Erregina batek bi alaba eta seme bat zituen. Hirurak ziren ederrak eta inteligenteak eta beste bertute askoren jabeak.
Erreginak gogoratzen zuen alaba zaharrena jaio zen eguna, nola bete zitzaizkion begiak malkoz umearen begirada bizia lehenengo aldiz ikusi zuenean. Gogoan zeukan ere semea besarkatu zuen estreinako aldia, nola urtu zitzaizkion hitzak hasperen batean haurtxoaren esku leunak ukitu zituenean. Oroitzen zuen halaber alaba gazteena lehenbizikoz laztandu zuen istant liluragarria, nola hautsi zitzaion arnasa eztarrian txikiaren gorputz epela bularren ondoan sentitu zuenean.
Erregina zoriontsu izan zen hirurak osasunean hazten eta jakiturian goratzen ikusten zituen bitartean. Bihotza pozez betetzen zitzaion hiru haurren jolas-algarak etxeko lorategian entzuten zituenean.
Eta poza sentitu zuen ere basoko espiritua etorri zenean alaba zaharrenari bizitzarako hiru erregaliak egitera, aurrera egiteko heldua zela erakusten baitzuen maitagarriaren bisitak. Neskak jaso zituen, eskertu, eta bizitzan bakarrik egin behar zuen bidean abiatu. Handik gutxira, semearen txanda iritsi zenean, azaldu zen mendietako maitagarria eta hari ere eskaini zizkion ibilaldirako hornidura izango ziren hiru opariak. Mutilak eskertu eta dohainak harturik bide berriak urratzera joan zen.
Baina iritsi zen errege eta erregina guztiak atsekabetzen dituen eguna. Alaba gazteenari berebideko urratsak bakarrik egitea egokitu zitzaionean, etorri zen haizeetako aztiak eta esan zion, "Zuri dohain guztiak emango dizkizut aukeran, bide guztiak jarriko dizkizut eskura, eta izango duzu hiru dohain eta bide bat aukeratzeko libertatea. Baina etxetik doan azkenekoa zarenez, zure amak opari bat egingo dizu, opari bakarra".
Erreginak, hunkituta, horrela hitz egin zion, "Ez dizu erraza jarri Eoliako andere miragarriak, libertatean baitago erratzeko egokiera, eta aukeratzeak berarekin dakar-eta nahigabea... Hauxe da, beraz, nire oparia: harro egongo naiz zutaz bizitzaren abagune guztietan, orain artean harro egon naizen bezala, erratu nahiz asmatu, ez baita izango niretzat funtsezkoa zure urratsen helmuga, zu zeu baizik, zu zeu ibilian zoazen artean".
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario