2009/10/27

Eskola 2.0: zer da benetan?

Eskola 2.0 zer den adierazten duen aurkezpen hau aurkitu nuen uda honetan eta intesgarria iruditu zitzaidan. Gorde nuen euskarara itzultzeko, baina daukan formatoak itzulpen zuzena galarazten du. Horregatik dagoen bezala jartzea erabaki dut. Adierazgarria da eta, gainera, agerian uzten du maiatzetik hona gai horretaz komunikabide gehienek hitz egin dutenak ez duela zerikusi handirik Eskola 2.0-rekin


View more documents from xarxagavaeduca.

2009/10/25

Eskola 2.0: ordenagailuak

Informatikako gauzetan aditua den lagun batek ikusi eta esku artean eduki ditu 5. mailara datozen ordenagailuak; inpresio txarra hartu du. Materiale merkeenekin eginak direla dio. Edozein netbooka baino dexente lodiagoak eta astunagoak omen dira. Haien kalitatea kontuan izanik egin dituen iragarpenek kezkatu naute. Une batean sentitu dut hobe izango zela eskolara iritsiko ez balira, zeren behin etorrita eta lanean hasita, oso frustantea izan baitaiteke arazo bat bestearen atzetik izatea. Gero pentsatu dut nahiago dudala iratxopenaz itxaron aurrez porrota iguriki baino.

Zergatik izango da ahalegina behin eta berriz eginda ere, ezin naizela fidatu?

2009/10/19

Izena aldatu diot blogari

Izena aldatu diot blogari. Agian ez da egokiena. Akaso hori da inoiz egin beharko ez litzatekeena. Baina egin dut. Eta oso lasai geratu naiz egin ondoren. Nire-nirea delako. Eta munduan ditudan milaka irakurleek aldaketa ulertuko dutela badakidalako. Ulertzea kostatuko zaien gutxi horientzako, lagungarri izan daiteke eskuineko zutabean "zertarako blog hau" atalean jartzen duena irakurtzea (sarrera honetako bukaerako kanta entzuteak ere lagundu dezake).



2009/10/15

Kirmen Uriberenak ez nau harritu


Ez dut irakurri Bilbao New York, Kirmen Uriberen nobela, baina gertu gordeta daukat "Bitartean heldu eskutik" poemarioa. Nobela poema liburuaren neurrikoa bada, ez nau harritzen saria irabazteak.

Beste gauza batek ere ez nau harritu: hedabide batzuek egin duten Patxi Lopezen aipamena. Zenbait egunkarientzat ez dakit zer izan den aipagarriago, Kirmen Uribek lortutakoa ala Patxi lopezek lehengo maiatzean gure poeta irakurri izana. El Correok, Diario Vascok eta ABCk albiste bera argitaratu dute eta bertan Patxi Lopez aipatzen dute, berandu baino lehen bigarren pasartean. El Paisek beste modu batean antolatzen du artikulua, baina testuaren lehenengo paragrafoan azaltzen da Lopez jauna. La Razonek lehenengoan jartzen du.

Ez nau harritu ere ez beste komunikabide batzuetan horrelakorik ez azaltzeak, askori gogora etorriko bazitzaion ere.

Bada, ordea, harritu nauen zerbait, edo zehatzago esateko, bada zerbait atentzioa eman didana: idazle sarituari egin zaizkion elkarrizketetan, bere aurretik sari bera jaso zuten Atxaga eta Elorriaga euskal idazleak gogoratu zaizkionean, Uribek erraz hartu du beretzat Atxagarena eta Obabakoena, baina ez du Elorriagaren aipamenik egin. Nahi gabe izango zen?

2009/10/09

Hau bestelakoa da

Marratzen (Elhuyarren, rayar=marratu) ari naizela konturatu naiz: azkeneko hiru sarrerak gaiaz aldatu gabe, eskola gora eta ordenagailuak bera. Hilabete lanean eta monokromatikoa bihurtuta, hau disgustua!

Baina urriaren 9an, aldarterik onenean, begi-keinu hau urrutira iristea nahi dut; zuretzat, guapo, ezetz dantzan hasi!

24 urte zorionez!! Horrela izan dadila beti

2009/10/08

Batean kale, bestean bale

Gaur bertan erakutsi dituzte Muskizko hiru ikastetxetan, ikasturte honetan 5. mailakoentzat etorriko zaizkigun miniordenagailuak.

Departamentuak antolatu duen formakuntza aztertzerakoan ez naiz baikor azaldu, eta esandakoari eusten diot. Baina materialari eta softwareari dagokionez, ematen du lizitazioa egin zenean baino egokiago izango dela. Ordenagailuek abiatze bikoitza daukate, eta Ubunturekin jarriko dira martxan, euskaraz. Ofimatikarako, OpenOffice erabiliko dute eta irudiak editatzeko GIMP. Ordenagailuekin batera armariotxoa eta gelarako arbel digitala ere aurkeztu dute. Sustatuko lagunak bertan izan dira eta informazio guztia jaso dute.


Batzutan kale, bestean bale

2009/10/07

Eskola 2.0: prozesua martxan


5. mailarako ordenadoreak eta software librea artikuluan agindu bezala, kontatzen hasteko moduan nago, Eskola 2.0 proiektua hasi baita eskoletan.

Iraila hasieran, galdera honekin bukatu nuen "post" hura: "Ordenagailuak... etortzen direnerako, izango ditugu eskolan entxufeak, indar elektrikoa egokia, eramangarriak gordetzeko eta mugitzeko altzairuak, internet-konexio egokia, wifia, eskolako intranetarako laguntza, zaindu eta mantentze lanak egingo dituen profesionala edo barruko irakasle batek behar dituen orduak, lan egiteko baliabide didaktikoak eta irakasleok beharko dugun formakuntza?

Formakuntza proposamena iritsi zaigu: 5. mailako irakasleek (tutoreak, ingeleseko espezialista, PT-a eta IKT koordinatzailea) astean bi ordutan klaseak utzi eta berritzegunetan ikastaroa egitea da eskaintzen zaiguna. Astean bi ordutan beste irakasleren batek eman beharko du tutore horri dagokion arloa, eta hiru lerrotako eskola batean (6 irakasle bina ordu), 12 klase ordu eskolako beste irakasleen esku geratuko dira. 12 ordu jornada lektibo erdia da, beraz Departamentuak gauzak ondo egin izan balitu irakasle erdia jarri beharko zuen eskola handitan eta herena txikietan, ordu horiek txukun ordezkatzeko, EAEn guztira 150 irakasle gutxi gorabehera. Baina ez dute inor bidaliko. Beraz:

* formakuntzaren kostua eskolarentzat:

  1. ikasleentzat, irakasle dantza ikasturte osoan
  2. irakaslentzat, lan pertsonalerako ordu erabilgarriak zuloak betetzeko xahutzea ahal den moduz
  3. zuzendaritza taldeenzat, puzzlea ezin osatu ibiltzea ikasturte hasieratik bukaera arte
* formakuntzaren kostua Hezkuntza Departamentuarentzat: 0 €.

Horrela edonork egiten du "Eskola 2.0" plan bat.

2009/10/05

Eskola 2.0-n software librea

Software librearen gaiak luzerako ematen du. Zaila egiten zait neurtzea gaia berez noraino iristen den, eta nondik hasten diren gaiaren inguruko beste interesak (komertzialak, profesionalak, politikoak, pertsonalak...). Baina hori alde batera utzita, interesgarria iruditzen zaizkit horren inguruan ematen ari diren zenbait urrats. Lehengo larunbatean, bilera bat egin zen Eskola 2.0-n software librearen erabilera sustatzeko eta wiki bat ireki dute (gaztelaniaz, hori bai) proposamenak biltzen joateko. Aztertzen dudanean komentatzen joango naiz. Eta euskarara itzultzen?!