Facebookekoa egin nintzen duela urtebete. Ez dakit ondo zergatik eman nuen izena. Uste dut hau dena hobeto ezagutzeko izan zela. Badakizue, mundu honetan behin hasiz gero, proba egin eta zuzenean ezagutzea egokiena delako. Hasieran, oso urruti zebilen etxeko baten berri izateko etorri zitzaidan ondo. Ondoren, etxekoa gerturatu zenean, interesa galtzen joan nintzen.
Orain, beste gertaera batzuk direla medio, Facebooken murgildu naiz berriro. Eta lagunen eta ezagunen lagun zerrenda luzeak ikusita, kezkatu naiz. Ai, ama! Anakoreta bat bezain bakartia sentitu naiz. Zer egin dut urte luze honetan? Lagun gutxi batzuk besterik ez. Aurpegirik gabeko lagunak, gehienak; lagun erdiak erakundeak. Eta ditudan horiek lehenagokoak ziren. Ez dira etorri sarean barrena, ez dut berririk egiteko gaitasunik izan.
Erabakia hartu dut: profilaren argazkia aldatu eta plazara irtengo naiz. Txikitatik entzun dut sinpatika eta lagunartekoa naizela eta ezin dut jasan horrelako porrot soziala orain.
Ez naiz zinema-kritikari, bai, ordea, zinemazalea. Kasualitatez iritsi zait 80 egunean ikusteko gonbidapena, lagun baten bidez. Eta lagunarekin zinema-aretora iristerakoan "en petit comité" zela konturatu gara, aurre-estreinaldi edo horrelako zerbait Donostiako udaleko zenbaitentzat. Ez nuen filmaren berri, ez dut ezer irakurri aurretik, ez eta ezertxo ere entzun, lagunak jasotako gonbidapenean zetorren azalpen laburrak piztu zidan jakinmina.
Eta hunkituta atera naiz zinema-aretotik. Ederra iruditu zait, ederra iruditu zaigu aretoan geundenoi. Ederra, goxoa, sakona, arina, tristea, alaia... Ia etengabe irribarrea ahoan, tarte batzuetan korapiloa eztarrian.
Apirilaren 23an emango dute, 22:30etan Victoria Eugenia antzokian, Donostiako Giza Eskubideen VIII. Zinemaldian eta maiatzean, Euskal Herriko zinema-aretoetan. Nik ez nuke dudarik egingo. Oraintxe bertan hartuko nuke sarrera. Dagoeneko, berriz ikusteko erosi dut.
Blog hau eskolako IKT jardueran laguntza izateko sortu zen eta horrela izan zen lehenengo hilabetetan. Piskanaka, ordea, beste norabide bat hartzen joan zen eta gero eta toki gehiago hartu zuten bestelako gaiek. Orain, beste era antolaketa bat dagokio.