Hitzik ez
eranskinaOso serio jarri naiz aurrekoan; hobeto pentsatuta, Gabonak hau ere badira!
Atzo Amenabarren Agora filma ikusi nuen eta gaur jeiki naizenetik filmak ekarritako gaiak darabilzkit buruan.
Lanera bueltatzeko bezperan, bihartik aurrera etorriko zaigunaz pentsatzen hasten naiz nahi gabe. Kezka uxatu nahian, nire buruari esaten diot gaurko eguna aprobetxatu behar dudala "bizi gaitezen orain, orainean, utz dezagun alde batera biharkoa, etorriko zaigu-eta dagokionean". Baina, ahaztea lortu dudala uste dudanean, berriz etortzen zait gogora ikasturte berria.
Ez da lan makala tokatzen zaiguna. Ia uda osoan entzuten jardun dugu hezitzaileok egin behar duguna. Entzun genion Ricardo Blazquezi zein hezkuntza ote den terroristen belaunaldien arteko erreleboa bermatzen duena galdezka, eta eskolak egin behar duenaz mintzatzen. Entzun genion Bernardo Atxagari ere, herioatzaren inguruko heziketa gomendatzen. Entzun diogu duela gutxi Bernabe Tiernori, EHUko udako ikastaroetan, erlajazioa eta meditazioa irakatsi beharko genukeela ikasleen zoriona eta oreka lortzeko. Ez dira egun asko pasatzen adituren batek gure haur eta gazteen heziketaz adierazpenak egin gabe.
Baina, ez zaizue iruditzen eskola dela, hain zuzen, aho guztiek aldarrikatzen eta eskatzen dituzten balioak lantzen dituen erakunde bakarra? Begira dezagun kalea, begiratu inguru gertukoa eta urrutiagoa, entzun dezagun helduen arteko elkarrizketetan azaltzen diren interesak eta lehentasunak, begira ditzagun telebista gehienek eskaintzen dizkiguten irudiak, iragarki zein programetan, begira dezagun… eta azter dezagun zer den haur eta gazteen heziketan gehien eragiten duena. Ematen du gizarte osoa kezkatzen dela balioen gaiarekin, baina oso bakarrik sentitzen gara maisu-maistrak ahalegin horretan.
Ordu batzuk pasa ditut kezka burutik ezin kendu. Ardura handia da irakasleok daukaguna. Baina halako batean lasaitu naiz. Bejoindeigula! Isabel Zelaak 5. mailako ikasleentzat bidaliko dizkigun ordenagailuekin lortuko dugu!
Egunkari frantziarrek aho batez aldarrikatu zuten une honetan bertan duten jaiotza-tasa Europako handiena dela:
"Avec un taux record de près de 2,07 enfants par femme, la France assure maintenant le renouvellement de ses générations, comme jamais depuis trente ans". "Les Français (…) prouvent ainsi leur capacité à se projeter positivement dans l’avenir, malgré un contexte de crise"
Agintarien adierazpen triunfalistak alde batera utzita, hausnarketara ekartzen du gai honek. Batez ere mugaren alde honetan gertatzen denarekin konparatzen badugu. Uda hasieran Ane Bustinduik EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan esandakoaren harian «Ez gaude nahikoa jende kotizazioari eusteko»
Atzokoan ez nuen hori aipatu, baina zaila izan behar du elegante zahartzea xoxik gabe poltsikoan. Nork dio Baionan ez ote naizen erroldatuko jubilatu baino lehen?

Hasieratik harrapatu nau liburuak. Idatzita dagoen eragatik eta liburu beraren sarrerako epilogoagatik: Daniel Pennac ikasle txarra izan zen, kalamidade bat, eta oraindik gaur egun ezin du bere ama zaharrak semearen kezka gainetik kendu: "Noizbait lortuko duela uste duzu?".
Kapitulu laburretan antolatuta, bere esperientziatik kontatuta, umorez serio idatzita,  samurtasunez gordin jaulkita, sakontasunez arin azalduta... irribarrea sortzen du bihotzean.
Eskolaren inguruan azterketa garrantzitsuak egiten ditu Pennac-ek: "Masa-kontsumoa eskolara oldarka sartu zenean, umeak eta gurasoak bezero eta kontsumitzaile bilakatu ziren. Eta eskolak ez du ezer saltzeko. Jakintza ematen du, beharrezkoa den zerbait, baina gutxitan desiratzen dena". Edota "Eskola biolentzia guztien lekua da. Irakastea biolentoa da, bestea behartzea da. Ekintza iniziatiko oro biolentoa da!"
Interesgarria irakasleontzat, batez ere orain, eskolara bueltatzeko gertu gaudenean eta irakasteko eta hezitzeko indarberrituta itzuli behar dugunean. Interesgarria gurasoentzat, beti ere barrura begira irakurtzeko gai badira/bagara. Eta interesgarria hezkuntzaren diseinua egiten dutenentzat, berrikuntza guztietan ikasi arazten dizkiguten hitz potolo berri horiek irakasle ona izateko zein inportantzi txikia duten kontura daitezen.

Euskara baliabideen artean euskalbar da erabilienetako bat. Interneten nabigatzeko Firefox erabiltzen duenak euskalbar jarri dezake nabigatzailean. Oso erraza da, lotura honetan aurkituko duzue: euskalbar.eu