2010/03/31

Bihotz bakarra daukagu

Duela hilabete pare bat bihotzekoa eman zion lagun bati. Gaztea da eta bortitz eman bazion ere, ederki osatu zen hartatik. Alta eman behar ziotenean, kardiologoak serio hitz egin zion beste horrelako krisi bat saihesteko. Izaeraz eta osasun-ohituretaz galdetu eta zenbait jokabidez ohartarazi zion.

Laguna zuzena da, langile fina, hitzordu guztietara garaiz iristen dena, iluntzeko orduetan bizilagunak ez gogaitzeko telebistaren bolumena jaisten duena, semaforoa berdez dagoenean soilik igarotzen duten eta hartutako konpromezu guztietan zintzo konplitzen duten horietakoa. Medikuak lagundu nahi dio, bihotza ahal den osasuntsuen zaintzeko jarraibideak eman. Eta aldatzeko eskatu dio: ingurura begiratzeko eta haiek bezala egiteko; axolagabeago izan behar dela esan dio, ez hain puntual, ez hain zuzena, ez hain fina.

Lagun gaixo gizajoak erantzunkizun bikoitza dauka orain. Bere bihotz-gaixotasunaren erruduna da. Nola izan liteke hain zintzo, hain arduratsu? Ez daki nondik hasi: tabernetan pintxo gutxiago ordaindu, zaborraren bereizketa ez egin, errentaren aitorpena datorrela eta gutxiago deklaratu... Orain arte zerbait gaizki egin du eta hemendik aurrera konpondu beharko du. Bihotzarengatik.

2010/03/17

Hitzapasa: hitz-jokoa ikasleentzat

Lehenago ere aipatu ditut (eta zerrendatu) blog honetan, ikasleekin erabil ditzakegun internet jolasak. Oraingoan berri batekin nator: hitzapasa. Maite Goñik euskaraz diseinatutakoa, gaztelaniazko "pasapalabra"-n oinarritua. Joko honen xehetasunak Sustatun bertan azaldu ditu egileak.

2010/03/13

Kezkatuta nago

Kezkatuta nago ez dudalako kontu hau oso ondo ulertzen. Asteazkenean, Eskola 2.0-ko aurkezpenean izan nintzen Bilbon. Hitzaldi batzuk interesgarriak izan ziren, batez ere kanpotik etorritako bi irakasleena: Alfons Cornella eta Fernando García Paezena. Cornellak oinarrizkoaz hitz egin zuen eta García Paezek San Walebonson, bere eskolan, egiten ari diren lana aurkeztu zigun. Batak zein besteak aurkeztutakoa fundamentuzkoa izan zen, lehenengoak alderdi teorikoa eta bigarrenak praktikoa erakutsita.

Baina, han geunden irakasle askok beste zerbaiten zain geunden: Hezkuntza Sailak euskaraz prestatu dituen material didaktikoak ikusi nahi genituen. Horiek aurkeztera Antonio Cara atera zen, programak zioen bezala "Eskola 2.0 Planaren on-line baliabide didaktikoak" ikusiko genituen. Baina aplikazio praktikoak erakutsi behar zizkigunean juxtu, teknologiak huts egin zuen, eta bere horretan utzi behar izan zuen esku-hartzea. EITBko multibox aretotik atera nintzenean nire buruari galdetu nion ea arazo teknologiko horiek ez ote zuten ezkutatu euskarazko baliabide didaktikoen gabezia. Oraindik ikusteko gaude, inondik ere ez dira ageri.

Eskolan galdetu didate ea zer daukagun ikasleekin lanean hasteko: Gmail, Google, Wikipedia, .... Blogger edota Wordpress, Jomla, Picasa, Infarview... Gutxi gorabehera hau guztia hasi baino lehenago genuen gauza bera.


OHARRAK (Post scriptum)
Beste bi kontu dira aipatzekoak. Lehenengoa emakumearen presentzia eskasa. Jardunaldiak bost bat ordu iraun zuen, atsedenerako denbora kenduta, eta horietatik ordu erdia baino gehiago ez zen egon emakume baten esku. Oraingoan ere gizonezkoek esan behar digute gehiengo handia garen 5. mailako irakasle emakumeoi zer eta nola egin behar dugun?

Bigarren kontua, euskararena. Bost ordu horietatik ordu erditxo eskasean baino ez genuen euskara entzun, bi emakumeen ahotan hain zuzen. Eskola 2.0-ko baliabideak azaltzeko eman zizkiguten orriak ere gaztelaniaz daude. Holako eskola, horrelako gizartea nahi du Hezkuntza Sailak? Espainola eta Gizon?

Eltxo bat bisitan

Eltxo bat izan dut bisitan bart. Goizaldeko lo goxo-arinean nengoela burrunba ezagunak esnatu nau. Berehalaxe hasi naiz kalkulatzen non izango ditudan hartaz babesteko erabiltzen ditudan armak. Aurreko udatik ez dut intsektizida elektrikoa erabili behar izan. Gutxienez, espraia; non egongo ote da? Ez naiz gogoratzen. Aurpegia estali dut mantarekin, aurpegian izaten baititut eztenkada dramatikoenak. Ondo tapatuta, zertxobait lasaitu naiz. Ez da posible, elur tenperaturan ez dira eltxoak hazten. Baina seguru nengoen entzundakoaz, eltxo bat zen. Ohekideak -nire mugimendu urduriek esnatuta- ez dela posible esan dit. Izatekotan mutazio bat behar duela izan, ez baita normala garai honetan. Moskito mutante bat lanparatxo gainean jarrita niri begira irudikatu dut orduan. Harrezkero, ezin izan dut lorik egin.

2010/03/09

Azpitituluak euskaraz

Hitz egin dut beste noizbait ere horretaz, zinea jatorrizko bertsioan ikustearen abantailetaz, hain zuzen. Gurea bezalako hizkuntza baten mesederako, zalantzarik gabe. Eta ez bakarrik hori. Zinearen alde egoteaz gain, kanpoko hizkuntzak, entzutearen poderioz, ezagutzeko eta ikasteko bidea baita ere. Horregatik, hona ekarri nahi izan dut azpitituluak.com ekimena eta horri buruz Luistxo Fernandez-ek Zuzeu-n emandako informazioa.

2010/03/01

Burn-out sindromea daukazu?


Gaur jakin dut zer den burn-outa. Higadura profesionalaren sindromea omen da. Estres mota luze bat, pertsonen arteko harreman sakonak eta eskakizun emozional handia duten lanbideetan ematen dena, hala nola, osasun arloko lanetan, hezkuntzakoetan... Wkipediak dio konpesaziorik gabeko ahaleginean aritzeak sortzen duen frustrazioak ekar dezakeela, eta errazago gaixotzen direla oso kalifikatuak eta arduratsuak diren profesionalak, norbanakoaren interesen gainetik lanarekiko konpromezua jartzen dutenak, alegia.

Ezagutzen dut sindromea. Gero eta gehiagotan gertatzen da inguruan. Gero eta arazo handiago eta konponbide zailago duten ikasleekin egiten dugu topo ikasturtez-ikasturte. Irakasleok gero eta gehiagotan eman behar diogu erantzuna umeengan gabeziak sortutako arazo emozional eta horrek dakarren jarrerazkoei. Administrazioak eskaintzen dizkigun baliabideak ez dira ugariago, urriago akaso, eta horren ondoan gero eta gehiagotan jasotzen dugu gure lanaren balorazio eskasa.

Burn-out sindromea, izen ingelesa jarriz gero, dotoreagoa da gaixotasuna. Orain arte gure artean erreta egotea esaten genion. Eta gutako asko errez gero, nork ureztatuko ditu kimutan dauden landare gazteak?