka burmuinak dementziaren ondorioen kontra." 

Ikerketa hitzak linka dauka Eroski Consumer aldizkarira, baina han ez dut aurkitu aipatutakoaren aztarnarik; gero begiratu dut BBC-n -hori baita sarreran aipatzen den iturria- eta alzheimerraren inguruan nahikoa irakurri ondoren, hezkuntza luzea izatearen onuraren berririk ez, gehien-gehienez puzzleek eta gurutzegramek dementzia atzeratzen dutela jakin dut.

Zapuztuta geratu naiz, hezkuntzaren garrantzia zientzia-datuekin azpimarratu nahi eta ezin.

Bukaeran lortu dut kontsolamendua, Artritisaren proteinak alzheimerrarekiko babesa omen direla jakin dudanean. Lasaitu ederra; bihartik aurrera goizeko artikulazioko minak "egun on!" atseginez agurtuko ditut.

2010/10/06

Graffitiak egin sarean

Hau ere gustatzen zaigu, matematika haina, eta zer esanik ez, ikasleei!!

Brooklynmuseumekin graffitiak egin

Virtual graffiti

2010/10/05

Matematikarekin jolasean

Noizean behin aurkitzen ditugu ikasteko balio duten jolasak eta hona ekartzen ditugu. Oraingoak matematikakoak dira eta ingelesez eta gazteleraz daude; baina gure ikasleak oso azkarrak dira eta hizkuntza asko menderatzen dituzte. Hauexek dira topatu ditugun bi orrialdeak, biak txukun eginak, eta jarduerak banan bana aztertu aurretik, zuek erabil ditzazuen ekarri ditugu:

www.matematicasdivertidas.com

disfrutalasmatematicas

Hemen aurkezteaz gain, baliabideen orrian ere jarri ditugu, nahi duzuenean jostatu zaitezten.


2010/09/30

Neutral izan gaitezke?

Duela gutxi sarrera hau idatzi nuen Matt Hardingen Dancing bideoa komentatuz. Orduan ohartu nintzen ateratzen ziren hirurogeita bederatzi estatuetatik Espainia zela bandera erakusten zuen bakarra. Gaur, Euskal Herrian egindako antzeko bideo baten berri izan dut Sustaturen bidez eta hona ekarri dut. Honetan ez dut banderarik ikusi, baina horrelako ekoizpenak inoiz ez direla neutroak izaten ohartzeko interesgarria iruditu zait. Begiratu eta konturatuko zarete, adibidez, bukaerako kredituetan "Bideo honen helburu bakarra Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko..." jartzen duenean. Edo Irungo alardeko irudiak aurkeztean, Alarde Tradizionala da, ezta?

Publikatzen dugun denak kolorea du, ez al da hala?


2010/09/29

Nobel sari batek irakasten duena

Gauza interesgarriak esan zizkigun atzo Richard Ernstek Donostia International Physics Center-ek antolatu dituen hitzaldietako batean.

Richard Ernstek, Kimikako Nobel saria jaso zuen 1991-n Erresonantzia Magnetiko Nuklearraren (EMN) garapen alorrean egindako ekarpenengatik. Eta ibilbide luzea egin du, ikerkuntza munduan erretiroa hartu duen arte.

Baina atzoko hitzaldian, ikerkuntzaren azalpena bezain interesgarria, bere ibilbidearena izan zen, zientziari eskainitakoaz at, artean eta beste esparrutan izandako esperientziak erakutsi zizkigun eta. Zientzialariak jakintza-alor anitzetan jardutearen garrantzia, are hobeto, nahitaezkotasuna azpimarratu nahi izan zuen, eta horretarako adibide adierazgarriak aurkeztu zituen.

Oso interesgarria izan zen, generalista edo espezialista izatearen arteko hausnarketa partikularrean. Oso interesgarria -eta gogoetara eraman beharko lukeena- Boloniako proiektuaren ildotik espezializazioaren eta profesionalizazioaren bidetik abiatu den Unibertsitatearentzat.


2010/09/22

Espainiako bandera nazionala nonahi

Ordenadorean wordpress instalatu nahian, Apache eta Mysql-kin borrokoan nenbilela, bideo honekin egin dut topo. Ez da berria, ezagutuko duzue agian. Baina niretzat lehenengo aldia izan da.



Asko gustatu zait. Poza dario. Irribarre zabala sortu dit. Baina amaitu denean, bazegoen zertxobait oroipenean zintzilik geratu zaidana. Zerbait ez dator bat beste guztiarekin. Bigarren aldiz ikusi dut eta jakin dut zer den: hirurogeita bederatzi estatu azaltzen dira eta batek bakarrik erakutsi du bere bandera. Nork eta Espainiak.

Idatzi nuen azkeneko sarreran, Katalunian Diada egunean jarritako banderez aritu nintzen eta ez naiz bereziki banderazale. Izango zen akaso "rojigualdak" egiten duen itzal nonahikoak gurea itzaliko ote duen kezka?

2010/09/11

Katalunian

Irailaren 11n Bartzelonara iritsi naiz eta gogoratu dut iaz ere, gaurko egunez, hemen izan nintzela. Orduan ezustean harrapatu ninduen ikusi nuenak: Diada ospatzen ari ziren eta kaleak senyeraz beteta zeuden. Gaur ere horrela aurkitu ditut.

Konparazioak egitea ez da bidezkoa izaten beti, batzuetan bidegabekoa da, baina naturalki atera zait oraingoan. Gogoratu dut azken urtean Kataluinean egin diren independentziaren aldeko erreferendumak. Gogoratu dut uztailaren 10ean Estatut-taren garapenari jarritako trabak denuntziatzeko (eta independentzia aldarrikatzeko) bertakoek egin zuten manifestazio erraldoia. Gogoratu dut hona etorri naizen guztietan izan dudan atsegina toki guztietan katalana entzutean. Gogoratu ditut webean katalanez aurkitzen ditudan eduki didaktiko ugariak. Eta inbidia sentitu dut.

Halako batean, gaur goizean etxetik alde egitean ikusitako azken irudia gogora etorri zait: Realeko bandera bizilagunen lehioetan. Hori izango ote da gure identitatea?

2010/08/23

kamera... ekin!

Udan gauza gutxi ari zitzaizkidan gertatzen eta ezin ZuZeu albistariren U2-ko zozketan parte hartzeko istoriorik idatzi. Pasadizoen eskasia aztertzen hasi nintzenean, arrazoiaz ohartu nintzen: burutzen nituen ekintza guztiak zuhurrak eta ohikoak ziren. Egia da etxe ondoko supermerkatura joateak edota Ondarretako uretan murgiltzeak ekar dezakeela ezusteren bat...

Jarraitu kontakizuna jatorrizko publikazioan:http://zuzeu.com/2010/08/22/kamera-ekin/


2010/08/10

Bizikleta, gogoeta

Bizikletan ibiltzen zarenean asko ikasten duzu.

Asko ikasten duzu geografiaz. Ordura arte autoaren abiadurak lausotuta igarotzen zenituen errepideak, bere osotasunean agertzen zaizkizu orain. Laua zena aldapa bihurtzen da, eta aldapa arina, malda pikoa. Lehen, alboetan ikusten zenituen zuhaitzak, haritzak, pagoak, arteak eta intxaurrak dira gaur, eta ordura arte inora ere eramaten ez zuten bidegurutzeak toki ederretara joateko bideak bilakatu dira. Ustekabean, zure maparen eskala handitu egin da.

Asko ikasten duzu neurriaz. Lehen uste zenuen aldapa luzeenek ez zutela ordu erdia baino gehiago irauten eta, jada, bistakoa da bi ordutik gorakoak direla. Pentsatzen zenuen nekea ahaleginaren amaieran zegoela, baina egun, badakizu nekearen atzetik indarrak jarraitzen duela. Abiada izateko ehun eta hogei baino gehiago behar zenuen, eta sekulakoa da orain hirurogeikoa.

Eta batez ere, asko ikasten duzu gizakiaz. Psikologiazko tratatu bat egin dezakezu atzetik datozen gidarieei esker. Aristotelesek egin zuen giza-izaeren sailkapenarekin gogoratu zara. Eta denen artean nahiago duzuna “birtutetsua” da: xuabe iristen da, distantzia erosoan jartzen da eta zaratarik gabe, elegantziaz kasik, aurreratzen zaitu tarte handia utzita. “Moderatuaren” aurrean ere lasai joaten zara: ez dakizu ondo zuhurtzia edo beldurra den, baina belozidadea gutxitu eta bihurgunea bukatu arte zain egoten da, nahiko txukun aurreratuz. Arazoak ematen dizkizuna “intenperantea” da; ahaztuta zenuen izen hori eta sasikume deitu diozu gaur arte bizikleta gainean zeundenean.

“Biziotsuarekin” daukazu zalantza: zure atzean, popari itsatsita, azeleragailuari eragin eta eragin dabilen hori izango ote da?

2010/08/06

Hobe isiltzea

Galdetu ziotenean zergatik egon zen idatzi gabe 1947tik 1966ra, ezer esateko ez daukagunean hobe dugula isiltzea erantzun zuen Jose Saramagok, bere estilo zorrotzean.

Hori irakurtzerakoan, Espainiako komunikabide gehienetan entzuten diren hitz hutsetaz eta azalekoetaz gogoratu naiz. Irudikatu ditut garrasika eta irainka egiten diren tertulia lotsagarriak ezer ez esateko. Zergatik ez dira isiltzen telebista eta irrati horietako zabor-tertulietako hainbat eta hainbat partaide?

Izango da akaso ezer esateko ez duten horiek -eta gonbidatzen dituztenak- ez direlako beren burmuineko hutsaren kontziente?

2010/08/03

Jakituriaz

Lagun batek noizbait esan zidan jakintsua nintzela. Errepikatu ere errepikatu zuen, birritan edo. Esaten zidanean, erakutsi gabe harrotzen nintzen piska bat, baina aldi berean iruditzen zitzaidan ez dudan jakinduria ikusten zuela berak nigan. Ondorengoetan, komeriak izaten ziren bere begien aurrean jakintsu izaten jarraitzeko; edo, egun batetik bestera nire jakintasun falta bat-batean agertuko zitzaion konbentzimendua.

Hala ere, nik ere uste nuen, orduan, nolabaiteko jakitatera iristen ari nintzela, badakizu, adinak dakarren heldutasuna, bizi-esperientziaz jasotzen duguna, gure bidearen joan-etorri saminek eman diguten ordaina, egin dugun barne-lanaren ondorioa... Baina gero, egunerokoaren eskakizunak medio, sakontasuna galtzea hain da erraza.

Ai ene! Zein azkar eskasten zaigun lortutako ezagutza; giharrek indarra galtzen duten bezala kirol jarduera eteten dugunean!

2010/07/23

Bahituta egon naiz

Bahituta egon naiz. Ez da izan oso denbora luzea, baina bahituta egoteko, bai. Egunero gogoratzen nintzen nire txoko honekin, baina ezin etorri. Orduoro urruti utzi nahi nituen bahituta egon naizen tokiko paretak, baina ezin haietatik ihes egin. Minutuoro sentitzen nuen bahituta egotea ez zela nire bokazioa, baina bahituta nengoen eta egoera hortatik ezin ihes egin. Bahituta nengoen bitartean senti nezakeen hura zela bizitzea tokatzen zitzaidana eta asko ikasiko nuela egoera hartan, baina denbora gehienean bukatzea nahi nuen. Horrelakoa naiz: batzuetan ematen du urte hauetan denetan ezer ez dudala ikasi.

Ondoren, etxe berri honetako giltzak betiko giltzatakoan sartu, paretetan koadro maiteenak ipini eta, erreskaterik gabe, aske nago berriz. 


2010/06/27

Ezin dituzu zure beldurrak uxatu...


... baina haiekin bizitzen ikas dezakezu

2010/06/20

Zilborrestea

Azken egunotan, zilborrestearen inguruan hitz egitea suertatu zait behin baino gehiagotan. Loturak eta loturei buruz pentsatu behar izan dut askotan. Batzuk besteei jartzen dizkiegun tranpetaz gogoeta egin dut. Eta tranpak eta iruzurren artean iruzurtiena, elkar maite dugunen artean sortzen direnak. Ama garenok, eta ama izan gabe bizitza ematen dutenak, eta seme edo alaba garenok, edo seme eta alaba direnekin gabiltzanok, edo ama eta aita direnekin harreman dugunok eten gabe izaten gara elkarri jartzen dizkiegun lanak eta bete ezin diren eskakizunen lekuko.

Nik ikasi nuen zilborrestea beharrezkoa zela umekiak bizitza berrirako behar zituenak jasotzeko. Ama emalea zen. Horregatik eten behar zen. Umeak jaso beharreko guztia jasotzen zuenan, eten behar zen. Zergatik, orduan, galtzen dugu bizitzak eman digun papera? Zergatik norabide batekoa izateko sortutakoa bestera irauli egiten dugu naturala zena natura kontrakoa bihurtu?

Izugarria da, izugarria eta marabillosoa, izugarria, marabillosoa eta bozkariagarria nolako trebetasuna daukagun gizakiok xinpleena erabat korapilatzeko!


2010/06/19

Saramago hil da

Saramago hil zen atzo. Eta jakin dudanean, zerbait esateko gogoa sentitu dut. Nobel saria eman ziotenean ezagutu nuen nik. Orduan, bere nobela "Todos los nombres" irakurri nuen eta mundu berezi batean sartzen nindula somatu nuen, baina ez zidan barrua ukitu. Handik urte batzutara, "Ensayo sobre la ceguera" irakurtzerakoan, inpresionatuta utzi ninduen Saramagok. Ez dut ezagutu gizakiak duen ona eta txarra berak bezain ondo azaltzen duen idazlerik.

Eta harrezkero jarraipena egin nion bere liburuetan barrena. Denen artean, bada bat irakurri nuen une hartan emozioa, negar egiteraino, piztu zidana : "La caverna". Horregatik, idazle maitatua gogoratzeko, lan eder horretako pasarte hunkigarri bat idatziko dut hemen. Nahiko nuke euskaraz jartzea eta itzultzea bururatu zait, baina beste lan trinko batzuek eskatzen didate orain arreta. Beste batean, akaso...


"Verdaderamente son pocos los que saben de la existencia de un pequeño cerebro en cada uno de los dedos de la mano, en algún lugar entre falange, falangina y falangeta. Ese otro órgano al que llamamos cerebro, ese con el que venimos al mundo, ese que transportamos dentro del cráneo y que nos transporta a nosotros para que lo transportemos a él, nunca ha conseguido producir algo que no sean intenciones vagas, generales, difusas y, sobre todo, poco variadas acerca de lo que las manos y los dedos deberán hacer. Por ejemplo, si al cerebro de la cabeza se le ocurre la idea de una pintura o música, o escultura, o literatura, o muñeco de barro, lo que hace él es manifestar el deseo y después se queda a la espera, a ver lo que sucede. Sólo porque despacha una orden a las manos y a los dedos, cree, o finge creer, que eso es todo cuanto se necesitaba para que el trabajo, tras unas cuantas operaciones ejecutadas con las extremidades de los brazos, apareciese hecho. Nunca ha tenido la curiosidad de preguntarse por qué razón el resultado final de esa manipulación, siempre compleja hasta en sus más simples expresiones, se asemeja tan poco a lo que había imaginado antes de dar instrucciones a las manos [...] algo que toca lo indecible, ese color todavía no nacido del todo que, con el asentimiento, la complicidad ya a veces la sorpresa de los propios ojos, las manos y los dedos van creando y que probablemente nunca llegará a recibir su justo nombre. O tal vez ya lo tenga, pero sólo las manos lo conocen, porque compusieron la tinta como si estuvieran descomponiendo las partes constituyentes de una nota de música, porque se ensuciaron en su color y guardaron la mancha en el interior profundo de la dermis, porque sólo con ese saber invisible de los dedos se podrá alguna vez pintar la infinita tela de los sueños [...] El cerebro preguntó y pidió, la mano respondió e hizo. Marta lo dijo de otra manera, Ya le ha cogido el tranquillo."

Bakean bego, José de Sousa Saramago

2010/06/17

Manifestazioa Donostian: moratoria, errausketarik ez


Erraustegiaren Kontrako kideek manifestazioa deitu dute datorren igandean, ekainak 20, eguerdiko 12:00etan, Donostiako Bulebarrean. Egun horretarako “Osasunaren alde, Moratoria, Errausketarik ez” lelopean antolatu dute manifestazioa batetik Usurbilgo Ituna sinatu duten partidu, sindikatu eta mugimendu sozialek eta bestetik Errausketaren Aurkako Taldeen Koordinakundeak.

2010/06/07

Lopez eta Zelaaren gobernua Eskola Publikoaren aurka?

Eskolatik kanpo dagoenak ez du agian jakingo zer den eskolako lanpostuen zerrenda (RPTa) eta inoiz ez zuen galdetuko eskola baten antolaketaz, baina pentsatzen jartzen bada konturatuko da eskola batek funtzionatzeko irakasleek klasea ematea baino gehiago behar dela.

Lehen Hezkuntzako eskola batean irakasle tutoreak behar dira eta irakasle espezialistak (ingelesa eta gorputz hezkuntza eta musika) eta eskolako martxa antolatuko duten eta gainbegiratuko duten zuzendaritzako taldekoak eta jangelaz eta jangela garaian ikasleak zaindu behar dituzten begiraleez arduratuko dena, eta liburutegia kudeatuko duena, eta laguntza eta programazio berezia behar duten ikasleei laguntza emango diena eta eskolako baliabide teknikoez arduratuko den irakaslea. Horregatik eskola batek 32 ikasle talde baditu, 32 irakasle baino gehiago behar ditu. Irakasle talde hori zenbatekoa izango den urtez urte erabakitzen da ikasle kopuru eta eskolak dituen berezitasunen arabera. Urtetik urtera ez da aldaketa handirik egoten eskolako baldintzak aldatzen ez badira. Ikasturte bukaera aldean, ekainean hain zuzen, iristen da lanpostuen zerrenda.

Hori da, hain zuzen, lehengo asteazkena eskoletara iritsi zitzaiguna: datorren ikasturteko lanpostuen zerrenda. Eta murrizketak iragarrita zeuden arren, ezin genuen sinistu ikusten genuena: bi eta hiru arteko irakasle gutxiago 32 ikasgela dituen eskola bakoitzeko. Horrek esan nahi du %6 eta %8 arteko murrizketa egin digutela. Eta kasu batzuetan esan nahi du datorren ikasturtean ez dugula izango ikastalde guztiei derrigorrezko diren ingeleseko klaseak emateko irakasle nahiko izango. Edo ezingo diegula gelatik kanpoko laguntza eskaini zailtasun bereziak dituzten ikasle askori. Edo 110 ordenagailu finko eta 140 eramangarri denak sarean konektatuta ditugun eskolan ez dela egongo horien funtzionamenduaz eta proiektuaz arduratzen den irakaslerik. Eta hori bezalako beste arazo asko, ez baigara ailegatuko eskolak dituen beharretara.

Horregatik egin dute protesta zuzendariek, baldintza hauetan Euskal Autonomi Erkidegoko Eskola Publikoa porrotera doalako. Lopezen gobernuak egin du, Isabel Zelaa Hezkuntza Sailburuak egin du. Sozialistak?


OHARRAK (Post scriptum) 10/06/16: Badirudi Hezkuntza Sailak azken orduko aldaketak egin dituela eskola askotako lanpostuen zerrendetan eta aurreko urtetako egoerarekin parekatzen ez bada ere, gehienetan murriztu dira murrizketak; minus bider minus berdin plus?

2010/05/29

Ez garenean konformatzen


Egoerak gainezka egiten dizu. Beti izan zara baikorra, baina orain ezin duzu. Egunkariak irakurtzen zenituenenean ez zenuen pentsatzen horrek ez zuela bueltarik izango. Albisteak jasotzen zenituenean ez zitzaizun iruditzen ondoren etorriko zena are ilunagoa izango zela. Telebistan agertzen ziren politiko famatuen jarduna entzuten zenuenean ez zenuen sentitzen beti eta erremediorik gabe zuri eta beste herritarrei iruzurretan zebiltzala. Ez zenuen pentsatzen sistema bera porrotera iristen ari zela. Ez zintuzten mintzen lagunen berbaldi autoatseginek.

Ez dakizu zergatik gertatu zaizun orain. Kasik bat-batean.

Akaso, armairuan duzun maleta txikienarik hartu, egun pare bat edo hiru kanpoan pasatzeko eraman dezakezun ekipajearekin fardela egin, eta hor nonbait bakartzeko garaia iritsi zaizu.

2010/05/22

Murrizketak sistema publikoan: zein da nahi dugun eredua?

Eskola publikoan irakasle naiz, beraz funtzionario. Hogeita hamaika urte daramatzat lanean Lehen Hezkuntzan eta horien erdia sistema publikoan. Ez naiz hasiko arrazoiak ematen funtzionariook egiten dugun lanaren kalitateaz. Ez naiz hasiko adierazten ezta ere zertan eta zergatik den ona eta beharrezkoa gizarte osoarentzako hezkuntza eta osasuna eta beste zerbitzu asko publikoak izatea eta, beraz, administrazio publikoan langile ugari egotea.

Baina triste eta haserre egotekoa da gertatzen ari dena. Sekulako erasoa langile jendeari eta gizarte osoari. Eta ematen du ez garela konturatzen. Ezjakintasun handia ikusten ari naiz inguruan. Ezjakintasuna eta errespetu falta. Inoiz ez nioke nik barrerik egingo ERE baten ondorioz gutxiago irabaziko duen langile bati. Ez dut uste horrelakorik inori bururatuko zaionik. Alta, ironiak eta isekak entzun behar izan ditut egun hauetan, funtzionariooi soldata %5a jatsi behar behar digutela jakin denean. Espainian, eta islaz Euskal Autonomi Erkidegoan, beheraka dator funtzionarioen erosketa ahalmena 1980. hamarkadatik mileuristas.com-eko artikulu honetan erakusten den bezala: %49a galdu dugu 1983tik. Eta horri oraingo soldataren jatsiera gehitzea niri edo beste edozeini gertatuta ez zait barregarri iruditzen.

Agian barregarria izango da diru asko dutenentzat. Eskuinekoek (eta kapitalak kontrolatzen dituen hedabideak, Espainiko boteretsuenak tarte) ahalegin handia egin dute emplegu-publikoa eta funtzionarioen lana gutxiesteko, jakina, ez baitute hortik irabazirik ateratzen. Eta lelokerian lelokeri, irakurle eta entzule eta ikusle askok ederki irentsi dute haien gezurra, beste gezur askorekin egin duten bezala. Eta ez dira enteratzen sektore publikoan egiten diren murrizketak noraino doazen gizarte bidezko eta berdintasunezko baten aurka.

Eta ez, ez ditugu funtzionarioak sobera, begiratu bestela ondoko taula jakiteko nolakoa den enplegu publikoaren proportzioa beste estatuetan. Edo irakur ezazue Vicenç Navarrok, Ponpeu Fabra Unibertsitateko katedradunak gaiaz idatzitako artikulua. Zeintzu dira berdindu nahi ditugun gizarteak, Norvegia eta Suedia, edo Hego Korea eta Japonia?




2010/05/05

Bakerako plana

Badira aste batzuk Indarkeriari Legitimazioa Kentzea eta Bizikidetza Demokratikorako planaz, hau da, bake hezkuntzaren plan berriaz idazteko beharra sentitzen dudala. Badira hiru aste behar hori dela eta, arinak eta interes gutxikoak iruditzen zaizkidala blogerako bururatzen zaizkidan beste gaiak. Gai politiko-polemikoa bihurtu da bete-betean eta bat nator Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Kontseiluak Jaurlartitzari egindako kritikarekin «Indarkeriari legitimazioa kentzea terminoaren esanahiak pentsarazi dezake aurretik legitimazio bat izan dela, eta hori ezin zaio hezkuntza sistemari leporatu» esaten duenean.

Gaur goizean jakin dugu Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Konrado Mugertza Euskadiko Eskola Kontseiluko presidentea kargutik kenduko duela, erakunde horrek aipatu planari buruz txosten kritikoa egin duelako.

Oso begirune eskasa izan da "Indarkeriari Legitimazioa Kentzea" izeneko plana aurkezterakoan. Oso begirune gutxi eskola osatzen dugun guztiokin eta batez ere irakasleokin, indarkeriaren hazia eskoletan ereingo balitz bezala aurkeztuz eta eskolak eta irakasleok orain arte ezer egin ez bagenu bezala adieraziz. Eta ez da horrela; etengabeko hausnarketa egiten ari gara aspalditik indarkeriaren -eta bere adierazpen guztien- inguruan eta, bera baino eragile indartsuagoak daudela jakinda ere, eskolak ez du etsitzen duen bokazio hezitzailean. Proposamen asko eta sakontasun maila desberdinekoak jarri dira martxan, baina arlo honetan ezin gara azalean gelditu, Hezkuntza Sailak indarrean jarri nahi duen plan partzial eta alderdikoiarekin azalean gelditu den bezala.

Hori dela eta, hainbeste alderdi ikusten nizkion gaiari, ez nuela asmatzen nondik heldu. Baina, dagoeneko erabaki dut: serio jokatuko dut, ez naiz konformatuko jokabide jakin bat deslegitimatzearekin, hori baita, hain zuzen, gaitzaren sustraietara joan nahi ez, eta adarretan alfer-alferrik gelditzea. Lehengoan, Baketik bake zentroaren Izan proposamena interesgarria bezain sakona ezagutzeko aukera izan nuen eta horixe ardatz moduan hartuta, jorratuko dut gaia blog honetan.

2010/04/22

Facebook

Facebookekoa egin nintzen duela urtebete. Ez dakit ondo zergatik eman nuen izena. Uste dut hau dena hobeto ezagutzeko izan zela. Badakizue, mundu honetan behin hasiz gero, proba egin eta zuzenean ezagutzea egokiena delako. Hasieran, oso urruti zebilen etxeko baten berri izateko etorri zitzaidan ondo. Ondoren, etxekoa gerturatu zenean, interesa galtzen joan nintzen.

Orain, beste gertaera batzuk direla medio, Facebooken murgildu naiz berriro. Eta lagunen eta ezagunen lagun zerrenda luzeak ikusita, kezkatu naiz. Ai, ama! Anakoreta bat bezain bakartia sentitu naiz. Zer egin dut urte luze honetan? Lagun gutxi batzuk besterik ez. Aurpegirik gabeko lagunak, gehienak; lagun erdiak erakundeak. Eta ditudan horiek lehenagokoak ziren. Ez dira etorri sarean barrena, ez dut berririk egiteko gaitasunik izan.

Erabakia hartu dut: profilaren argazkia aldatu eta plazara irtengo naiz. Txikitatik entzun dut sinpatika eta lagunartekoa naizela eta ezin dut jasan horrelako porrot soziala orain.

2010/04/19

80 egunean: filma ederra

Ez naiz zinema-kritikari, bai, ordea, zinemazalea. Kasualitatez iritsi zait 80 egunean ikusteko gonbidapena, lagun baten bidez. Eta lagunarekin zinema-aretora iristerakoan "en petit comité" zela konturatu gara, aurre-estreinaldi edo horrelako zerbait Donostiako udaleko zenbaitentzat. Ez nuen filmaren berri, ez dut ezer irakurri aurretik, ez eta ezertxo ere entzun, lagunak jasotako gonbidapenean zetorren azalpen laburrak piztu zidan jakinmina.

Eta hunkituta atera naiz zinema-aretotik. Ederra iruditu zait, ederra iruditu zaigu aretoan geundenoi. Ederra, goxoa, sakona, arina, tristea
, alaia... Ia etengabe irribarrea ahoan, tarte batzuetan korapiloa eztarrian.

Apirilaren 23an emango dute, 22:30etan Victoria Eugenia antzokian, Donostiako Giza Eskubideen VIII. Zinemaldian eta maiatzean, Euskal Herriko zinema-aretoetan. Nik ez nuke dudarik egingo. Oraintxe bertan hartuko nuke sarrera. Dagoeneko, berriz ikusteko erosi dut.


80 egunean from Moriarti

2010/04/13

Errugabeak




Asko hitz egin eta asko idatzi da Egunkariari buruz. Asko esateko denbora izan da zazpi urte. Asko sufritzeko denbora izan da zazpi urteko denbora Egunkariako errugabeentzat, euskaltzaleontzat, euskaldunontzat, euskararentzat. Asko esan daiteke orain ere absoluzioa erabakitzen duen sententziaz. Dagoeneko, entzun ditugu orain arte isilik zeudenen adierazpenak. Tertulia askotako gaia izango da. Horretara ere (tertulia eta tertulianoetara) ohitu gara herri honetan. Hitz gutxikoak ginela esaten zen lehen, euskaldunak, hitz gutxi eta fidatzeko hitza. Zer gara orain, kanpokoentzat? Noraino egina dago kaltea? “Kaltea jacta est!” idatzi du Anjel Lertxundik. Ez dugu ahaztuko. Baina honek guztiak gure herriarentzat amaiera ona ekarriko badu, berriz ere erasoa alde batera utzi eta aurrera egingo dugu.

2010/03/31

Bihotz bakarra daukagu

Duela hilabete pare bat bihotzekoa eman zion lagun bati. Gaztea da eta bortitz eman bazion ere, ederki osatu zen hartatik. Alta eman behar ziotenean, kardiologoak serio hitz egin zion beste horrelako krisi bat saihesteko. Izaeraz eta osasun-ohituretaz galdetu eta zenbait jokabidez ohartarazi zion.

Laguna zuzena da, langile fina, hitzordu guztietara garaiz iristen dena, iluntzeko orduetan bizilagunak ez gogaitzeko telebistaren bolumena jaisten duena, semaforoa berdez dagoenean soilik igarotzen duten eta hartutako konpromezu guztietan zintzo konplitzen duten horietakoa. Medikuak lagundu nahi dio, bihotza ahal den osasuntsuen zaintzeko jarraibideak eman. Eta aldatzeko eskatu dio: ingurura begiratzeko eta haiek bezala egiteko; axolagabeago izan behar dela esan dio, ez hain puntual, ez hain zuzena, ez hain fina.

Lagun gaixo gizajoak erantzunkizun bikoitza dauka orain. Bere bihotz-gaixotasunaren erruduna da. Nola izan liteke hain zintzo, hain arduratsu? Ez daki nondik hasi: tabernetan pintxo gutxiago ordaindu, zaborraren bereizketa ez egin, errentaren aitorpena datorrela eta gutxiago deklaratu... Orain arte zerbait gaizki egin du eta hemendik aurrera konpondu beharko du. Bihotzarengatik.

2010/03/17

Hitzapasa: hitz-jokoa ikasleentzat

Lehenago ere aipatu ditut (eta zerrendatu) blog honetan, ikasleekin erabil ditzakegun internet jolasak. Oraingoan berri batekin nator: hitzapasa. Maite Goñik euskaraz diseinatutakoa, gaztelaniazko "pasapalabra"-n oinarritua. Joko honen xehetasunak Sustatun bertan azaldu ditu egileak.

2010/03/13

Kezkatuta nago

Kezkatuta nago ez dudalako kontu hau oso ondo ulertzen. Asteazkenean, Eskola 2.0-ko aurkezpenean izan nintzen Bilbon. Hitzaldi batzuk interesgarriak izan ziren, batez ere kanpotik etorritako bi irakasleena: Alfons Cornella eta Fernando García Paezena. Cornellak oinarrizkoaz hitz egin zuen eta García Paezek San Walebonson, bere eskolan, egiten ari diren lana aurkeztu zigun. Batak zein besteak aurkeztutakoa fundamentuzkoa izan zen, lehenengoak alderdi teorikoa eta bigarrenak praktikoa erakutsita.

Baina, han geunden irakasle askok beste zerbaiten zain geunden: Hezkuntza Sailak euskaraz prestatu dituen material didaktikoak ikusi nahi genituen. Horiek aurkeztera Antonio Cara atera zen, programak zioen bezala "Eskola 2.0 Planaren on-line baliabide didaktikoak" ikusiko genituen. Baina aplikazio praktikoak erakutsi behar zizkigunean juxtu, teknologiak huts egin zuen, eta bere horretan utzi behar izan zuen esku-hartzea. EITBko multibox aretotik atera nintzenean nire buruari galdetu nion ea arazo teknologiko horiek ez ote zuten ezkutatu euskarazko baliabide didaktikoen gabezia. Oraindik ikusteko gaude, inondik ere ez dira ageri.

Eskolan galdetu didate ea zer daukagun ikasleekin lanean hasteko: Gmail, Google, Wikipedia, .... Blogger edota Wordpress, Jomla, Picasa, Infarview... Gutxi gorabehera hau guztia hasi baino lehenago genuen gauza bera.


OHARRAK (Post scriptum)
Beste bi kontu dira aipatzekoak. Lehenengoa emakumearen presentzia eskasa. Jardunaldiak bost bat ordu iraun zuen, atsedenerako denbora kenduta, eta horietatik ordu erdia baino gehiago ez zen egon emakume baten esku. Oraingoan ere gizonezkoek esan behar digute gehiengo handia garen 5. mailako irakasle emakumeoi zer eta nola egin behar dugun?

Bigarren kontua, euskararena. Bost ordu horietatik ordu erditxo eskasean baino ez genuen euskara entzun, bi emakumeen ahotan hain zuzen. Eskola 2.0-ko baliabideak azaltzeko eman zizkiguten orriak ere gaztelaniaz daude. Holako eskola, horrelako gizartea nahi du Hezkuntza Sailak? Espainola eta Gizon?

Eltxo bat bisitan

Eltxo bat izan dut bisitan bart. Goizaldeko lo goxo-arinean nengoela burrunba ezagunak esnatu nau. Berehalaxe hasi naiz kalkulatzen non izango ditudan hartaz babesteko erabiltzen ditudan armak. Aurreko udatik ez dut intsektizida elektrikoa erabili behar izan. Gutxienez, espraia; non egongo ote da? Ez naiz gogoratzen. Aurpegia estali dut mantarekin, aurpegian izaten baititut eztenkada dramatikoenak. Ondo tapatuta, zertxobait lasaitu naiz. Ez da posible, elur tenperaturan ez dira eltxoak hazten. Baina seguru nengoen entzundakoaz, eltxo bat zen. Ohekideak -nire mugimendu urduriek esnatuta- ez dela posible esan dit. Izatekotan mutazio bat behar duela izan, ez baita normala garai honetan. Moskito mutante bat lanparatxo gainean jarrita niri begira irudikatu dut orduan. Harrezkero, ezin izan dut lorik egin.

2010/03/09

Azpitituluak euskaraz

Hitz egin dut beste noizbait ere horretaz, zinea jatorrizko bertsioan ikustearen abantailetaz, hain zuzen. Gurea bezalako hizkuntza baten mesederako, zalantzarik gabe. Eta ez bakarrik hori. Zinearen alde egoteaz gain, kanpoko hizkuntzak, entzutearen poderioz, ezagutzeko eta ikasteko bidea baita ere. Horregatik, hona ekarri nahi izan dut azpitituluak.com ekimena eta horri buruz Luistxo Fernandez-ek Zuzeu-n emandako informazioa.

2010/03/01

Burn-out sindromea daukazu?


Gaur jakin dut zer den burn-outa. Higadura profesionalaren sindromea omen da. Estres mota luze bat, pertsonen arteko harreman sakonak eta eskakizun emozional handia duten lanbideetan ematen dena, hala nola, osasun arloko lanetan, hezkuntzakoetan... Wkipediak dio konpesaziorik gabeko ahaleginean aritzeak sortzen duen frustrazioak ekar dezakeela, eta errazago gaixotzen direla oso kalifikatuak eta arduratsuak diren profesionalak, norbanakoaren interesen gainetik lanarekiko konpromezua jartzen dutenak, alegia.

Ezagutzen dut sindromea. Gero eta gehiagotan gertatzen da inguruan. Gero eta arazo handiago eta konponbide zailago duten ikasleekin egiten dugu topo ikasturtez-ikasturte. Irakasleok gero eta gehiagotan eman behar diogu erantzuna umeengan gabeziak sortutako arazo emozional eta horrek dakarren jarrerazkoei. Administrazioak eskaintzen dizkigun baliabideak ez dira ugariago, urriago akaso, eta horren ondoan gero eta gehiagotan jasotzen dugu gure lanaren balorazio eskasa.

Burn-out sindromea, izen ingelesa jarriz gero, dotoreagoa da gaixotasuna. Orain arte gure artean erreta egotea esaten genion. Eta gutako asko errez gero, nork ureztatuko ditu kimutan dauden landare gazteak?

2010/02/26

Inpassean

Hiztegian begiratu dut impasse hitza eta "ez atzera ez aurrera" esan nahi du. Bestela ere erabili izan dut nik, zerbaiten zain nagoela adierazteko, edo hobeto esanda, zerbaiten zain nagoenean sortzen diren esanahirik gabeko tarteak adierazteko: inpassean. Ez dakit hitza ez ote datorren "in pasa" (egin pasa) espresiotik, horrela joaten baitzaizkit orduak egoera horretan nagoenean.

Inpassean egon naiz behin baino gehiagotan. Eta, ingurura begiratuta, ez naiz bakarra batzuetan inpassean egoten naizena, itxaroten dudana iritsi bitartean geratzen den denbora atzerako kontaketa bilakatuz. Horrela egoten gara ere maiteminaren larrienean maiteari adioak egin eta berriz elkartu arteko orduetan. Edo gertatzea nahi duguna gertatuko ote den esperoan, bitxilorea orriuldutzen dugun bitartean. Oraina oso serio bizi behar da inpassearen eskutan ez erortzeko. Eta gizaki gehienok ez gara oraina serio bizitzen espezialistak.

Oraingoan ere horrela nagoela konturatu naiz. Gertatzea nahi dudan hori nahi dudan bezala gertatzeko impasse batean... Eta horretaz jabetu naizenean, balkoiko loreak goxo ureztatzen hasi naiz.

2010/02/20

Ederrak itzala uzten du

Hasita nituen bi sarrera, bat miniordenagailuei buruz eta bestea ikasleen negarrari buruz. Oso diferente biak, baina sortu ziren unean interesgarriak. Une hura joan zen eta ezin bukatu bata, ezin bukatu bestea. Bi aste pasa ditut ordenagailuetatik urruti, garuna elurrez txuritutako mendiz beteta, lehenengoa, eta orain dela bi mila eta bostehun urte eraikitako mirariak begien aurrean, bigarrena. Blog hau bidaia kronikarako tokia balitz, kontakizunez beteko litzateke oraintxe, baina bizi izandakoa pausatzen utziko dut eta kronika gogoeta bilakatuko da.

2010/01/29

Blog gogokoak

Bloga hasi nuenetik jarrita daukat blog kutunen atalean Anjel Lertxundiren bloga eta Kevin Herediarena. Azken hori uztailetik lozorroan dago, zerbait berriren esperoan edo. Andurena, berriz, egunero da interesgarria eta inspirazio iturri. Baina blogen mundu honetan murgildu naizenetik asko eta oso gustukoak ezagutu ditut eta kutunen zerrenda hori motz gelditu da. Horregatik, hemendik aurrera eguneratzen joango naiz eta une bakoitzeko gogokoak izango dira hor azalduko direnak.

2010/01/22

Lotsagorritze ezpatologikoa

Patologiaren esparrura iritsi gabe, lotsagorritzearen beldurrez sortutako saiheste-jokabidea fenomeno ezaguna da. Demagun bizi-esperientziaz dakidala lotsagorritzea zer den eta nire garunak -eta baita gorputzak ere- baduela fenomeno horren oroitzapena. Demagun behin baino gehiagotan gertatu zaidala eta gertatzen zaidanean ez dela atsegina izaten. Era berean gerta dakidake gogoak zuzen lotzen duela lotsagorritzearen ondorio fisiko-kromatikoa egoera zehatz batekin. Eta ondorio hori ez gertatzeko, era inkontzientean saihestu egiten dudala lotsagorritzera eramaten nauen egoera edo gertakari hori.

Demagun nire lotsak gaindituta, auzo-lotsak eragindako lotsagorritzearen fenomenoa gainditu gabe nagoela oraindik. Eta gogoak zuzen lotzen duela lotsagorritzearen ondorio ezatsegina egoera zehatz batekin. Eta ondorio hori ez gertatzeko inkontzienteki saihestu egin dudala lotsagorritzera eramaten nauen gertakaria. Eta halako batean konturatu naizela aste batzuk daramazkidala ETBko albistegiak ikusi gabe.

2010/01/20

Zein da zure aukera?

Gizakiaren jostatzeko joera, egiten ditugun bizi-aukerak edo bizitzan hartzen ditugun bideak, dibertsioa ikaskuntza prozesuan, musikaren indarra kolesterolaren aurkako borrokan, metroa izatearen abantailak, mozart bizirik dago... Oso iradokitzailea iruditu zait Sustaturen bidez ikusi dudan bideo hau. Zein eskailera hartuko zenuke zuk?

2010/01/19

Eskola 2.0: ostiralean arbel digitalak jartzera datoz

Arbelak eta kanoiak jarriko dizkigute ostiralean. Goiz osoa pasa behar omen dute tramankuluak instalatzen bosgarren mailako hiru geletan. Gero eta gertuago dago ordenagailu eramangarrien helduera eta oraindik jarraitzen dugu mega erdiko abiadura duen internet konexioarekin. Eta ez dute hezkuntzarako aplikaziorik sortu ordenagailu horiekin aritzeko. Hauxe da egoera. Gure autonomia-erkidegoa ez da aipatzen, baina nik dakidanez, antzekoa da.

2010/01/18

Egonian


Oso txikitatik irakurzalea den lagun batek kontatu zidan, umetan, errieta egiten ziola amak irakurtzen harrapatzen zuenean. Ez zen, itxuraz, probetxuko zeregina. Nik ere gogoan dut etxean ez zela oso egokitzat jotzen liburu batekin nire baitan bilduta ikustea. Denbora galtzea zen. Ez dakit oso diferente izango zen neska beharrean mutila izan banintz, baina ez noa horretara.

Ez dut uste gure gaztetxoren bat irakurtzen topatuz gero, gaur egun horrelakorik gertatuko litzatekeen, baina ezer egin gabe, alferkeritan, alegia, topatuko bagenu? Bakarrik, ezer egin gabe, ametsetan? Ez litzateke erantzuna izango gure amen antzekoa? Aisiaren kulturan bizi garen arren, ez dugu ondo ikusten ezer egiten ari ez dena. Noraezean ibiltzea ez da egokia. Ezertan pentsatu gabe egotea, plangintzarik gabe, egiten duzunari batere etekinik atera gabe, egonian… ez da egoki ikusten. Lagun artean bazaude, tabernan, terraza batean, edo pasieran, tira. Kirol jardueran bazabiltza, ondo. Bakarrik, ordea, ezer egin gabe, denbora galtzea da.

Baina, ez duzue inoiz pentsatu izpirituaren gelditasun hori gabe, ezinezkoa dela sorkuntza? Nola eta non, bestela, sortu zaizkizue sormen-lan ederrenak?

2010/01/06

Gabonak joan dira eta badatoz...

Ez nizkizuen Eguberri zoriontsuak opatu, ez zintuztedan Urteberrian zoriondu, bietan joan zitzaidan eguna bizitza doakigun bezala, arin eta leun batzutan, astun eta zakarrago bestetan, eta beti etorri eta joan, etenaldirik gabe, bere mugimenduen segidan. Denborak ez dauka erremediorik, erremedio bakarra denboratik at dagoena sumatzea da...

edo datorrena ospatzea!!





badatoz sansebastianak