2009/11/18

Mundua 2012an bukatuko balitz

Mundua 2012an bukatuko dela iragartzen du maien egutegiak. Lehenbiziko aldiz entzuterakoan, ezagutu dituzun beste iragarpen horietako bat dela pentsa dezakezu. Baina han eta hemen irakurtzen hasten bazara, argudio asko aurkituko dituzu behin betiko amaieraren ideia indartzeko.

Ez nuen espero, baina mundua bukatzear zegoela jakingo banu zer egingo nuen pentsatzen ibili naiz egun hauetan eta, konturatu orduko, horretaz jardun dugu lagun artean. Era guztietako proposamenak entzun ditut. Ezagun gehienek azken hilabeteetan ahal den gehien aprobetxatuko luketela esan didate: aurrezkia edo kredituaz baliatuz, aspalditik egin nahi duten bidai zoragarri hori egingo, adibidez. Bada tentagarria! Beste batzuek lana utzi eta, patxadaz, gustuko zaletasunak gozatzeko denbora hartuko lutekela garbi daukate: kirola, mendia, ibilaldiak, irakurri, musika jo, sortze-lanak... Badira ere orain arteko bizimoduarekin jarraitzekoaren aldekoak, hori baita aukeratu dutena; zer esango dut nik, horrelako heldutasunera iritsi dira batzuk.

Zalantzan ibili naiz, ametsetako bidai hori buruan bueltaka. Azkenean, aukera zintzoena azken egunak maite ditudanekin eta maite dudan herrian pasatzea izango litzatekela erabaki dudanean, nolabaiteko egonezina sortu zait ustekabean: EITBn Patxi Lopez munduaren akaberako diskurtsoa ematen irudikatu dut; posible al da! bizitza osoa nazionalistak boterean eta Lopezekin bukatu behar mundua!


2009/11/14

Euskara: nola aurre egin erasoei


Hautsak harrotu ditu Isabel Zelaak eskolaz eta euskaraz esandakoak. Kopeta behar da horrelakoak gorritu gabe esateko, jakinda -seguru dakien bezala- zein den euskararen eta gazteleraren egoera erreala eta jakinda ere bi hizkuntzak parekatzeko modu bakarra diglosian gutxitua dena bereziki sustatzea eta mimatzea dela. Badaki hori guztia sailburuak, baina nik esango nuke euskara bere aurrean desagertzen ikusiko balu ere, ez lukela izango inongo bihotzeko minik.

Zuzeun gai honi buruz Galder Gonzalezek idatzitako artikuluaren iruzkinetan Zelaaren garaia ere pasatuko zela eta pasatzen denean, betiko maixu-maistra serio profesional eta euskaldunen esku geratuko zela gure neska-mutilen heziketa esan nuen.Baina ez da guztiz egia. Ez da egia irakasleen eskuetan dagoela dena, eta ez da egia ere irakasle guztiak euskaldunak direla edo izan nahi dutela. Denok dakigu, gainera, oso zaila dela administrazioaren laguntzarik gabe aurrera egitea euskararen sustatze lanean. Bestalde, ez gara denboran oso urrutira joan behar, “piska bat es mucho” nahikoa zela gogoratzeko. Eta orain gaztelania euskararen mailara iristeko ahalegina egin behar omen dugu.

Ez dakit zenbat ahal izango dugun, baina nik lehenagotik erabaki nuena egiten jarraituko dut eta horretan pelma izateak ez dit lotsarik emango: esparru guztietan euskaraz hitz egiten tematuko naiz. Egingo al dugu?

2009/11/10

Eskola 2.0: egoeraren azterketa

Gustatu zait Ana Perez eta Josean Bueno irakasleek, eskola 2.0 izeneko prozesua dela eta, Hezkuntza Departamentuaren funtzionamenduaz egiten duten azterketa. Berrian argitaratu zuten duela hamar egun eta orain egokitu zait irakurtzea. Artikuluak ondo esplikatzen du irakasleak bizitzen ari garen egoera. Ez dio blog honi berririk ekartzen, baina aurreko sarrera askotan egindako azterketa laburbiltzen du eta interesgarria izan daiteke, batez ere kanpotik ikusten dutenentzat.

2009/11/01

Hipatia, noizbait ikasiko ahal dugu!

Atzo Amenabarren Agora filma ikusi nuen eta gaur jeiki naizenetik filmak ekarritako gaiak darabilzkit buruan.

Hasteko, fanatismoaz pentsatu dut, garai hartako eta gaur eguneko fanatismoaz (kolore bateko edo bestekoa izan, berdin du); eta agintea lortu edota mantendu nahi dutenek taldearen fanatismorako joera sustatzeko erabiltzen dituzten trikimailuetaz.

Ondoren, jakin-minaz hausnartu dut, Hipatiaren jakin-minaz. Pelikulako protagonistaren kasuan ez da kuriositatea, jakin-mina baizik. Kategoria diferentea dute hitz hauek, kuriositatea bortitza edo arina izan daiteke eta bietan da kuriositate. Jakin-minak, berriz, bere izenean darama sentipenaren intentsitatea, jakiteko mina, beharra, desioa. Horixe dario, hain zuzen, pelikulako protagonistari.

Beste gogoeta bat ere piztu zait. Itxarotearen ekintzaz pentsatu dut luze. "Zain egon" eta "itxaron" hitzen artean diferentzia dagoela uste dut nik. Zain egoteak ez dauka "espero izatea"-ren zama bere baitan, eta itxaroteak bai, ordea. Zerbait deskubritzearen atzetik dagoenak emaitza espero du, kasu batzuetan emaitza jakin bat, besteetan erantzuna ekarriko dion emaitza. Bi kasuetan gertatuko denarekiko antsia dago. Zain egoteak, berriz, ez dakar berarekin etorriko denarekiko atxikimendurik, eta edozer onartzeko libertatea ematen du. Hipatiak denbora hartzen du erantzuna ez dakienean, eta gehienetan itxaroten badu ere, zain egoteko gaitasuna erakusten digu beste batzuetan.

Geroago, "agora hipatia" idatzi dut Googlen filmaren protagonisten izenak gogoratu nahi nituelako, eta zer eta betiko eztabaida eta ideia topikoekin egin dut topo: pelikula ateismoaren apologia ote den, kristauak iraintzekoa egin omen du Amenabarrek, bere kristau-fobiaren ondorioa dela ... beti bezala, defentsiban jarrita, beti bezala, nork bere burua zalantzan jartzeko gaitasunik ez.

Zein gutxi aldatu garen hamasei mendetan!!