2009/08/31

Heziketa denen ahotan. Denen ardura?

Lanera bueltatzeko bezperan, bihartik aurrera etorriko zaigunaz pentsatzen hasten naiz nahi gabe. Kezka uxatu nahian, nire buruari esaten diot gaurko eguna aprobetxatu behar dudala "bizi gaitezen orain, orainean, utz dezagun alde batera biharkoa, etorriko zaigu-eta dagokionean". Baina, ahaztea lortu dudala uste dudanean, berriz etortzen zait gogora ikasturte berria. Ez da lan makala tokatzen zaiguna. Ia uda osoan entzuten jardun dugu hezitzaileok egin behar duguna. Entzun genion Ricardo Blazquezi zein hezkuntza ote den terroristen belaunaldien arteko erreleboa bermatzen duena galdezka, eta eskolak egin behar duenaz mintzatzen. Entzun genion Bernardo Atxagari ere, herioatzaren inguruko heziketa gomendatzen. Entzun diogu duela gutxi Bernabe Tiernori, EHUko udako ikastaroetan, erlajazioa eta meditazioa irakatsi beharko genukeela ikasleen zoriona eta oreka lortzeko. Ez dira egun asko pasatzen adituren batek gure haur eta gazteen heziketaz adierazpenak egin gabe. Baina, ez zaizue iruditzen eskola dela, hain zuzen, aho guztiek aldarrikatzen eta eskatzen dituzten balioak lantzen dituen erakunde bakarra? Begira dezagun kalea, begiratu inguru gertukoa eta urrutiagoa, entzun dezagun helduen arteko elkarrizketetan azaltzen diren interesak eta lehentasunak, begira ditzagun telebista gehienek eskaintzen dizkiguten irudiak, iragarki zein programetan, begira dezagun… eta azter dezagun zer den haur eta gazteen heziketan gehien eragiten duena. Ematen du gizarte osoa kezkatzen dela balioen gaiarekin, baina oso bakarrik sentitzen gara maisu-maistrak ahalegin horretan. Ordu batzuk pasa ditut kezka burutik ezin kendu. Ardura handia da irakasleok daukaguna. Baina halako batean lasaitu naiz. Bejoindeigula! Isabel Zelaak 5. mailako ikasleentzat bidaliko dizkigun ordenagailuekin lortuko dugu!

2009/08/27

Software librearen alde

Ordiziako Jakintza ikastolak emandako aurrerapausoa aipatzekoa da. Duela urte batzuetatik IKTen esparruan aintzindari dira, eta oraingoan ere horrela izan da: software askearen aldeko apostu erabatekoa egin dute, eta hemendik aurrera Windows alde batera utzita, Gnu-Linux oinarria duen Ubuntu izango da ikastetxeko ordenagailuetako sistema eragilea. Erabaki horrekin batera Windows-ekin erabili daitezkeen software libreko aplikazio garrantzitsuenen gida jarri dute ikastolako webgunean. Hor azaltzen diren aplikazio asko aipatu izan ditut lehenago eta blog honetako baliabideen artean aurki ditzakezue. Beste batzuk, ordea, frogatzeko ditut, eta ezagutzen ditudan heinean, linkak jartzen joango naiz.

2009/08/25

Zahartzarotik jaiotzara

Azkeneko sarreran irakurritako erantzun batek pentsa arazi dit oporretakodenborapasa gaia ez ote den astunegia bihurtzen ari. Zahartzaroa astuna da, bai horixe, urteek pisurik ez dutela esaten diguten arren. Askoz arinago da, ordea, Frantziako atzoko prentsan argitaratu zen gaia: jaioberriena, hain zuzen. Egunkari frantziarrek aho batez aldarrikatu zuten une honetan bertan duten jaiotza-tasa Europako handiena dela: "Avec un taux record de près de 2,07 enfants par femme, la France assure maintenant le renouvellement de ses générations, comme jamais depuis trente ans". "Les Français (…) prouvent ainsi leur capacité à se projeter positivement dans l’avenir, malgré un contexte de crise" Agintarien adierazpen triunfalistak alde batera utzita, hausnarketara ekartzen du gai honek. Batez ere mugaren alde honetan gertatzen denarekin konparatzen badugu. Uda hasieran Ane Bustinduik EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan esandakoaren harian «Ez gaude nahikoa jende kotizazioari eusteko» Atzokoan ez nuen hori aipatu, baina zaila izan behar du elegante zahartzea xoxik gabe poltsikoan. Nork dio Baionan ez ote naizen erroldatuko jubilatu baino lehen?

2009/08/24

Zahartzearen gogoetarekin jarraitzeko



Elegantziaz zahartu sarreraren jarraipena. Bestearen atzetik irakurri behar da.



Arestian idatzi nuen elegantziaz zahartzeko egin zitekeenaz, eta ezin kontua bukatutzat eman gogoeta gehiago ekarri gabe. Badakit gaia luzea izan daitekela, liburu baterako ere emango luke horretan jarriz gero, eta zahartu arte idazten jardun beharko nuke agian, oso poliki egiten baitut. Horregatik, sakontzearena adituentzat utzita, hasitakoarekin labur jarraituko dut.

Egin behar ez direnak apuntatzearena eta ohitura onak sendotzearen ekintzak erabat baztertu gabe, hirugarren bidea jorratzearena ikusten dut egokiena. Baina, aurretik nire buruari galdetu beharrean nago. Zer da elegantziaz zahartzea? Elegantziaz bizitzearen ondorioa, akaso? Hasi beharko nuke definitzen zer den elegantziaz bizitzea? Honek ere luze joko luke.

Ez dut uste zahartzaroan gure ohiko jarrerak erraz aldatu ditzakegunik, bapateko transformazio miragarri bat ematen ez bada behintzak. Beraz, hilkor xumeontzat, niretzat, elegantziaz zahartzea koherentziaz zahartzea izango litzateke. Ordura arte izan dugun bizitzarekin bat datorren bizitza, alegia. Besteei entzuten jakin badugu, gauza berriekiko jakinmina izan badugu, egoera berriei adaptatzeko gai izan bagara, gure gorputza eten gabe zahartzeak dakarrena onartzen badugu, beldurrari aurrez aurre begiratzen badiogu... une honetan dugun edadean orainean presente baldin bagaude, eta hori guztia azalekoa izan beharrean bihotz barnean gertatzen bada, baliteke zahartzean ere horrela izatea. Amen

Ezer ez dago bermatuta, hala ere.

2009/08/20

Chagrin d´école

Liburu eder bat irakurri dut: Daniel Pennac-en azken liburua, "Chagrin d´école". Gustura irakurri nuen duela zortzi bat urte "Comme un roman". Harekin adina disfrutatu dut orain. Izenburuak jatorrizkoan jarri ditut, frantzesez, baina gaztelaniaz irakurri behar izan dut nik, alegia, "Mal de escuela". Hasieratik harrapatu nau liburuak. Idatzita dagoen eragatik eta liburu beraren sarrerako epilogoagatik: Daniel Pennac ikasle txarra izan zen, kalamidade bat, eta oraindik gaur egun ezin du bere ama zaharrak semearen kezka gainetik kendu: "Noizbait lortuko duela uste duzu?". Kapitulu laburretan antolatuta, bere esperientziatik kontatuta, umorez serio idatzita, samurtasunez gordin jaulkita, sakontasunez arin azalduta... irribarrea sortzen du bihotzean. Eskolaren inguruan azterketa garrantzitsuak egiten ditu Pennac-ek: "Masa-kontsumoa eskolara oldarka sartu zenean, umeak eta gurasoak bezero eta kontsumitzaile bilakatu ziren. Eta eskolak ez du ezer saltzeko. Jakintza ematen du, beharrezkoa den zerbait, baina gutxitan desiratzen dena". Edota "Eskola biolentzia guztien lekua da. Irakastea biolentoa da, bestea behartzea da. Ekintza iniziatiko oro biolentoa da!" Interesgarria irakasleontzat, batez ere orain, eskolara bueltatzeko gertu gaudenean eta irakasteko eta hezitzeko indarberrituta itzuli behar dugunean. Interesgarria gurasoentzat, beti ere barrura begira irakurtzeko gai badira/bagara. Eta interesgarria hezkuntzaren diseinua egiten dutenentzat, berrikuntza guztietan ikasi arazten dizkiguten hitz potolo berri horiek irakasle ona izateko zein inportantzi txikia duten kontura daitezen.

2009/08/17

LHrako ordenagailuek bi sistema eragile (eranskinarekin)

Azkeneko albistea izan da: ikastetxeetara datozen ordenagailuek Windows XP instalatuta ekarriko dute, baina sistema librearekin erabili ahal izango ditugu. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak argitu du abiatze bikoitza izango dutela gailuek.

Software librea erabili ahal izango dugu ordenagailu horietan, baina hori ikastetxe bakoitzak erabaki beharko du. Eusko Jaurlaritzak dagoeneko erabaki du: 2.200.000 euro (gutxienez) ordainduko dizkio Microsoft-i, Windows eta Office paketeen truke.

Gehiago jakiteko berrian irakurri dezakezu.

eranskina
Gai honi buruz argibide batzuk aurkitu ditut Sustatun. Oso interesgarriak. Ezingo nuke garbiago azaldu.

2009/08/10

Ordenagailuak horrela eta orain?

Maiatzaren 12an iragarri zuen Jose Luis Rodriguez Zapaterok, "Escuela 2.0" planaren barruan, ordenagailuen kontu hau. Garai hartan ere autoa erosteko laguntzak eman ziren, kontsumoa bultzatzeko helburuarekin, eta mota bereko neurria ote den aipatu izan da askotan.

Ondoren, Isabel Zelaak berretsi zuen albistea: EAEk Zapateroren erabakiarekin bat egingo zuen. Kargua hartu eta hiru astera. "begira nola berritzen den hezkuntza orain sozialistek hartu dugunean...".

Eta beldur naiz hartutako neurri hori horretan soilik geratzea. Susmoa dut dagozkigun 69 ordenagailu horiekin batera, ez dela etorriko haiek martxan jartzeko behar den azpiegitura teknikoa (entxufeak, indar elektrikoa egokitzea, gordetzeko eta mugitzeko altzairuak...). Ezta azpiegitura teknologikoa ere (internet-konexio egokia, eskolako intranetarako laguntza...). Are gutxiago ordenagailuak kudeatzeko baliabideak (zaindu eta mantentze-lanak egingo dituen profesionala edo barruko irakasle batena ahalbideratzea...). Eta zer esanik ez, ordenagailu horiekin lan egiteko baliabide didaktikoak eta irakasleok beharko dugun formakuntza.

Iruditzen zait gure agintariek neurria aldarrikatzean lortu duten publizitatearekin nahikoa dutela; alegia, horretako erabaki dutela horrela eta orain.

Asko poztuko nintzateke horrela ez balitz. Zain nago.

2009/08/08

LH5. mailakoentzat ordenadore bana

Gustura nengoen bada baserriko isiltasunean murgilduta... baina akabo giroa! Hezkuntza Sailak lehiaketara atera berri du 20.000 miniordenagailuen erosketa. Irailaren 8an bukatzen da aurkezteko epea. Hauteskunde garaian Patxi Lopezek egin zuen software librearen aldeko aldarrikapena ezer-ezean geratu da, ordenadoreak derrigorrez Microsoft Windows eramango dute eta. Txukun adierazi ditu datu guztiak Sustatuk, Windowspekoak LH5 ikasleentzako miniordenagailuak albistean.


Hori da hiru aste barru hasiko den ikasturtean datorkiguna: 5. mailako ikasle bakoitzeko (edo bakoitzarentat?) netbook bat. Azken hilabete hauetan han eta hemen irakurri dut dezente gai horretaz eta proposamen gutxi ikusi ditut. Horregatik, piskanaka joango naiz gaia jorratzen, alderdi asko ikusten baitizkiot. Lehenengoz, hausnarketa: zer lortu nahi dute agintariek erabaki horreekin? zergatik etorri zaigu kontu hau horrela eta orain?

2009/08/03

Igartubeiti, zoaz eta aditu

Opor masiboen garaian etxetik urrun bilatzen ditugu ikustekoak, baina urrutira joan gabe, Gipuzkoa txikiaren bihotzean, museo hunkigarri bat dago: Igartubeiti Baserri Museoa. Urrian, sagardoaren astean joanez gero, jaiaz goza dezakezu. Baina, ez ezazu dudarik egin, beste inorekin topo egiteko aukera gutxien dagoen garaian joan zaitez. Zoaz orain, laster, edozein goiz lanbrotsuan, edo argian. Eta hantxe, bere magalean zaudela, isiltasunean, azken laurehun urtetako historiaz galde iezaiozu eta aditu. Jasandako ekaitzak, euriteak eta lehorteak. Pairatu dituen eskasiak eta oparoak. Entzun dituen negarrak eta barreak. Jakin dituen beldurrak eta kemenak. Gure herriak lau mende hauetan bizi izan dituen gatazkak. Inguruan entzun diren eztandak eta tiroak. Galdeiozu gerraz eta bakeaz. Zapalketaz eta askatasunaz. Oinazeaz. Etsipenaz. Galdeiozu gau luzeaz, eta beti iristen den egunsentiaz. Eta aditu.