2009/07/23
2009/07/20
Euskaraz lan ta lan
Behin baino gehiagotan aurkeztu ditut euskara sustatzeko sarean aurkitu ditudan laguntzak. Lantalan.com da horietako bat. Blog horretan, bertako aurkezpenean dioen bezala, "lan munduan euskara gehiago erabili nahi duten pertsonei, enpresei eta bestelako erakundeei..." laguntza ematen zaie.
Interesgarriena, eskaintzen dituen baliabideak eta tresnak, hala nola, agiri-ereduak, euskarazko softwarea, zuzentzaile ortografikoak...
2005 urtean sortua da eta ibilbide serioa egin du euskara esparru guztietan erabilia izan dadin. Irakurtzea merezi du gai horri buruz argitaratutako hausnarketa: Euskaraz bizi al gaitezke?
2009/07/18
Ezin izan arin
Jaki arinak agindu nizkizuen baina serio segitu dut han eta hemen begiratzen eta konparatzen eta ikertzen, datorren ikasturtean ikasleekin web 2.0n lanean jartzeko. Serioa dena beti serio. Ikerketa horretan hamarnaka, ehundaka, milaka informazio eta argibide topatu dut, eta dena batera aurkeztea ezinezkoa eta kalterako izango zatekeenez, piskanaka adierazten joango naiz. Hasteko, hara hemen ganorazko bi eskema Txomin Villarroelek eginda.
web 2.0 eta irakaskuntza
tresnak web 2.0
2009/07/15
Gogo-jardunak
Goizean, eguzkia laino artetik atera baino lehen, inguruko blogetan barrena egin dut paseoa eta blog eraginkorra sortzeko 7 aholku izenburuko sarrera topatu dut lantalan.com blogean. Zazpi aholku horiek poliki irakurri ditut esku artean dudan nere blogatxo jaioberria gogoan izanik: helburuak ondo zehaztuta ditut? ondo argitu dut norentzat ari naizen? bilatu al dut nire komunitatea? harpidetza errazten al dut? blogosferan parte hartzen dut era egokian? nahiko animatu al ditut besteak idatzi dezaten? eta barne indarguneak probestu?
Ai ene! Hamar manamenduei begira kontzientziako etsamina egiten nuenean bezala, pekatari aurkitu naiz. Bloggergoikoak barka nazala!
2009/07/08
Udan oporrak?
Bloga hasi nuenean zalantza izan nuen zertaz idatzi, zertara bideratu: irteera emango nion idazle zaletasunari libreki iritzia adieraziz, edo irakasle naizen aldetik eskolan egiten duguna izango nuen gogoan? Gehiegi hausnartu gabe jarri nintzen lanean eta noizbait ikasleekin lan hau praktikara eramateko asmotan, bigarren bidea hartu nuen.
Blogean idazten aritu naizen bost hilabete hauetan konturatu naiz -hasieran garbi erabaki ez banuen ere- bi helburu izan ditudala gogoan: Batetik, blog bat egiten ikastea: forma eman, sarrerak egin, argazkiak aurkeztu, loturak jarri, bideoak sartu, dokumentuak erantsi... ondoren eskolan aplikatzeko. Eta bestetik, IKT lanerako baliagarri diren tresnak eta ideiak eta gogoetak ekartzea, bai ikasleekin martxan jartzen naizenean erabiltzeko, bai bloga jarraitzen duenak laguntza hori izateko.
Orain, uda iritsi dela eta, oporralditxo bat hartzeko ideia etorri zait burura; baina ezin txoko honi adio esan, ez dakit zergatik baina ama-senak esaten dit jaioberriari ezin zaiola janik gabe denbora luzean utzi.
Beraz, erabaki dut elikatzen jarraitzea, baina udako beroari aurre egiteko janari arinagoak ekarriko dizkiodala. Laster arte.
2009/07/06
Beste sare sozial bat sortu da
Aurrekoan aurkeztu nuen zugaz.com, Goienak gaztetxoentzat sortutako sare soziala. Orain beste sare bat aurkeztera nator: zulozale.com. Gaztezulo aldizkari digitalak sortutako zulo berezi horretan, gazteek jendea ezagutu, iritzi eta afizioak partekatu... beste sare sozialetan egiten direnak egin ditzakete. Are geihago, Facebook eta bera bezalako sareekin sortzen zaizkigun zalantzen aurrean (nork kontrolatzen dituen, nork kontrolatzen gaituen...), gure sare txikiago hauek erabiltzea izan daiteke irteera.
Profila sortu, esaldiak bota, argazkiak igo.... eta gazteen sare sozial euskaldunean sartuko zara.
Suscribirse a:
Entradas (Atom)