2010/12/31

Betiko jarririk dago?

La vieja religión del dinero / The old by Heart Industry, on Flickr
Ekonomiaz ez dakigunok noizean behin entzun behar izaten dugu ezer ez dakigula. Egoera ekonomikoaz mintzatzean banaketa beste era batera egin behar dela esaten badugu, errealitatea holakoa dela entzun behar izaten dugu espezialisten ahotik.

Gauzak horrela dira, ez dugu ikusten? ez dugu ulertzen? Berdin du. Hauxe da sinestarazi nahi diguten kredo berria:

Sinisten dut Jainko bat bakarra
Nagusi guztiz ahaltsu, bizimodu guztien egile,
ageri diren eta ez diren guztiena.
Sinisten dut Jaun bat bakarra, Kapitala
Diruaren Seme bakar,
mende guztiak baino lehen Handinahiak sortua.
Neurrigabekeriagandik Jainko,
egiazko Gehiegikeriagandik egiazko Jainko.
Sortua, ez egina,
Bizitzaren izate berekoa.
Haren bidez dira eginak gauza guztiak.
Gu gizonongatik eta gu salbatzeko
jarri zen munduan
eta Aberats ahaltsuen egitez
Banka miragarrian gorputz harturik,
nagusitu zen.
Kapital ahaltsuaren zerbitzuan
gugatik goretsia izan zen,
Ekonomiaren Liburu Santuak esan bezala,
gailurretara igo eta aldakuntzarik gabe
betiko jarririk dago.

Zu ere fede horretakoa zara?

2010/12/22

Hator hator mutil/neska etxera

Gizakiaren muinean dago sinboloak sortzea eta ezingo ginateke hauek gabe bizi. Harremanei indarra eta balioa ematen diete eta gure identitatean sustraitzen dira. Gabonak sinboloez kargatuta etortzen zaizkigu beti, eta sinbolo horien guztien artean, maite ditugunekin elkartzearena da indartsuena.

Gure gizartean Gabonetako eduki erlijiosoa arindu den arren, zaila egiten zaigu jai hauek dakarten emozio edukia ez sentitzea. Nire belaunaldikoek ikusi dugu nola joan den aldatzen eta beste balioez janzten Eguberriaren esanahia. Baina aldatu ez dena, ume garaian bizitzen genuen bezala mantendu den sinboloa, maite ditugunekin elkartzearena da. Eta hori, hain zuzen, poza izan beharrean mina iturri bilakatzen zaigu askotan.

Nik ere sentitzen dut samin hori eta saiatzen naiz urruti daudenen gabeak ekartzen didan atsekabe horretaz babesten. Eta esplikazioak ematen dizkiot neure buruari sinboloak aldatu eta egokitu ditzakegula esanaz. Eta distantzia jartzen dut Gabonetako egunak beste edozein egun bezalakoak direla arrazoituz. Eta kontsolatzen naiz urruti egon arren elkar maitatzea dela merezi duena pentsatuz. Baina halere, abuztuan sentituko ez nukeen haien mira ekiditea ez dut lortzen.

Horregatik, oraingoan zintzo jokatuko dut eta, ezer gertatuko ez balitz bezala egin beharrean, bidea libre utziko diot negar-malko bati, soilik gaur. Eta zuekin topa egingo dut ez daudenengatik, urruti daudenengatik eta, hemen, haien falta dugunongatik.


2010/12/12

Oilo estresatuen arrautzarik ez

Papereko ZuZeu erosi nuen Durangon, bertan azaltzen ziren gai gehienak interesgarriak izango zirela pentsatuz. Azalean zetozen denen artean arrautzak zaintzearena zen gutxien erakartzen ninduena "Zaindu zure arrautzak, maitea" izenburua ez nuelako neure egiten, ez baitut haiekin (arrautzekin, alegia) atxikimendurik sentitzen, supermerkatuan erosi eta zartaginerako bidean, hozkailuan dauden bitarte horretan.

Baina, gainetik begiratzen ari nintzela, artikuluaren lehenengo esaldia irakurri eta Garay jaunak idatzitakoak kontsumitzaile kontzientzia esna arazten zidala sumatu nuen. Testua bukatzeko denborarik hartu gabe, sukaldera joan eta hara non ohartzen naizen halako bilgarri ekologiko-biologiko itxurakoaren barruan, arrautzak ez direla nik espero bezala 0 kategoriakoak, 3-koak baizik. A ze disgustua!

Nire atsekabea txikia zen lagunak izan zuenarekin konparatuta, bion artean bera baita gure elikagaien jatorri naturalarekin jarrera arduratsuena daukana. Ezin zuen jasan, gauzak ahal den ondoen egin nahi eta merkatuaren zabarkeriagatik oilo estresatuen arrautzak jan behar. Haren nahigabearekin bat egin nuen eta, denborarik galdu gabe, dendara joan ginen egoerari aurre egiteko. Kodea ikusi behar genien kosta ahala kosta ditxosozko arrautzei. Apalean zeunden lau markakoak -labelekoak barne- begiratu genituen bati prezintua eta guzti kenduz, parean zegoen harakinaren gaitzespen keinuari jaramonik egin gabe. Eta haietatik bakar batek besterik ez zuen zaintzen guk nahi genuen kalitatea.

Egun badakigu zein arrautzak erosi. Aukeratutako horiek dauzkagu hozkailuan. Eta ez dakit zergatik -akaso horrelako azterketa sakona egitearen ondorioz-, baina arrautzak pixka bat nireagoak sentitzen ditut orain.

2010/12/09

Hitz batzuk Xabier Leteri

Haren doinuak ahapetik kantatzen pasa ditut egun hauek, bere poemen pasarteak gogoan. Eta ezin dut eta ez dut nahi Xabier Letek eman didanaz (eman digunaz) idatzi gabe geratu. Ez diot agur esan nahi hainbestetan piztu dizkidan emozioak eta intuizioak hona ekarri gabe.

"Euskalerri nerea ezin zaitut maite, baina non biziko naiz zugandik aparte" kantatu zuen poetak gure herria -eta hizkuntza- amodio lazgarri horrekin maitatzen lagundu zidan, "O katalunia"ren letrekin gurearen antzeko besteak ere ondoan ditugula ohartzen lagundu zidan bezalaxe.

“Periodikua letzen ilustratzen” ginen garaian, konplizitate irribarrea eragiten zigun “teologiak programa nola bihurtzen ziren” esplikatzen zuen kantari bihurriak.

Une malenkoniatsuetan "desiozko hotzikaran, etsipenaren tamalez, gaua zelatan, kontzientzia bilutsik" sentitzen nintzen hainbatetan harekin batera. Eta harekin batera ere "izaki guztien aldakuntza etengabea dela eta izatetik izatera atsedenik gabeko mugimenduak garamatzala" sumatu nuen noizbait.

Bilakuntza etengabean ibili zen gizonaren ondoan "sinisten dut egun batean hilen naizela, hutsean eroria, ezerezean amildua, hauts bihurtuko naizela". "...eta jauzi eginez izate lurtarretatik infinitoetara, joan zirenetaz mintzo den eresi zorabiatu hori pena batek dirauenean erredimi ezina, (Bachen) musika goiarnastuen dardarrek antzaldatzen” zutenarekin bat egin nahi dut gaur bihotzean.


Xabier,
"Orain badakizu nun zauden
eta zer zeran
eta zer itxoin zenezakeen
egunsenti batetatik."

2010/12/03

Erabaki zuk zeuk zein iruzur nahi duzun

Engainatzen gaituzte, gezurra esaten digute, ziria sartzen digute... eta gu batean edo bestean, inuzente, erori egiten gara.

Krisiak hala eskatzen duelako gastu soziala murriztu beharra dagoela esaten dutenean, engainatzen ari zaizkigu. Badakigu-eta nora bideratu den azken honetan gobernuen diru gehiena.

Zaborraren kudeaketa egokia erraustegietatik pasatzen dela esaten digutenean, iruzur egiten ari zaizkigu. Saiatu al dira hain kutsagarri ez diren beste bide batzuk garatzen?

Trafiko arazoak ekiditeko errepide gehiago behar ditugula esaten dutenean, ziria sartzen ari zaizkigu. Ez al gara ohartzen zein industria motari eta gizarte ereduari egiten zaion mesede?

Telebistako programa bat zaborra izan arren audientziak horrela eskatzen duelako jarri beharra dagoela esaten dutenean, gezurretan ari zaizkigu. Noraino aukera ematen digute zentzu kritikoa bultzatzen duten programa inteligenteak ikusteko?

Diru publiko gutxiago dagoela-eta euskara sustatzen dituzten erakundeei laguntza jaitsi egin behar zaiela esaten dutenean, trapukeriatan ari zaizkigu. Sos batzuk besterik ez dituztelako banatzen beste edozertarako erabiltzen denarekin konparatuz.

Euskararen eguna zalaparta handiz, hainbeste maite dutela aldarrikatuz,ospatzen ari diren honetan ere engainatu nahi gaituzte. Ez dugu gogoratzen atzo artekoa?

Ez dago iruzurgile bakarra, boterea ez duten askok jokatzen dute antzera, eta
zintzotasun falta badago ere, noski, garbiago diruditen beste eremutan.

Kontua zera da: nork engainatua izan nahi duzu? Zuk erabaki.