2011/02/27

Katalanekin solasean

Aurreko astean Katalunian izan nintzen, nire etxeko bi han bizi baitira. Biak euskaldunak izanik, katalanez ere mintzatzen dira, bata nahiko ondo eta bestea bertakoen mailan, denbora gehiago pasa duelako han. Bisitak iraun zuen bitartean, lagun katalanekin ibili ginen batzuetan eta egoera hau errepikatu zen: etxeko hirurok euskaraz hitz egiten genion elkarri; bietako edozeinek katalanekin mintzatzen zenean, katalanez egiten zuen; eta, jakina, katalanen artean gauza bera; ordea, nik hangoekin hitz egin behar nuenean gaztelaniaz egiten nuen eta haiek horrela erantzuten zidaten. Gutxitan nahasten ginen, hasieratik horrela jardun genuen eta.

Behin baino gehiagotan ibili naiz han eta pentsa daiteke belarria egina dudala haien berbara, gainera gaztelaniari eta frantses pixka bati esker erro bereko hizkuntzaren soinuak ez dira hain arrotzak, hori egia da. Baina katalan haiek gurera?

Solasaldian geundela, halako batean, erabiltzen ari ginen mintzaira bera elkarrizketa gaia bilakatu zen. Bitxia zen. Bazegoen beste hizkuntza bat denok dena eta guztiz ulertzeko aukera emango ziguna, horretarako gara bada (gutxienez) elebidun; baina aipatu modua hartua genuen elkarrekin egoteko. Niretzako bereziki atsegina zen haiek elkarrekin eta nire bi maiteekin tokiko hizkuntza erabiltzea, nolabaiteko gertutasuna ematen zidan-eta, tartekoa banintza. Baina banekien katalanentzat zailagoa izan behar zuela euskaraz esaten genuena ulertzea. Hori aipatu nuenean, hauxe izan zen baten erantzuna, besteek berretsita: “ez pentsa! elkarrizketaren ildoa jarraitzea erraza da denok badakigulako zertaz ari garen, eta, gainera, zenbait hitz harrapatzen ditugu ere. Eta zerbait ihes egiten zaigunean, imajinazio “mica” bat bat ipini eta asmatzen da gehienetan”.

Gaiarekin bueltaka nabil oraindik. Hemengo errealitatearekin alderatu dut eta ez dut erantzunik. Izango da, akaso, hemen, nire etxe ondoan bizi diren askok batere imajinaziorik ez dutela?

2 comentarios:

  1. politiko batzuen esanetan ez baita hizkuntza ofiziala, zergatik denbora galdu?

    ResponderEliminar
  2. Agian juxtu horretan galdu behar dugu denbora, politiko "horiek" ofizialak ez izatea nahi duten gaietan.

    Hori horrela, laster izango dugu aukera esateko ze politikoak nahi ditugun bakoitzak bere etxean. Eza da oso erraza izaten beti, baina okerrago izango zen aukeratu ahal ez izatea!

    ResponderEliminar