2010/01/29

Blog gogokoak

Bloga hasi nuenetik jarrita daukat blog kutunen atalean Anjel Lertxundiren bloga eta Kevin Herediarena. Azken hori uztailetik lozorroan dago, zerbait berriren esperoan edo. Andurena, berriz, egunero da interesgarria eta inspirazio iturri. Baina blogen mundu honetan murgildu naizenetik asko eta oso gustukoak ezagutu ditut eta kutunen zerrenda hori motz gelditu da. Horregatik, hemendik aurrera eguneratzen joango naiz eta une bakoitzeko gogokoak izango dira hor azalduko direnak.

2010/01/22

Lotsagorritze ezpatologikoa

Patologiaren esparrura iritsi gabe, lotsagorritzearen beldurrez sortutako saiheste-jokabidea fenomeno ezaguna da. Demagun bizi-esperientziaz dakidala lotsagorritzea zer den eta nire garunak -eta baita gorputzak ere- baduela fenomeno horren oroitzapena. Demagun behin baino gehiagotan gertatu zaidala eta gertatzen zaidanean ez dela atsegina izaten. Era berean gerta dakidake gogoak zuzen lotzen duela lotsagorritzearen ondorio fisiko-kromatikoa egoera zehatz batekin. Eta ondorio hori ez gertatzeko, era inkontzientean saihestu egiten dudala lotsagorritzera eramaten nauen egoera edo gertakari hori.

Demagun nire lotsak gaindituta, auzo-lotsak eragindako lotsagorritzearen fenomenoa gainditu gabe nagoela oraindik. Eta gogoak zuzen lotzen duela lotsagorritzearen ondorio ezatsegina egoera zehatz batekin. Eta ondorio hori ez gertatzeko inkontzienteki saihestu egin dudala lotsagorritzera eramaten nauen gertakaria. Eta halako batean konturatu naizela aste batzuk daramazkidala ETBko albistegiak ikusi gabe.

2010/01/20

Zein da zure aukera?

Gizakiaren jostatzeko joera, egiten ditugun bizi-aukerak edo bizitzan hartzen ditugun bideak, dibertsioa ikaskuntza prozesuan, musikaren indarra kolesterolaren aurkako borrokan, metroa izatearen abantailak, mozart bizirik dago... Oso iradokitzailea iruditu zait Sustaturen bidez ikusi dudan bideo hau. Zein eskailera hartuko zenuke zuk?

2010/01/19

Eskola 2.0: ostiralean arbel digitalak jartzera datoz

Arbelak eta kanoiak jarriko dizkigute ostiralean. Goiz osoa pasa behar omen dute tramankuluak instalatzen bosgarren mailako hiru geletan. Gero eta gertuago dago ordenagailu eramangarrien helduera eta oraindik jarraitzen dugu mega erdiko abiadura duen internet konexioarekin. Eta ez dute hezkuntzarako aplikaziorik sortu ordenagailu horiekin aritzeko. Hauxe da egoera. Gure autonomia-erkidegoa ez da aipatzen, baina nik dakidanez, antzekoa da.

2010/01/18

Egonian


Oso txikitatik irakurzalea den lagun batek kontatu zidan, umetan, errieta egiten ziola amak irakurtzen harrapatzen zuenean. Ez zen, itxuraz, probetxuko zeregina. Nik ere gogoan dut etxean ez zela oso egokitzat jotzen liburu batekin nire baitan bilduta ikustea. Denbora galtzea zen. Ez dakit oso diferente izango zen neska beharrean mutila izan banintz, baina ez noa horretara.

Ez dut uste gure gaztetxoren bat irakurtzen topatuz gero, gaur egun horrelakorik gertatuko litzatekeen, baina ezer egin gabe, alferkeritan, alegia, topatuko bagenu? Bakarrik, ezer egin gabe, ametsetan? Ez litzateke erantzuna izango gure amen antzekoa? Aisiaren kulturan bizi garen arren, ez dugu ondo ikusten ezer egiten ari ez dena. Noraezean ibiltzea ez da egokia. Ezertan pentsatu gabe egotea, plangintzarik gabe, egiten duzunari batere etekinik atera gabe, egonian… ez da egoki ikusten. Lagun artean bazaude, tabernan, terraza batean, edo pasieran, tira. Kirol jardueran bazabiltza, ondo. Bakarrik, ordea, ezer egin gabe, denbora galtzea da.

Baina, ez duzue inoiz pentsatu izpirituaren gelditasun hori gabe, ezinezkoa dela sorkuntza? Nola eta non, bestela, sortu zaizkizue sormen-lan ederrenak?

2010/01/06

Gabonak joan dira eta badatoz...

Ez nizkizuen Eguberri zoriontsuak opatu, ez zintuztedan Urteberrian zoriondu, bietan joan zitzaidan eguna bizitza doakigun bezala, arin eta leun batzutan, astun eta zakarrago bestetan, eta beti etorri eta joan, etenaldirik gabe, bere mugimenduen segidan. Denborak ez dauka erremediorik, erremedio bakarra denboratik at dagoena sumatzea da...

edo datorrena ospatzea!!





badatoz sansebastianak