Asko ikasten duzu geografiaz. Ordura arte autoaren abiadurak lausotuta igarotzen zenituen errepideak, bere osotasunean agertzen zaizkizu orain. Laua zena aldapa bihurtzen da, eta aldapa arina, malda pikoa. Lehen, alboetan ikusten zenituen zuhaitzak, haritzak, pagoak, arteak eta intxaurrak dira gaur, eta ordura arte inora ere eramaten ez zuten bidegurutzeak toki ederretara joateko bideak bilakatu dira. Ustekabean, zure maparen eskala handitu egin da.
Asko ikasten duzu neurriaz. Lehen uste zenuen aldapa luzeenek ez zutela ordu erdia baino gehiago irauten eta, jada, bistakoa da bi ordutik gorakoak direla. Pentsatzen zenuen nekea ahaleginaren amaieran zegoela, baina egun, badakizu nekearen atzetik indarrak jarraitzen duela. Abiada izateko ehun eta hogei baino gehiago behar zenuen, eta sekulakoa da orain hirurogeikoa.
Eta batez ere, asko ikasten duzu gizakiaz. Psikologiazko tratatu bat egin dezakezu atzetik datozen gidarieei esker. Aristotelesek egin zuen giza-izaeren sailkapenarekin gogoratu zara. Eta denen artean nahiago duzuna “birtutetsua” da: xuabe iristen da, distantzia erosoan jartzen da eta zaratarik gabe, elegantziaz kasik, aurreratzen zaitu tarte handia utzita. “Moderatuaren” aurrean ere lasai joaten zara: ez dakizu ondo zuhurtzia edo beldurra den, baina belozidadea gutxitu eta bihurgunea bukatu arte zain egoten da, nahiko txukun aurreratuz. Arazoak ematen dizkizuna “intenperantea” da; ahaztuta zenuen izen hori eta sasikume deitu diozu gaur arte bizikleta gainean zeundenean.
“Biziotsuarekin” daukazu zalantza: zure atzean, popari itsatsita, azeleragailuari eragin eta eragin dabilen hori izango ote da?
No hay comentarios:
Publicar un comentario