2010/08/23

kamera... ekin!

Udan gauza gutxi ari zitzaizkidan gertatzen eta ezin ZuZeu albistariren U2-ko zozketan parte hartzeko istoriorik idatzi. Pasadizoen eskasia aztertzen hasi nintzenean, arrazoiaz ohartu nintzen: burutzen nituen ekintza guztiak zuhurrak eta ohikoak ziren. Egia da etxe ondoko supermerkatura joateak edota Ondarretako uretan murgiltzeak ekar dezakeela ezusteren bat...

Jarraitu kontakizuna jatorrizko publikazioan:http://zuzeu.com/2010/08/22/kamera-ekin/


2010/08/10

Bizikleta, gogoeta

Bizikletan ibiltzen zarenean asko ikasten duzu.

Asko ikasten duzu geografiaz. Ordura arte autoaren abiadurak lausotuta igarotzen zenituen errepideak, bere osotasunean agertzen zaizkizu orain. Laua zena aldapa bihurtzen da, eta aldapa arina, malda pikoa. Lehen, alboetan ikusten zenituen zuhaitzak, haritzak, pagoak, arteak eta intxaurrak dira gaur, eta ordura arte inora ere eramaten ez zuten bidegurutzeak toki ederretara joateko bideak bilakatu dira. Ustekabean, zure maparen eskala handitu egin da.

Asko ikasten duzu neurriaz. Lehen uste zenuen aldapa luzeenek ez zutela ordu erdia baino gehiago irauten eta, jada, bistakoa da bi ordutik gorakoak direla. Pentsatzen zenuen nekea ahaleginaren amaieran zegoela, baina egun, badakizu nekearen atzetik indarrak jarraitzen duela. Abiada izateko ehun eta hogei baino gehiago behar zenuen, eta sekulakoa da orain hirurogeikoa.

Eta batez ere, asko ikasten duzu gizakiaz. Psikologiazko tratatu bat egin dezakezu atzetik datozen gidarieei esker. Aristotelesek egin zuen giza-izaeren sailkapenarekin gogoratu zara. Eta denen artean nahiago duzuna “birtutetsua” da: xuabe iristen da, distantzia erosoan jartzen da eta zaratarik gabe, elegantziaz kasik, aurreratzen zaitu tarte handia utzita. “Moderatuaren” aurrean ere lasai joaten zara: ez dakizu ondo zuhurtzia edo beldurra den, baina belozidadea gutxitu eta bihurgunea bukatu arte zain egoten da, nahiko txukun aurreratuz. Arazoak ematen dizkizuna “intenperantea” da; ahaztuta zenuen izen hori eta sasikume deitu diozu gaur arte bizikleta gainean zeundenean.

“Biziotsuarekin” daukazu zalantza: zure atzean, popari itsatsita, azeleragailuari eragin eta eragin dabilen hori izango ote da?

2010/08/06

Hobe isiltzea

Galdetu ziotenean zergatik egon zen idatzi gabe 1947tik 1966ra, ezer esateko ez daukagunean hobe dugula isiltzea erantzun zuen Jose Saramagok, bere estilo zorrotzean.

Hori irakurtzerakoan, Espainiako komunikabide gehienetan entzuten diren hitz hutsetaz eta azalekoetaz gogoratu naiz. Irudikatu ditut garrasika eta irainka egiten diren tertulia lotsagarriak ezer ez esateko. Zergatik ez dira isiltzen telebista eta irrati horietako zabor-tertulietako hainbat eta hainbat partaide?

Izango da akaso ezer esateko ez duten horiek -eta gonbidatzen dituztenak- ez direlako beren burmuineko hutsaren kontziente?

2010/08/03

Jakituriaz

Lagun batek noizbait esan zidan jakintsua nintzela. Errepikatu ere errepikatu zuen, birritan edo. Esaten zidanean, erakutsi gabe harrotzen nintzen piska bat, baina aldi berean iruditzen zitzaidan ez dudan jakinduria ikusten zuela berak nigan. Ondorengoetan, komeriak izaten ziren bere begien aurrean jakintsu izaten jarraitzeko; edo, egun batetik bestera nire jakintasun falta bat-batean agertuko zitzaion konbentzimendua.

Hala ere, nik ere uste nuen, orduan, nolabaiteko jakitatera iristen ari nintzela, badakizu, adinak dakarren heldutasuna, bizi-esperientziaz jasotzen duguna, gure bidearen joan-etorri saminek eman diguten ordaina, egin dugun barne-lanaren ondorioa... Baina gero, egunerokoaren eskakizunak medio, sakontasuna galtzea hain da erraza.

Ai ene! Zein azkar eskasten zaigun lortutako ezagutza; giharrek indarra galtzen duten bezala kirol jarduera eteten dugunean!